Caparrosoko makroetxaldea handitzeko baimena eman du Nafarroako Gobernuak, enpresaren aurkako epaiketa hastearekin bat

Landa Garapeneko Departamentuak abelburu kopurua handitzeko baimena eman dio Valle de Odieta enpresari. Sustrai Erakuntza eta Greenpeace elkarteek gobernuaren «konplizitatea» salatu dute.

Pablo Lorente (Sustrai Erakuntza) eta Lorea Flores (Greenpeace), Caparrosoko makroetxaldearen aurkako epaiketa hasi aurretik. IÑIGO URIZ / FOKU
Pablo Lorente (Sustrai Erakuntza) eta Lorea Flores (Greenpeace), Caparrosoko makroetxaldearen aurkako epaiketa hasi aurretik. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2025eko irailaren 2a
11:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur goizean hasi da Caparrosoko (Nafarroa) makroetxaldearen jabe Valle de Odieta enpresako arduradunen aurkako epaiketa. Ingurumenaren aurkako delituak egozten dizkiete, ustez Aragoi ibaira gai toxikoak isuri eta inguruko nekazaritza lurrak kutsatzeagatik. Sustrai Erakuntza eta Greenpeace talde ekologistek egin zuten salaketa, eta haiek osatzen dute herri akusazioa. «Epai eredugarria» espero dute bi elkarteek, ez soilik enpresaren jardunaren aurka, baizik eta abeltzaintza eredu industrial eta intentsiboen aurka. Epaiketa hastear zela, baina, Nafarroako Gobernuak baiezkoa eman dio etxaldearen abelburu kopurua handitzeko proiektuari.

Caparrosoko makroetxaldeak, gaur egun, 7.200 behi eta 600 txahal hartzeko baimena du, eta iazko irailean, proiektu bat aurkeztu zuen gehienez ere har ditzakeen abelburuen kopurua handitzeko. Ingurumen baimena falta zuen horretarako, eta hori da orain Nafarroako Gobernuak onartu duena. Hala, 7.900 behi, urte bat eta bi urte arteko 700 txahal eta urtebetetik beherako 1.472 txahal izanen dituzte aurrerantzean.

Horretarako, Valle de Odieta enpresak planta berri bat eraikiko du, egungo etxaldearen ondoan baina harengandik bereiz. «Azpiegitura ezkutuan handitzeko era bat da», esan du gaur Pablo Lorentek, Sustrai Erakuntzako ordezkariak. Hark hitz egin du herri akusazioaren izenean, Greenpeaceko kide Lorea Floresekin batera. «Badirudi enpresak instalazioak handitzeko aurkitu duen modua dela esnea ekoizten ez duten animaliak beste instalazio batera ateratzea, egun duten etxaldetik metro gutxira. Legeak gehienezko abelburu kopuru bat ezarria du eremu jakin baterako, baina, aldamenean beste planta bat eraikitzen bada, posible da kopuru hori gainditzea. Legezkoa izanen da, baina ez da etikoa inondik inora ere», esplikatu du Lorentek.

Ingurumen baimena lortzeko, baina, zenbait moldaketa egin beharko ditu enpresak Caparrosoko azpiegituran. Besteak beste, animalien hondakinak kudeatzeko, simaurra banatzeko eta inguruko naturaguneak eta landaredia zaintzeko sistemetan.

Hiru urteko espetxe eskaera

Hain zuzen, gaur Iruñean epaitzen ari diren gertaerak lotura du animalien hondakinen kudeaketarekin eta digestatoaren erabilerarekin. Ur zikinen eta minden biometanizazio prozesuaren ondorioz sortutako hondakina da digestatoa, eta, Sustrai Erakuntzako eta Greenpeaceko kideen esanetan, baliteke Valle de Odieta enpresak hondakin huraxe erabili izana Caparrosoko instalazioetatik gertu dauden lursailak ureztatzeko. «Kutsadurak minda isurketa handiak eragin zituen, inguruko sakanetan ur jauziak sortzeraino. Dirudienez, kutsadura Aragoi eta Arga ibaien behealdeko Kontserbazio Bereziko Eremu babestura ere irits zitekeen, galzorian diren espezie askoren habitata den horretara, hain zuzen», adierazi du Floresek, talde ekologistek Iruñeko auzitegiaren aurrean egin duten agerraldian.

Zenbait espezie bizi dira babes bereziko naturgune horretan, besteak beste bisoi europarra, apoarmatu europarra eta zenbait saguzar espezie. «Horrez gain, isuri toxikoak eragina izan zezakeen Bardeako biosferaren erreserbatik gertu dauden eremuetan ere». Horiek horrela, salaketa jartzea eta herri akusazio gisa aurkeztea erabaki zuten Sustrai Erakuntzak eta Greenpeacek. Valle de Odieta enpresako zuzendaritza batzordea osatzen duten bost pertsonen aurkako salaketa aurkeztu dute, eta hiru urte arteko kartzelaldia eskatzen dute bakoitzarentzat.

Fiskaltzak, ordea, zuzendaritzako bi lagun baino ez ditu akusatu, ingurumenaren aurka «zuhurtziagabekeria larriz» eginiko delituengatik. Askoz zigor arinagoak eskatu ditu haientzat: lau hilabete eta erdiko kartzela zigorra eta 4.800 euroko isuna bakoitzarentzat. Abeltzaintzarekin lotutako lanbideetan aritzeko debekua ere galdegin du.

Gaurko saioan, bost akusatuek ez ezik, beste zenbait pertsonak ere deklaratuko dute Iruñeko 2. zigor epaitegian, lekuko edo aditu gisa: Nafarroako Gobernuko ingurumen zaintzarako agenteek, Ebroko Ur Konfederazioko basozainek, kasua ikertutako foruzain eta guardia zibilek, eta isuriek kalte eginiko etxalde baten jabeak. Saio bakarrean eginen dute epaiketa; hortaz, gaurko lekukotzak adituta, epaiaren zain gertatuko da auzia.

Nafarroako Gobernua, «konplize»

Epaiketaren aurretik, Sustrai Erakuntzako eta Greenpeaceko ordezkariek esan dute «epai eredugarria» espero dutela, «zeinak balioko baitu, alde batetik, enpresak bere delituzko jardueragatik ordain dezan, baina baita eredu izateko ere makroetxaldeen eta abeltzaintza industrialaren eredu suntsitzailearen aurkako borrokan».

Abeltzaintza eredu horrek eragindako kalteak ere zerrendatu dituzte Lorentek eta Floresek: «Nekazaritza eta abeltzaintzako nitratoek eragindako kutsadura Nafarroa osora zabaltzen ari da. Aurreko urteetan, nitratoek kutsatutako lau eremu zeuden Nafarroan izendatuta; aurten, hamabi dira, uztaileko azken berrikuspenaren ondoren».

Hori ikusirik, baina, Nafarroako Gobernuaren jokabidea «onartezina» dela uste dute elkarte ekologistek. «Arazoa zuzendu beharrean, Nafarroako Gobernuak abeltzaintza eredu industrialari eusten dio oraindik, eta horrek ondorio larriak ditu osasunean, ingurumenaren kalitatean eta tokiko abeltzaintza sarean», esan du Floresek.

Lorenteren irudiko, «ezin da ulertu» Nafarroako Gobernua epaiketan akusazio gisa aurkeztu ez izana: «Gobernuak makroetxaldeen kontrolean egiten duen lana ez da nahikoa, eta ez du balio izan ingurumenerako arriskutsuak diren egoerak prebenitzeko». Are: Valle de Odieta enpresari ingurumen baimena eman ostean, Lorentek adierazi du gobernua «konplizitatez» aritu dela auzi honetan. «Nitratoek gero eta kutsadura handiagoa eragiten dute, baina administrazioaren zeregina ezin da izan soilik hori egiaztatzea. Borondatea, bitartekoak eta baliabideak eskatzen dizkiogu, egitura osoa iraultzeko. Albo batera utz dezala nekazaritza eta abeltzaintza eredu industrializatuaren aldeko apustua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.