CAF taldeko langile batzordeek egitasmo bat aurkeztu berri dute, Gazara ur edangarria bidaltzeko. Hain zuzen, enpresako langileek diru bilketa bat jarriko dute martxan, eta bildutako dirua Salam Gaza erakundeari emango diote, hark Gazara ur edangarria bidal dezan. Beasainen (Gipuzkoa) egin dute agerraldia, CAFen egoitza nagusiaren aurrean, Palestinako banderarekin eta kufijarekin apaindutako mahai baten inguruan.
«Gabonetara arte, CAF taldeko langile guztiei dei egiten diegu beren aletxoa, edo kasu honetan, ur tanta, jar dezaten, Gazako herriari bizirik irauten laguntzeko», adierazi du enpresa batzordeko bozeramaileak. Beasaingo CAF, Irungo CAF, CAF Power and Automation, Trenasa, Donostiako CAF Signalling, Zornotzako CAF Signalling, Rail Line, CAF TE tailerrak eta Geminys lantegietako langileek izango dute parte hartzeko aukera.
Langileen arabera, «Israelek bere kolonizazio politikan aurrera jarraitzen du, eta, zoritxarrez, Gaza eta Zisjordaniako egoerak ez du prentsan titularrik hartzen, eta bigarren planoan geratzen hasia da». Gogoratu dute «CAFek, beste ehunka enpresak bezala, estatu sionistarekin merkataritza harremanak» dituela. Eta administrazioa eta patronalak jo dituzte horren erantzule. «Langileoi dagokigu harreman komertzial horiek normalizatzeari uztea», gehitu dute.
CAF tranbia bat egiten ari da Palestinako lurralde okupatuetan, eta langileek beraiek eta Palestinaren alde egiten duten elkarteek sarritan eskatu diote enpresari proiektua alde batera uzteko. Bere garaian, langile batzordeak eskatu zuen leku horretan tranbiarik ez egitea, proiektu horrek Israeli lurraldea legez kanpo okupatzen laguntzen ziola argudiatuta.Â
Ekain amaieran, Francesca Albanese NBEren Palestinari buruzko kontalari bereziak CAFi leporatu zion «genozidioaren ekonomiatik» etekina ateratzea, beste enpresa batzuekin batera. Irailean, Beasaingo konpainiak esplikatu zuen proiektuak ez dituela giza eskubideak bortxatzen eta palestinarrei lapurtutako lurretan lan egitea ez dela nazioarteko zuzenbidearen aurkakoa.
Salam Gaza
Agerraldian, Ola Arafat Salam Gaza elkarteko presidenteak ere hartu du hitza, eta eskerrak eman dizkie CAFeko enpresa batzordeei eta sindikatuei. Ondoren, azaldu du elkartearen jarduna dela «euro bakoitza Gazako familientzako ur eta elikagai bihurtzea», eta esplikatu du Gazan gobernuz kanpoko bost erakunderekin egiten dutela lan horretarako, elkartasun hori zuzenean irits dadin.
Elkarteak Iruñean du egoitza, eta orain arte hainbat modutara bildu dute dirua: azoketan postuak jarrita, hitzaldien bitartez… Lortutako diruarekin, akordio bat sinatu berri dute CMWU enpresarekin, bi hilabetez 600.000 litro ur banatu ahal izateko Gazan. Orain, urrats bat gehiago egin nahi dute. CAFeko langileekin egingo duten ekinaldi hau izango da enpresa batzorde batekin elkarlanean egingo duten aurrenekoa, baina Arafatek beste enpresetako langile batzordeak, sindikatuak eta herritarrak ere deitu ditu laguntzera.