Europako Batzordeak hamarkada hasieran jarri zuen energia elektriko gehiago erabiltzeko helburua, baina guztiz geldotuta dago. Ibilgailu elektrikoak eta berotze sistema elektrikoak gero eta gehiago badira ere, oraindik energia kontsumo gehiena iturri fosilekoa da. Gaur egun, Europako Batasunean kontsumitzen den energiaren %23 da soilik argindarra, eta energia elektriko horren parte bat ere erregai fosilak errez lortzen da. Bada, isuri helburuak lortzeko —%85eko murrizketa 2040rako, eta karbono neutraltasuna 2050erako—, 2040rako energia kontsumoaren %46 elektrikoa izatea proposatu du Europako Batzordeak.
Ikusi gehiago
Hala ere, lehenago ere Europako Batasunak jarri izan du mahai gainean elektrifikazio helbururen bat; esaterako, 2024ko otsailaren 6an esan zuen 2040an energia kontsumoaren erdiak argindarra izan beharko lukeela. Ez da erraza kalkulatzea zenbatekoa den elektrifikazio tasa Europako Batasunean; Europako Batzordeak 2024an esan zuen %25ekoa zela gutxi gorabehera, baina IEA Nazioarteko Energia Agentziaren datuen arabera, %23koa zen 2023an, gaur bertan Europako Batzordeak ere eman duen datu bera. Txinak, adibidez, gainditu egin du Europako Batasunaren elektrifikazio tasa —%28,6 2023an—, eta azkarrago hazten ari da. 2000. urtean, Txinan tasa %11,4 zen, eta EBn, %20,4. Ordutik hona, Txinak hamazazpi puntu baino gehiago handitu du bere elektrifikazio tasa, eta EBk, berriz, hiru puntu baino gutxiago.
Europako Batzordeko Energia eta Etxebizitza komisarioak eman du planaren berri, Dan Jorgensenek. Europako Batasuna oraindik atzerriko energia fosilen menpeko dela azaldu du, eta horrek arazo handiak dakartzala gehitu: besteak beste, karbono isurien murrizketa zailtzea eta energia faktura handiak izatea. Horretarako, energia «beltz eta zikina» —petrolioa eta gasa— atzean uzteko beharra nabarmendu du, eta hori «elektroi garbi eta merkeekin» aldatzea.
Ikusi gehiago
COP31 batzarreko presidentetzak ekainean iragarri zuen aurtengo goi bileraren helburu nagusia elektrifikazioa areagotzea izango dela, karbono isurien helburuak betetzeko; zehazki, proposatu zuten 2035erako munduko energiaren kontsumoaren %35 elektrikoa izatea. Gaur egun, batez beste %20 da.
Batzordearen proposamena
Elektrifikazioan sakontzeko, Europako Batzordeak zenbait neurri proposatu ditu, gehienak fiskalitatearekin eta argindarra sortzeko sistemen hobekuntzarekin zerikusia dutenak. Lehenik eta behin, proposatu dute argindar fakturetako zergak murriztea, baita industria fosilak jasotzen dituen diru laguntzak murriztea ere. Jorgensenek gogorarazi du herrialde askotan argindarrak gasak baino zerga handiagoak dituela oraindik, «herrialde batzuetan %4 handiagoak», eta hori amaitu behar dela adierazi du.
Horregatik, argindarraren zergak murrizteko proposatu dute, baita sareak erabiltzearen tarifak edo bidesariak ere. Hala, elektrizitatea merkeagoa izatea nahi dute, argindarra erabiltzen duten teknologiak erakargarriago egiteko erregaiak erabiltzen dituztenekin alderatuta. Azaldu dutenez, argindarraren eta gasaren prezioen artean arrakala txikiena dagoen herrialdeetan besteetan halako hiru aldiz gehiago ari dira instalatzen bero ponpak. Bero ponpak, hain zuzen, argindar gutxi kontsumitzen duten berokuntza eta hozte sistemak dira, airearen konpresioan eta hanpatzean oinarrituak.
Ikusi gehiago
Argindarraren eskaria nolakoa den hobeto jakitea ere beharrezkoa dela azaldu dute, elektrizitate eskaintza hobeto moldatzeko. Hori dela eta, etxeetan eta enpresetan argindar kontagailu adimendunak jartzea ere sustatuko dute.
Prentsari emandako informazioan argitu ez badute ere, planean energia nuklearrari buruzko proposamen batzuk egin dituzte: ahal den heinean zentral nuklearren bizitza baliagarria luzatzea —beti ere ekonomikoki errentagarria bada edo segurtasuna gutxitzen ez badu— eta zentral nuklear txikien eraikuntza bultzatzea.
Sakoneko aldaketen beharra
Argindar gehiago erabiltzeko, baina, gauza asko moldatu behar dira. Izan ere, sektore askok ezinezkoa edo oso zaila dute elektrifikatzea, errepideko garraio astunak, hegazkinek eta itsasontziek, batez ere. Hori dela eta, energia iturria aldatzea errazagoa den sektoreak are gehiago elektrifikatu behar direla esan du Jorgensenek.
50.000
Europako Batasunean erregaiengatik azken hilabeteetan ordaindutako gainkostua, milioi eurotan. Europako Batzordeak azaldu duenaren arabera, AEBek eta Israelek Iranen aurkako gerra abiatu zutenetik, Europako Batasunak ohi baino 50.000 milioi euro gehiago ordaindu ditu erregai fosiletan.
Europako Batasunean, gaur egun, industriak kontsumitzen duen energiaren %60 elektrikoa da. Are gehiago izateko, uste dute ezinbestekoa dela argindarraren prezioak jaisteaz gain teknologia elektrikoak eskuragarriagoak izatea. Eta iritzi bera dute jendearen eguneroko teknologien erabileraz —auto elektrikoak eta etxeen berokuntza sistemak, bereziki—.
Eraikinen berokuntzari dagokionez, erregai fosilak iturri nagusia dira oraindik, batez beste %67 Europako Batasunean. Azaldu dutenez, bero ponpek %60 murriztu ditzakete energia fakturak, eta 2030erako bikoiztu egin nahi dute sistema hori erabiltzen duten eraikinak, 2025eko datuekin alderatuta. Hala ere, teknologia garestia da oraindik Europako Batasuneko poltsiko gehienentzat, eta ez da instalatzen erraza, batez ere pisu blokeetan. Ibilgailu elektrikoekin ere berdin gertatzen da: nahiz eta diru laguntzak eta erraztasunak egon, familia gehienentzat ezinezkoa da auto elektriko bat ordaintzea, eta kargatu ahal izateko egiturazko arazo handiak ere badaude.