Enpresak

CAFek ez du baieztatu ITP erosteko hautagaia denik

'Cinco Dias' egunkariak dio Gipuzkoako enpresa industria bazkide baten bila dabilela Bizkaiko aeronautika konpainia erosteko.

CAFen bulegoak, Beasainen. CAF
Iker Aranburu.
2021eko maiatzaren 3a
11:24
Entzun

ITP Aeroren salmentan aktore berri bat agertu da: CAF. Cinco Dias Madrilgo egunkari ekonomikoak ziurtatu du Beasaingo trengilea «aztertzen» ari dela ITP erosteko eskaintza egitea. Beste bazkide baten bila legoke, «beste industria espresa espainiar baten bila», eskaintza bat aurkeztu aurretik.

Berria-k CAFeko iturri ofizialekin hitz egin du, baina ez diote informazioa baieztatu ezta gezurtatu ere, albistearen jatorria haiek ez direla argudiatuta. Gainera, ziurtatu dute ez dakitela nor izan daitekeen iturria.

Industria aeronautikoan sartzea urrats handia izango litzateke CAFentzat, orain arte ez baita arlo horretan aritu. Egia da, ordea, azken urteetan bere negozioa dibertsifikatzen aritu dela. Lehenik, Vectia enpresa sortu zuen autobus elektrikoak egiteko, eta 2018an arlo horren aldeko apustua biderkatu zuen, Europako liderra erosita, Poloniako Solaris. Apustua ongi atera zaiola dirudi, Solarisek egin baitzituen taldearen kontratazio berrien heren bat: 713 milioi autobusetan, eta 1.410 milioi trenetan.

Tren sektorearen barruan ere esparru gehiago betetzeko asmoarekin, 2019an Suediako Euromaint enpresa erosi zuen. Mantentze lanak egiten ditu Euromaintek, eta sektoreko liderra da Eskandinavian.

Operazio konplikatua

Rolls Royce 2016an egin zen ITP osoaren jabe, Sener Bizkaiko ingeniaritza enpresari bere zatia erosita. Iaz, ordea, Zamudioko enpresa salgai jarri zuen, diru freskoaren beharra baitu bere beste negozio batzuetan izaten ari den galerak estaltzeko. Iaz, esaterako, 4.660 milioi euro galdu zituen. Zabaldu denez, 2.300 milioi euro eskatu ditu haren truke, baina gutxiagorekin moldatuko dela diote adituek.

Prezioa ez da, ordea, operazioa zailtzen duen elementu bakarra. Kontua da Espainiako Gobernuak beto eskubidea duela, ITP «sektore estrategiko bateko enpresa» delako, hegazkin militarrentzako ere egiten dituelako motorrak. Madrilek ez du nahi ITP Espainiatik kanpoko inbertsio funts baten esku geratzea, funts horien helburua izan ohi baita enpresa kosta ahala kosta errentagarri egitea eta rte gutxiren buruan saltzea, prezio handiago baten truke. «Bazkide espainiar bat» nahi du, eta ahal dela industria sektorekoa, haien inbertsioak epe luzekoak izan ohi direlako.

Arazoa da orain arte eskaintza egin duten bakarrak kanpoko inbertsio funtsak direla. Cinco Diasek zehaztu duenez, bost eskaintza daude orain: Bain, KKR, Towerbrook, Cinven eta Platinum. 1.300 eta 1.500 milioi euro artean eskaini dituzte.

Eusko Jaurlaritza prest azaldu da operazioa laguntzeko, eta Finkatuz funtsaren bitartez ITPren zati txiki bat erostea eskaini du, betiere euskal enpresa bat laguntzeko bada. CAF ez ezik, Sener bera —haren eskutik sortu zen ITP Aero—, Gastamp eta Aernnova ere aipatu izan dira balizko erosleen artean. Azken horren akziodun nagusia AEBetako Towerbrook funtsa da, eta hura ITP Aero erosteko lehiakideetako bat da. Onex funtsarekin batera; batek zein besteek inbertsio esanguratsuak dituzte aeronautika sektorean.

Rolls Roycek salmenta bizkortu nahi du, eta maiatzaren amaierako epea jarri du interesatuek eskaintzak egin ditzaten. Edonola ere, Espainiako Gobernuak sei hilabeteko epea luke bere oniritzia emateko.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.