Urtebete geratzen zitzaion agintaldia amaitzeko, baina Christine Lagardek zortzi hilabete lehenago utziko dio Europako Banku Zentraleko presidente izateari. X sare sozialean jakitera eman duenez, gaurko EBZren bileran jakinarazi du otsailaren 7ko bilkuraren ondotik utziko duela kargua. «Plazer eta ohore handia izan da erakunde honen buru izatea», adierazi du Lagardek.
EBZren historian bere agintaldia amaitu baino lehenago jarlekua uzten duen bigarren presidentea da. Bere aurretik, Wim Duisenberg zenak egin zuen, karguan bost urte eman ostean.Â
Bere agurraren ondorioz hutsik geratu da euroaren eremuko aulki erabakagarrietako bat. Are, azken hilabeteetan EBZko gobernu kontseiluan pisu handiko beste bi agintarik utzi dute postua. Urtarrilean Isabel Schnabel finantza merkatuetan aditu zen kontseilariak utzi zuen kargua eta bide beretik jarraitu zuen ekainean Philip Lane ekonomista buru irlandarrak.
Datozen asteetan argituko da nortzuk ordezkatzen duten Lagardek eta nola berrorekatzen den herrialde kideen arteko indar korrelazioa EBZn, non eta euroaren eremuko 21 herrialdeen diru politika erabakitzen duen erakundean. Komunikabideak hasi dira ohiko kinielak egiten.Â
Bi hautagai
Hautagaien artean bi izen nabarmentzen dira: Klaas Knot eta Pablo Hernandez de Cos. Lehena Herbehereetako Banku Zentraleko buru ohia da eta Herbehereetako Gobernuak babestuko du. Hernandez de Cos Espainiako Bankuko presidente izateaz gain, BIS Nazioarteko Ordainketa Bankuko buruzagi ere izan da; nolabait esateko, munduko banku zentral nagusien bankua. Haren alde egingo du Espainiako Gobernuak.Â
Bloomberg-ek aurreratu duenez, Friedrich Merz Alemaniako kantzilerra bi hautagaiekin bildu da azken egunetan. Inondik ere, Alemaniak pisu handia izango du erabakian.
Ikusi beharko da lasterketa horretan hautagai gehiago aterako ote diren. Euroguneko herrialde kideen arteko negoziazioan gobernu kontseiluko beste kideen izendapenak zein bestelako botere jokoak eragin handia izango dute. Edonola ere, hurrengo presidenteak babes zabala lortu beharko du. Euroaren eremuko 21 herrialdeetatik hamaseiren kontsentsua lortu beharko du; populazio osoaren %65 inguru.
Lagardek mesede egin dio Macroni
Frantziako Gobernuak ere izango du zeresanik. Lagarderen erabakiak mesede egin dio Emmanuel Macroni, hurrengo udaberriko hauteskundeak baino lehenago hartuko baitu erabakia.
Frantzia da uneotan Euroguneko finantza sistemaren baitan kezka iturri nagusietakoa, bere zor publiko handia dela-eta. Hala, Frantziaren finantza publikoei begira oso garrantzitsua da nor eseriko den EBZren jarlekuan eta zer egiteko prest egon daitekeen etorkizunean Frantziako bonuen finantza kostuek gorantz jarraituz gero.
Lagardek gaurko EBZren gobernu kontseiluaren bilera hasi aurretik eman du albistea. Ez da espero interes tasen gaineko erabakirik hartzea. Dena den, bilkura osteko prentsaurrekoan bere erabakiaz eta diru politikaren zein oro har ekonomiaren bilakaeraz hitz egingo du.
Azken asteetan bereziki kezka handia dago Frantziako zor publikoaren inguruan. Frantziaren arrisku saria 157 puntura iritsi da, eta aurreko astean 176 puntura ere heldu —zor merkatuetan erreferentzia gisa hartzen den Alemaniako bonuen interes tasekiko aldea neurtzen du arrisku sariak—.Â