Txinako auto elektrikoen inportazioarekin bezala, planetaren eta industriaren osasunaren artean erabaki behar izan duenean, industriaren alde egin du Europako Batzordeak. Industria handia protestaka zuen, CO2 emisioak gutxitzeko sistemak kostu handiak ekartzen dizkiolako eta kostu horiek ez dituzten lehiakideei mesede egiten dielako. Entzun du kexua Bruselak, eta, ETS emisio eskubideak salerosteko sistemari eustekoa bazaio ere, denbora gehiago emango die industria handiei gas kutsagarri gutxiago isurtzeko.
Zer da Europako emisio eskubideak salerosteko sistema (ETS)?
Europako Batasunak 2005. urtean indarrean jarritako sistema bat da, 2040. urterako CO2 emisioak %90 murrizteko —1990ekoekin alderatuta—. Industria astunarekin hasi zen —altzairugintzarekin, porlan ekoizleekin, energia zentralekin...—, kutsatzaile handia izateaz gain hura zelako moldatzeko sektorerik errazenetako bat. Ondoren, EB barruko hegaldietara eta EBko portu bat helmuga edo abiapuntua duten itsasontzi handietara hedatu zuen sistema.
Nola lortu gutxiago kutsatzea? CO2 isuriei prezioa jarriz. Hau da, muga bat jarri zieten sektore jakin batzuek atmosferara isur ditzaketen berotegi gasei, emisio eskubide kopuru mugatu baten bidez. Muga horrek ziurtatu du eskubide horiek balio bat izango dutela. Enpresa handiek gehieneko bati dagozkion eskubideak jaso edo erosi dituzte. Urtean gehieneko hori baino CO2 gehiago isuri badute, eta tonako 100 euroko isuna saihetsi nahi badute, eskubide gehiago erosi beharko dituzte, sobran dituztenek saldutakoak.
Muga horiek urtetik urtera txikitzen dira, eta, hortaz, gutxiago kutsatzeko pizgarriak ez dira desagertzen.
Funtzionatu al du?
Neurri handi batean, bai. 1990ean baino %40 gas kutsagarri gutxiago isurtzen ditu gaur egun EBk. Baina ETS sistemaren barruan dauden sektoreentzat, murrizketa askoz handiagoa izan da: %50. Argindar sektorearen isuriak, berriz, ia %60 jaitsi dira.
ETS sistemaren helburua zen bere barruan zeuden sektoreek gas kutsatzaileen emisioa %62 apaltzea 2030erako, eta, oraingo joerarekin jarraituz gero, badirudi eskura dagoela xedea.
Zer proposatu du orain Europako Batzordeak?
Labur esanda, pixka bat polikiago joatea. 2024-2027ko epean, urtetik urtera %4,3 murrizten ari dira emisio eskubideak, eta %4,4 gutxituko dira 2028-2030ekoan. Baina, erritmoa bizkortu beharrean, moteldu egin nahi du 2031-2035eko epean, %3,7ra. 2036tik 2040ra, berriz, %1,7 txikituko lirateke. Oraingo erritmoan jarraituz gero, ETSrik ez litzateke izango 2040tik aurrera, eta hori ez zaio «errealista» iruditzen Batzordeari.
Halaber, doako emisio eskubideak urte gehiagotan banatu nahi dituzte. 2030ean amaitzekoak ziren, baina aurrerago ere izango dira, baina soilik jasotako doako eskubideak adina diru deskarbonizazio proiektuetan inbertitzen dutenei.
Industriari laguntzeko asmoz, Bruselak Industria Deskarbonizatzeko Bankua sortuko du (IDB). 100.000 milioi euro izango ditu, eta industriaren deskarbonizazio proiektuak inbertitzeko erabiliko dute.
Batzordeak proposatu du industriari garbitzen laguntzeko erabiltzea estatuek ETSaren bitartez eskuratzen duten dirua, eta horrela aurre egitea lehiakortasun arazoei. Baina arazoa da urtean jasotako 24.000 milioi euroak nahieran erabili dituztela estatu kideek, eta soilik %5 joan dela industriari laguntzeko. Austriak, esaterako, Alpeen azpiko trenbide bat finantzatzeko erabili du; Frantziak, etxeen energia eraginkortasuna hobetzeko eta beste gastu arrunt batzuetarako... Hori dela eta, aurrerantzean jasotako diruaren %50 gutxienez deskarbonizatzeko inbertsioetan egitea exijituko du Bruselak.
Azken urteetan, itsas garraio astunak ere ordaindu behar izan du ETS sisteman, baina Brusela ohartu da itsasontziek iruzur egiten zutela. Izan ere, EBren arauak dio urrutiko portuetatik egindako bidaiaren erdian eragindako emisioen erdien truke ordaindu behar dutela; ordainketa txikitzeko, EBko portura iritsi aurretik, handik gertuko batean egonaldia egiten zuten, eta, hala, gutxiago ordaindu. Zulo hori estaltze aldera, Mediterraneo hegoaldeko portuak ere ETS sistemaren barruan sartuko ditu.
Gainera, itsasontzi txikiagoei ere eragingo die: gaur egun arte, 5.000 tonatik gorakoek soilik ordaintzen zuten, baina, aurrerantzean, 400 tonatik gorakoei ere aplikatuko zaie. Salbuetsita egongo dira uharte txikietara doazen ontziak edo zerbitzu publikokoak.
Aire garraioan ere badira aldaketak. Proposamenak aurrera egingo balu, EB barruko hegaldiek ez ezik, EBren erdigunetik gehienez 5.000 kilometrora dauden hegaldiek ere ordaindu beharko dute karbono tasa. Distantzia horrekin, salbuetsita izango dira AEBetara doazen hegaldiak, eta ez da kasualitatea. Gainera, orain ez bezala, hegazkin pribatuek ere ―jet pribatuek― ordaindu beharko dituzte beren tasak.
Gutxika, sektore gehiago sartzen ari dira ETS sisteman. Hurrengoak errausketa plantak izango dira.
79
Karbono tonaren prezioa, eurotan. Prezio aldakorra dute CO2-a isurtzeko eskubideek. ETS sistemaren lehen urteetan, merkea zen, industriek doako emisio eskubideak zituztelako, baina horiek erabili ahala, haien salerosketa handitu egin da, eta, horrekin batera, baita prezioa ere. Gaur 79 euroan salerosten ari dira CO2 tona, duela urtebete baino ia %12 garestiago.
Zer diote estatuek?
Europako Batzordearen proposamena bat da, eta, orain, gobernuei pasatuko die pilota, horiei baitagokie azken erabakia hartzea. Oro har, hiru taldetan banatuta daude. Batetik daude Polonia, Italia, Grezia eta ekialdeko estatu gehienak, Bruselari poliki joateko eskatuz. Haien argudioa da karbono zergak kalte egiten diola industria sareari eta, ETS2 indarrean jarriz gero, baita herritarrei ere, energia garestiaren ondorioz. Beste alde batetik daude eskandinaviarrak, Herbehereak eta Iberiar penintsulako biak. Haien energia sorkuntzan indar askoz handiagoa dute berriztagarriek, eta, hortaz, uste dute oraingo politika arrakastatsua dela. Hirugarren taldean daude oraindik alderik aukeratu ez dutenak, besteak beste Frantzia eta Alemania.