Begi bistakoa da krisiak ez diela berdin eragiten biztanle guztiei, eta hori frogatzen du urtez urte Forbes aldizkariak, Espainiako ehun aberatsenen zerrendan. Geroz eta ondare handiagoa pilatzen jarraitzen dute zenbait enpresaburuk, baita Euskal Herrian ere: izan ere, sei euskal herritar azaltzen dira aberatsenen artean, eta horietan lehenengoa, ohi bezala, Daniel Mate da, Suitzan bizi den donostiarra.
Glencore meatzaritza multinazionaleko zuzendaritzako kide ohia da Mate, egun enpresa horretako akziodun nagusien artean hirugarrena. Oro har, lehengai industrialen prezioak izugarri igo dira azken urteetan, eta bilakaera bera eduki du Glencore konpainiak burtsan duen balioak ere. Ondorioz, Mate iaz baino 100 milioi euro aberatsagoa da. Espainiako ehun ondarerik handienetan hamabigarrena da.
Jose Maria Aristrain da euskal herritarren artean bigarrena: 1.300 milioi euroko ondarea du —iaz baino 100 milioi gutxiagokoa—. Olaberrian (Gipuzkoa) jaioa da, baina aspaldi Madrilera joana, eta jaioterriko Aristrain altzairutegiaren sortzailearen semea da. Lantegi hori Arcelor Mittalen zati da orain, eta multinazionalaren %2ren jabea da Aristrain, baita Tubacexen %10ena ere. Maiatzean Madrilgo Auzitegiak epaitu egin zuen, 200 milioi euro baino gehiagoko zerga iruzurra egotzita, Suitzan bizi delako itxurak egiteagatik zergarik ez ordaintzeko.
Aristrainen atzetik dago Jose Ignacio Comenge; donostiarra da jaiotzez, baina negozio gehien Valentzian ditu (Herrialde Katalanak). Besteak beste, Coca-Cola Europacific Partners enpresako —edari marka horren munduko botilaratzaile handienetako bateko— akziodun nagusietako bat da, eta Mendibea 2002 holdingaren bidez parte hartzen du Ence eta Ebro Foods enpresetan. Iaztik 200 milioi euro handitu zaio ondarea, 1.300 milioiraino.
Jainaga, zerrendatik kanpo
Aldizkariak aurreko urtean argitaratutako zerrendarekin alderatuta, euskal herritar bat gutxiago ageri da: Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidentea eta Mirai inbertsio taldearen burua. Zerrendan dago, ordea, Juan Luis Arregi bizkaitarra: 950 milioi euro ditu —iaz baino 310 milioi gehiago—, eta aberatsenetan laugarrena da. Egurraren sektoreko Ence konpainiaren akziodun nagusia da, eta azken urteetan asko handitu da enpresa horren balioa.
Bosgarren lekuan Carmen Ibarra ageri da —Neguriko Ibarra Kareaga familiakoa—, eta seigarrenean, Victor Urrutia arabarra: Ibarrak 700 milioi euroko ondarea du, eta Onchena sozietatearen bitartez egiten ditu inbertsioak; Urrutiak, berriz, 670 milioi euroko ondarea du, eta CVNE Compañia Vinicola del Norte de España upategiaren akziodun nagusia da, besteak beste.