Ez da horrelakorik maiz ikusten. Garbi-garbi du Danobatek bere Elgoibarko lantegia (Gipuzkoa); zoruak berak distira egiten du. Bada, beste proiektu bat garatuko dute lantegi horretan, aurretik beste inon ikusi ez dena, eta kooperatibak distira egin nahi du. Robotak dira proiektu horren oinarria; robot handiak, makina-erreminten fabrikazioan «aukera berriak» sortuko dituztenak.
Roboost izena jarri diote proiektuari, eta ohiko makina-erremintaren muga tradizionalak gainditu nahi dituzte horren bidez. «Makina-erremintaren zehaztasuna eta zurruntasuna robot baten malgutasunarekin uztartu nahi izan dugu; bananduta zeuden bi mundu elkartu», adierazi du Xabier Alzaga Danobateko kontseilari ordezkariak. «Fidagarritasunik handiena» lortzeko gai izango direla espero dute, baita eragiketa kritikoenetan ere.
Hortaz, Alzagak nabarmendu du proiektu hori «beste kategoria teknologiko batean» kokatzen dela, hau da, beste maila bat sortu dutela fabrikazio aurreratuaren sektorearen barruan: robot industrialena. «Lehiatzeko modua aldatuko dugu, eta eskakizunetara hobeto moldatuko gara horrela». Esplikatu du robot horiek aukera emango diela serie laburragoak egiteko eta makina mota gehiago ekoizteko.
«Makina-erremintaren zehaztasuna eta zurruntasuna robot baten malgutasunarekin uztartu nahi izan dugu; bananduta zeuden bi mundu elkartu»
XABIER ALZAGAÂ Danobateko kontseilari ordezkaria
Lantegian bertan egin dute proiektuaren aurkezpena, eta bertan mintzatu dira Alzaga bera, Nerea Aranguren Danobateko zuzendari nagusia, Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia. Aurkezpenaren aurretik, robota martxan ikusteko tartea izan dute. Lau metro inguruko altuera du robotak, beltza da, lau tokitan tolesteko gai da, eta besoaren muturrean punta zorrotz bat du.
Teknologia iraultzailetzat jo du Jauregik Roboost proiektua. Nabarmendu du makina-erreminta eta fabrikazio aurreratua direla «Euskadiko industriaren motorrak», eta hemendik aurrera ere horrela izan dadin anbizioa beharrezkoa dela: «Aurrerantzean ere aitzindari izan nahi badugu, inork baino azkarrago egin behar dugu korrika».
Tentsioa nazioartean
Baina handia da tentsioa lasterketa horretan, eta handia da lehen postuetan kokatzeko lehia. Arangurenek dioenez, «zaila» da nazioarteko egoera, eta merkatuetan «tentsio handia» dago: «Zailtasunak ikusten ditugu historikoki gureak izan diren merkatuetan ere». Zailtasun horiei ondo eutsi die oraingoz Danobatek, baina, makina-erremintaren sektore osoari erreparatuz gero, ondorioak bistakoak dira. Fabrikazio aurreratuaren AFM klusterraren arabera, enpresen fakturazioa %5 apaldu zen iaz, eta 2026rako ez da aldaketa handirik espero.
Lasterketaren egoera ikusita, argi dauka Alzagak zer dela eta hasi ziren proiektu berria diseinatzen: «Galdera ez zen zer egin lehiatzen jarraitzeko, baizik eta zer egin lehen postuari eusteko». Roboost izan da galdera horren erantzuna, baina hori garatzeko Danobatek beharrezkoa izan du laguntza. Euskadi 2030 Industria Planaren barruan sartu dute proiektua, eta, Jauregik esan duenez, 50 milioi euro inbertituko dituzte datozen hiru urteetan. Horietatik 35 milioi euro I+G garapen teknologikoko jardueretarako izango dira.

500 lanpostu sortuko ditu proiektuak, eta balio kate oso bat aktibatuko dute, robotak diseinatzen hasi eta ekoizpenaren azken emaitzaraino. Proiektuak klusterren laguntza ere izango du: AFM klusterrarena nagusiki, baina baita Hegan Aeronautika klusterrarena ere.
Lanpostuak sortzeari eman dio garrantzia Mendozak. Esan du Gipuzkoako enpleguen %11,5 teknologikoak direla, eta hori dela bidea fabrikazio aurreratuaren sektoreak egokitzeko gaitasuna izan dezan. «Etorkizunerako apustua da, etorkizuneko eremuetan, baina daukaguna eraldatuz eta oinarri horri eutsiz».