Udaberrian izango dira Frantziako Errepublikako presidentea aukeratzeko hauteskundeak, eta, defizit publiko handiko herrialdea izanik, azken asteetan haren bonuen kostua asko igo da zor merkatuetan, Aitor Aranburu ekonomistaren (Hernani, Gipuzkoa, 1980) hitzetan.
Zertan da egoera zor merkatuetan?
Urduritasun handia dago: mundu guztia Frantziari begira dago. Orain, inkestetan Marine Le Pen dago aurrena, eta Jean Luc Melenchon bigarrena, ezkerreko hautagaia; alegia, bi muturrak, eta finantza merkatuei ez zaizkie muturreko joerak gustatzen. Frantziako arrisku saria 143 puntura igo da [Alemaniako zorraren interes tasekiko aldea]. Le Penek hitzaldi batean iragarri zuen asmoa duela 2030erako defizita jaisteko, baina merkatuak ez daude batere lasai.
Zergatik?
Beldurra dago merkatuetan, ez baitago likideziarik. Frantziaren zorra BPGaren %120koa da, eta, hain handia izanik, saltzaile batzuek bonu ugari salduz gero, ez dago erosiko dituenik.
Gainerako herrialdeei eragiten die horrek?
Grezia beste liga batean dabil. Frantziaren egoerak Italiari eta Espainiari eragin die batik bat. Italiaren arrisku saria 115eraino iritsi da azken egunetan. Haren zorra handia da, eta badago beldurra. Italia beti arrastaka dabilen ikasle txar hori izan da, eta beti ordaindu du arrisku sari handiagoa. Espainiakoa, berriz, 40tik 63 ingurura igo da.
Beste arriskurik ikusten duzu?
Inflazioa. Inflazioaren arabera mugitzen da EBZ, eta haren erabakiek zuzenean eragiten diete estatuen bonuen epe laburreko interes tasei, bi urtera artekoei. Gero, luzarorakoei —10-30 urte artekoetan— ere eragiten diete, baina efektua txikiagoa da. Europan, Frantzia da arretagune nagusia, baina AEBak ere ez daude libre.
Zergatik?
Astero zorra jaulkitzen dute —letrak, hiru urteko bonuak...-—, eta jendea adi begira egoten da astero-astero. Beldurra dago halako batean jendeak ez duela nahiko zor hori. Zor maila eta defizit handia dute, eta finantzaketa beharra. Beldur moduko bat dago jaulkipenen batean ez dela nahi beste eskari egongo. Gerta liteke egunen batean ezin finantzatzea. AEBen zorra Japoniaren eta Txinaren menpekoa da, eta Ray Dalio inbertitzaileak dio bi herrialde horiek AEBetako zor eskaria apaldu dezaketela. Erreserba Federala horretan ari da; bere garaian zorra erosi zuen, haren balantzea handitu egin da, eta Kevin Warsh presidentea ez da horren oso zalea. Balantzea jaisten ari da —EBZ ere ari da horretan—, eta horrek sistemako dirua gutxitzen du.