Caruna Finlandiako argindar-banaketa enpresa bereganatu du Iberdrolak

Enpresaren %80 erosi du, 2.000 milioi euroren truke. Argindar sareen aldeko «apustu estrategikoaren» barruan kokatu du mugimendua Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak.

Iberdrolako presidente Ignacio Sanchez Galan, artxiboko irudi batean. CHRIS J. RATCLIFFE / EFE
Iberdrolako presidente Ignacio Sanchez Galan, artxiboko irudi batean. CHRIS J. RATCLIFFE / EFE
joxerra senar
2026ko uztailaren 21a
20:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iberdrola Finlandian lurreratu da. Caruna argindar-banaketa enpresaren baliabide propioen %80 bereganatu ditu, 2.015 milioi euroren truke. Finantza zorra aintzat harturik, enpresaren %100 5.000 milioi euroren bueltan baloratu du argindar konpainiak.

Ontario Teachers Kanadako pentsio funtsari eta AEBetako KKR inbertsio funtsari erosi dizkie akzioak. Ontario Teachersek Kanadako Ontario probintziako irakasleen erretirorako diruak kudeatzen ditu. Gainerako %20k AMF eta Elo Finlandiako pentsio funtsen eskuetan jarraituko du. 

Iberdrolak 1.014 milioi euro aurreratuko ditu, eta ondorengo 30 hilabeteetan pagatuko ditu beste 1.000 milioi euroak. 

Carunak milioi bat eta erdi finlandiarri banatzen die argindarra, herrialdeko biztanleen %20 ingururi. 89.000 kilometroko garraio sarea du herrialdean, bi heren lurpean. Batik bat Helsinki hiriburua hornitzen du, eta industria jarduera handiko eskualde bat, Joensuu. Hain zuzen ere, eremu horretan asko handitu da argindar eskaria, datu zentro berrien eraginez.

Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentearen arabera, operazioak «sendotu egiten du argindar sarearen aldeko apustu estrategikoa». Haren irudiko, funtsezko azpiegiturak dira segurtasun energetikoa eta lehiakortasuna bermatzeko. «Finlandiak kreditu kalitate handia du, eta haren araudia erakargarria da, aurreikusten erraza. Carunak hazteko aukera handia du, sareak behar baitira energia berriztagarriei eta industriaren eta etxebizitzaren beharrei erantzuteko». 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA