Inperioaren zazpi adarrak

Jose Antonio Jainaga buru duen Mirai inbertsio taldeak 25 enpresa inguru erosi ditu 2019an sortu zenetik, eta, industria lehenesten duen arren, beste esparru batzuetara ere ari da hedatzen.

Jose Antonio Jainaga, 2025ean, Joxe Mari Korta saria jaso zuenean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Jose Antonio Jainaga, 2025ean, Joxe Mari Korta saria jaso zuenean. ANDONI CANELLADA / FOKU
gotzon hermosilla
2026ko abuztuaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Japonieraz, mirai berba erabiltzen dute «etorkizuna» adierazteko. Eta etorkizuna zuten gogoan Mirai Investments taldearen sortzaileek 2019an, egitasmoa aurkeztu zutenean. Siderurgiaren arloan urte luzez aritutako zenbait enpresari ziren proiektuaren sustatzaileak. Eta, denen buru, gerora ospe handia hartu duen enpresari bat: Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidentea (Bilbo, 1954).

Azken bi urteotan, bi kontuk egin dute Jainaga ezagun. Alde batetik, bera izan da Talgo enpresa Euskal Herrira itzularazteko operazioaren giltzarri nagusietako bat: Sidenorrek, Eusko Jaurlaritzak eta BBK eta Vital fundazioek partzuergo bat osatu zuten, eta hark Talgoren akzioen %29 erosi eta enpresaren akziodun nagusi bilakatu zen, behinola euskal enpresa izandakoaren kontrola hartu eta haren egoitza soziala Euskal Herrira ekartzeko xedez.

Eta oso bestelako kontu batek ere erakarri du arreta mediatikoa Jainagarengan. Iazko urrian, haren eta Sidenorreko beste bi arduradunen gaineko ikerketa abiarazi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, armak ekoizten dituen Israelgo enpresa bati altzairua saldu ziotelakoan. Kontrabandoa eta gizateriaren aurkako delitu baten konplizea izatea egotzi diete, eta auzia irekita dago oraindik.

Industrian eta, bereziki, altzairugintzan du jatorria Mirai taldeak. Baina haren asmoak harago doaz. Inbertsio talde bat da, eta, beraz, errentagarriak edo estrategikoak izan daitezkeen enpresak detektatu, eta horiek erostea edo, besterik ezean, haietan inbertsioak egitea dute eginkizun. Eta 2019tik gaur arte ez dira besoak antxumatuta egon: 25 bat enpresa erosi dituzte, 1.700 langile inguru ari dira horietan beharrean, eta urtean 700 milioi euro fakturatzen dute.

Ez da hasiberrientzako lekua

Inbertsioak egiteko, Miraik ez du edozein enpresa aukeratzen. Ez da start-up edo etorkizun distiratsua duten enpresa hasiberrien makulua. Taldearen webgunean argi eta garbi diote: «Nahiago dugu proiektuaren hastapenetan dauden enpresetan ez inbertitzea». Negozioa egiteko ideia bikainen bat duenak hobe du beste norabait jotzea finantzaketa bila.

Bestelako enpresak nahi ditu Miraik: «Enpresa bikainak, baina oraindik hobetzeko tartea dutenak». Aspaldi honetan, boladan jarri da txapeldun ezkutu esamoldea, oso ezagunak izan ez arren euren esparruan erreferentziazkoak diren enpresak izendatzeko. Horrelakoxeak bilatzen ditu Miraik: «Baliabidez hornitu, kudeaketarako tresna berriak eman, ahalmen teknologikoa ustiatu eta haien talentua indartzen badugu, posible da enpresa horiek are hobeak izatea».

Bestalde, enpresa txiki eta ertainak aukeratzen ditu Miraik, eta familia enpresak bereziki. Enpresen errotzea, belaunaldi aldaketa bermatzea eta arrakasta duten egitasmoei jarraipena ematea oso garrantzitsua izan da beti Jainagarentzat. Familia enpresen aldeko atxikimendu hori etxean ere aplikatzen du: haren seme Pablo Jainaga Mirairen zuzendaritza taldeko kide da.

