Confebaskek ez du baztertu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gutxieneko soldata propioa ezartzeari buruz hitz egitea, baina baldintza batzuk jarri ditu. Exijitu du enpresen lehiakortasuna eta iraunkortasuna areagotzeko neurriak adostea, baita lan absentismoa murrizteari buruzkoak ere, eta negoziazioa elkarrizketa sozialerako mahaian egitea. Izan ere, patronalak dio ezinbestekoa dela Eusko Jaurlaritzak ere negoziazio horretan parte hartzea.
Hain zuzen ere, Jaurlaritzak gutxieneko soldatari buruz aurkeztutako proposamenaren biharamunean egin ditu adierazpenok Confebaskek. Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren arabera, 1.268 eta 1.385 euro artekoa izan beharko luke lan hitzarmenetan jaso beharreko gutxieneko soldatak. Tamara Yague Confebaskeko presidenteak ez du horren inguruko iritzirik eman nahi izan; zehaztu du soldatak «lotura estua» duela enpresaren lehiakortasunarekin, eta uste du hori hobetu ezean alferrikakoa dela kopuruei buruz aritzea: «Ez du zentzurik zenbakiez eztabaidatzeak, ez badira lehiakortasuna hobetzeko neurriak adosten».
Yaguek gogora ekarri du patronalak lehen ere baldintza gisa jarri zuela enpresen lehiakortasuna eta iraunkortasuna hobetzea. Hain justu, argudio hori erabili zuen joan den otsailean negoziazio mahaitik altxatzeko. LHK Lan Harremanen Kontseiluan egin zuten lehen bilera hura, ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk eskatuta. Patronalak uko egin zion negoziazioan parte hartzeari orduan.
Yaguek zirrikitu bat zabaldu du gaur, ordea. Esan du Jaurlaritza, sindikatuak —ELA eta LAB izan ezik— eta patronala biltzen dituen foroa dela gutxieneko soldataz hitz egiteko lekurik aproposena, eta ez LHK, sindikatuek eskatu bezala. «Guk argi hitz egin dugu, eta azken hilabeteetan esandakoa berretsi dugu: gutxieneko soldatari buruz hitz egiteko prest gaude, baldin eta lehiakortasunarekin eta jasangarritasunarekin zerikusia duten beste gai batzuk ere kontuan hartzen badira, eta, horretarako, uste dugu tokirik aproposena elkarrizketa sozialerako mahaia dela», azpimarratu du Yaguek.
Confebaskeko presidenteak nabarmendu du, gainera, lanaldi osoko batez besteko soldata Espainian ordaintzen dena baino handiagoa dela EAEn, eta erantsi du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileen %88k itun bat dutela, eta horiek jada badutela gutxieneko soldata bat. Hala ere, ez du aintzat hartu nahi izan atzo Mikel Torres Lan eta Enplegu sailburuak aipatutako beste datua: soldata ez ezik, bizimoduaren kostua ere handiagoa dela hemen. Jaurlaritzaren arabera, batez besteko kostua handiagoa da: %7 eta %11 artean. «Aztertu beharko genituzke datu horiek, baina ez dakit nondik atera dituen», ñabartu du Yaguek.
Muga zergen eragina
Edonola ere, patronalak adierazi du ez dela horri buruz hitz egiteko garaia; besteak beste, enpresen lan kostuak handitu egin direlako eta horrek galga jarri diolako haien lehiakortasunari. Soldaten igoerari ez ezik, lan absentismoari ere egotzi dio beste behin lehiakortasunari kalte egitea. Eta kezka agertu du egoera are gehiago korapilatu delako Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak abiarazitako merkataritza gerra dela eta.
Yaguek adierazi duenez, enpresak hasiak dira muga zergen ondorioak nozitzen. Industriaren jarduera moteldu eta salmenten aurreikuspenak jaitsi izana aipatu du horren adibide gisa. Patronaleko buruak esan du horrek ekarri duela aldi baterako enplegu erregulazio txostenak onartzea. Nolanahi ere, EBk akordioa egingo duen itxaropena agertu du, «ondorio batzuk» gelditzeko iritsi badira ere. Confebasken ustez, industriaren moteltze horren ondorioz, EAEko ekonomia %2 haziko da. Adierazi du igoera hori zerbitzuek eta eraikuntza sektoreek bultzatuko dutela.