CNMC Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak jakinarazi du hogei bat zigor espediente zabaldu dituela joan zen urteko apirilaren 28ko itzalaldiari lotuta. Besteak beste, hauen aurkako ekinbideak abiatu ditu: Red Electrica, Bizkaiko Badia Gasa, Iberdrola, Repsol, Endesa, Naturgy eta Asco-Vandellos.
Ez dute informazio xeherik eman, baina, Red Electricaren kasuan, esan dute balitekeela «arau hauste oso larriak» egin izana, ustez sektore elektrikoaren legeko 64.25 artikulua hautsi dutelakoan. Gainontzean, bost espediente zabaldu dizkiote Iberdrolari, beste bost Endesari, beste bost Naturgyri, bi Asco-Vandellosi —Endesak eta Iberdrolak parte hartzen dute—, eta bana Bizkaiko Badia Gasari eta Repsoli. Uste dute «huts larriak» egin dituztela sektore elektrikoko 65.8 artikuluarekin lotuta.
Prozesuak bederatzi eta hemezortzi hilabete bitartean iraungo du, eta enpresek aukera izango dute helegiteak jartzeko.