Industria lehentasun

Mirai taldeak zazpi adar ditu, eta horietatik Innometal eta Ohmnia dira garrantzitsuenak: haiek dituzte salmenta kopururik handienak –urtean 130 milioi euro Innometalek, eta 70 milioi Ohmniak– eta bien artean mila langile baino gehiago dituzte. Lehenengoak metalaren arloko enpresak biltzen ditu, horixe baita Jainagaren eta haren kideen espezialitatea –hedabideetan altzairuaren jauna ezizena erabili ohi dute Jainagaz aritzeko–. Ohmnian, berriz, elektronika arloko bost enpresa daude.

«Industrian aritzen gara, horretan sinesten baitugu eta horixe baita egiten dakiguna. Beste arlo batzuetan ez gara eroso sentitzen». Hala esan zuen Jainagak aspaldi egindako adierazpen batzuetan. Azken urteotan, baina, arrautzak saski gehiagotan jartzea erabaki du Miraik, eta bere inbertsio poltsa dibertsifikatu egin du gainerako bost adarren bidez, industria klasikotik urrunduz.

Gaur egun, Mirai nekazaritza industrialean, osasungintzan —batez ere, kirurgia estetikoaren esparruan, zortzi klinikarekin—, modan —Getarian (Gipuzkoa) sortutako Batela jantzi marka— eta produktu kosmetikoen alorrean ere aritzen da. Lau horiei beste esparru bat gehitu diete aurten: ingurumen zerbitzuak. Eta ekainean bi enpresa erosita egin dute hori: Derioko Afesa (Bizkaia) eta Gasteizko Excavaciones Mendiola.

Mirairen azkenengo erosketa uztailaren 16koa da: Innometal adarraren bitartez, Reco enpresa hartu dute. Barakaldon du egoitza (Bizkaia), estaldura kimiko eta elektrolitikoetan aritzen da, 60 langile ditu, eta iaz 14 milioi euroko fakturazioa izan zuen. Apurka-apurka, Jainagak sortutako inperioa hedatzen ari da, eta gero eta leku gehiagotara ari da iristen.

azkoyen erosteko eskaintza

Miraik azken urteotan egin dituen operazioen artean, Azkoyen erostea izan daiteke garrantzitsuenetako bat, hura gauzatuz gero. Uztailaren 24an egin zuen eskaintza publikoa, eta atzo eskatu zuen horretarako baimena CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordean. Erosketa Ohmnia taldearen bitartez egingo luke; erosketa Ohmnia taldearen bitartez egingo luke, eta Eusko Jaurlaritza, BBK, Kutxabank eta beste bazkide batzuk izango lituzke bidelagun. Nafarroako enpresaren akzio guztiak erostea eskaini dute, bakoitzaren truke hamar euro emanda; orotara, 240 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa litzateke. 

Printzipioz, Azkoyenen administrazio kontseiluak ez du gaizki hartu eskaintza, eta negoziatzeko prest azaldu da. Alor politikoan, baina, lurrikara txiki bat eragin du iragarpenak, eta Alderdi Popularrak kontuak eskatu dizkio Nafarroako Gobernuari. 

Izan ere, Nafarroako PPko presidente Javier Garciaren ustez, operazio horrekin arriskuan egon daiteke «Azkoyenen erabakiguneek, jarduera industrialak eta lanpostuek Nafarroan jarraitzea». Nafarroako Gobernuak, berriz, «zuhurtzia» eskatu du, eta erantsi «enpresen errotzeari» ematen diotela lehentasuna.

MIRAIREN ENPRESA NAGUSIAK

  1. Imar (metalezko xaflak)

  2. Fervilor (metalaren eraldaketa)

  3. Naivan (metalaren eraldaketa)

  4. Tecro (eskailerak)

  5. Model Metal (metalezko egiturak)
  6. MAM (metalezko egiturak)
  7. Afarvi (ur instalazioak)
  8. Reco (estaldura kimikoak)
  9. IDK (elektronika)
  10. Coycavi (elektronika)
  11. Tectron (elektronika)
  12. TER (elektronika)
  13. Alco (elektronika)
  14. Isfa (nekazaritza)
  15. Batela (jantziak)
  16. Ternum (kosmetikoak)
  17. Coper laborategiak (kosmetikoak)
  18. Jumsa (kosmetikoak)
  19. Cosmeprint (kosmetikoak)
  20. Facial Clinique (medikuntza estetikoa)
  21. Diego de Leon klinikak (medikuntza estetikoa)
  22. Livet (ile inplanteak)
  23. Afesa (hondakinen kudeaketa)
  24. Excavaciones Mendiola (hondakinen kudeaketa)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA