Iruñeko Zigor Arloko 2. Epaitegiak urtebeteko kartzela zigor bana ezarri die Caparrosoko (Nafarroa) makroetxaldeko enpresaren bi zuzendariri, ingurumenaren kontrako delituengatik. 2021ekoak dira gertakariak, eta irailaren hasieran hasi zen epaitegia. Epaileek ebatzi dute baimenik gabeko ureztatze sistema bat erabili zuela enpresak, baita Aragoi ibaira isurketa kutsagarriak egin zituztela ere. Kartzela zigorrez gain, 4.200 euroko isunak ordaindu beharko dituzte, eta hamalau hilabetez ezingo dute abeltzaintzarekin lotutako lanik egin.
Enpresak ingurumen baimen bat du, zehazten duena nola ureztatu behar diren makroetxaldearen ondoko lursailak. Horren arabera, enpresak soilik zisterna kamioiekin ureztatu zezakeen, baina aspertsore mugikorren bidez ureztatzen zuten, baimenik eskatu gabe. Gainera, makroetxaldearen inguruan kontserbazio bereziko eremu bat dago; bada, 2021eko urtarrilean ondo neurtu gabe ureztatu zuten, eta ez ziren moldatu une hartako baldintzetara. Euri askoko egunak izan ziren, eta epaileek ebatzi dute digestatoa zuen ureztatze hori Aragoi ibaira iritsi zela, baita bertako putzu batera ere.
Bi zigortu
Valle de Odieta enpresako kontseilu araupetzaileko presidente Alberto Gerendiarain Azpiroz eta kontseiluko bokal Pedro Jose Gerendiarain Azpiroz dira zigortuak. Greenpeace eta Sustrai Erakuntza talde ekologistak herri akusazio gisa aurkeztu dira epaiketan, eta eskatu zuten zigortutako bi horiez gain beste hiru zuzendari ere zigortzeko: hiru urteko kartzela zigor bana eskatu zuten guztientzat. Hala ere, azkenean zigortuak izan diren biak soilik epaitzea erabaki zuen fiskaltzak.

Europako behi haztegi handienetako bat da Caparrosokoa, eta Noviercasen (Soria, Espainia) beste makroetxalde bat eraikitzeko proiektu bat zuen, 20.000 abelburu hartzeko adinakoa. Hala ere, duela bi aste Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota zuen Valle de Odietak jarritako helegitea, eta berretsi egin zuen proiektuari emandako ezezkoa. Hala ere, ebazpen hori ez da behin betikoa.
Hori atzera bota badiote ere, Caparrosoko haztegia handitzeko proiektuari baiezkoa eman zion Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko Departamentuak; hori dela eta, Greenpeacek eta Sustrai Erakuntzak gobernuaren «konplizitatea» salatu zuen egun hartan.