Makina-erremintaren sektoreak «zapore gazi-gozoarekin» bukatu du 2025. urtea, eta 2026rako ere ez du aldaketa handirik aurreikusten. Enpresen fakturazioa %5 apaldu zen iaz, 2.207,6 milioi euroraino, eta, eskaerak oro har %2,3 ugaritu diren arren, sektorearen eskari zorroa ahula da oraindik ere, bereziki deformazioaren azpisektorean. AFM klusterreko arduradunek aitortu dute egoera «konplexua» dela eta sektorearen merkatu nagusietan «ziurgabetasuna» nagusitzen ari dela.
Kolperik handiena deformaziorako makinak egiten dituzten enpresek hartu dute —piezak tolestu, prentsatu edo konformatzeko erabiltzen diren makinak fabrikatzen dituztenek—. Azpisektore horretan, iaz ere eskaerek atzera egin zuten, eta jarduera azken urteetan egindako kontratuekin mantentzen ari da. Deformazioaren fakturazioa %21,2 jaitsi da, eta esportazioak ere %5,1 apaldu dira, 285,9 milioi euroraino. Horko enpresek, neurri handi batean, autogintzarako egiten dituzte makinak, eta sektore horren «etenaldiak» eta inbertsioen motelaldiak «gogor» eragiten dio, Jose Perez Berdud AFMko presidenteak azaldu duenez.
Hobeto eutsi dio beste azpisektore nagusiak: harroketarenak —piezetan zuloak, irudiak, errailak eta bestelako formak egiteko makinak egiten dituenak—. Enpresa horien fakturazioa %4,4 handitu da, eta esportazioak %2,1 handitu dira, 864,4 milioi euroraino. Gainera, eskaeretan «errekor historikoa» lortu du 2025ean, eta datozen hilabeteetarako eskaera zorro sendoagoa du. Hala ere, merkatuaren ziurgabetasuna harroketa ere baldintzatzen ari dela ohartarazi dute sektoreko arduradunek.
«2025a zaila da kalifikatzen; urte berean ia kontraesankorrak diren egoerak izan ditugu: harroketak errendimendu bikaina izan du, fakturazioa handitu du, eta eskaeretan hazkunde oso nabarmena izan du; deformazioa, berriz, nabarmen erori da», laburbildu du Perez Berdudek.
«Txina gure makinen inportazioa mugatzen ari da. Oso lehiakide sendoa da. Industrian aurrez sekula izan ez den uholde baten aurrean gaude»
XABIER ORTUETAAFM klusterreko zuzendari nagusia
Epe laburrean, makina-erremintako enpresek diote ez dutela aldaketa handirik espero. AFMko buruaren arabera, erronka nagusia jarduera egonkor mantentzea izango da, batez ere deformazioan, eta autogintzaren krisiari aurre egiteko ezinbestekoa ikusten du beste sektore batzuetara zabaltzea eta bereziki «energian, aeronautikan eta defentsan dagoen dinamismoa» baliatzea.
AEBak lehen merkatua
Makina-erremintaren sektoreak pisu handia du Hego Euskal Herriko sare industrialean, Gipuzkoan nagusiki. Klusterrak 126 bazkide ditu, eta enpresa horiek denek 8.000 langile inguru dituzte.
Sektore esportatzailea da. Iaz, 1.739,9 milioi euroren salmentak egin zituzten, 2024an baino %0,6 gutxiago.
AEBak izan dira berriro ere lehen merkatua (%13,5). 2024tik hala da, eta haren garrantzia «sendotu» dela azpimarratu dute klusterreko buruek. Donald Trump presidentearen muga zergek eragin mugatua izan dute sektorean. Izan ere, AEBetan ez dago makina-erremintaren ekoizle askorik, eta horiek behar dituzte hango enpresek, Etxe Zuriak bultzatutako berrindustrializazio planak garatzeko.
Alemania da orain sektorearen bigarren merkatua, bereziki autogintzari esker. Jaitsiera handiagoa espero zuten, baina, hala ere, «egonkor» mantendu da (%13,2). Mexikok (%9,6), Italiak (%6,8) eta Txinak (%6,2) osatzen dute bost merkatu nagusien zerrenda. Txinaren kasuan, «beherakada txiki bat» izan da aurreko urtearekin alderatuta, eta horrek agerian uzten du merkatu horren «aldakortasuna», AFMko kideek adierazi dutenez.
Eskaerek ere egin dute gora, %2,3 oro har, baina gogoratu behar da arlo horretan 2024a inoizko urterik txarrenetarikoa izan zutela bertako ekoizleek, %23ko beherakada izan baitzuten. 2025ean, «barne merkatuak» eman dio arnasa sektoreari. Eskaerak %41,5 gehitu dira Espainian, eta %17,5 Europan. Amerikan %4,3 handitu dira; kasu horretan, AEBak izan dira lehen merkatua, guztizkoaren ia %22. Txinan, ordea, eskaerak %1,2 apaldu dira.
Txinaren «mehatxua»
Txinaren rola da sektoreko kezka nagusietako bat. Xabier Ortueta AFMko zuzendari nagusiak ohartarazi du Asiako erraldoia Euskal Herrian egindako makinen inportazioa «mugatzen» ari dela, Pekingo gobernua tokiko ekoizleak «laguntzen» ari delako, eta hango ekoizleak aurrerapen teknologiko handiak egin dituelako azken urteetan. Horrek beste merkatu batzuetan ere badu eragina, Ortuetak gogoratu duenez «oso prezio txikiko produktuekin» sartzen ari baitira: «Lehiakide oso sendoa da. Industrian aurrez sekula izan ez den uholde baten aurrean gaude», ohartarazi du.
Ikusi gehiago
Txinako enpresekin lehiatu ahal izateko «esfortzu publikoa eta pribatua» ezinbestekoa izango dela nabarmendu du Ortuetak. «Enpresek teknologiaren aldeko apustua egiten jarraitu behar dugu, nitxo eta sektore jakin batzuetan dugun sendotasunari eutsiz, baina aukerak aprobetxatuz eta dibertsifikazioari uko egin gabe. Gure lehiakideengandik ikastea ere garrantzitsua da, baita txinatarrengandik ere». Administrazioei, berriz, laguntza eskatu die, «kolpea geldiarazteko».
1.500
Zenbat enpresak parte hartuko duten Biurtekoan. 2026ko martxoaren 2tik 6ra Makina-erremintaren Nazioarteko 33. Biurtekoa egingo dute Barakaldoko BEC erakustazokan, Bizkaian. 29 herrialdetako 1.500 enpresak parte hartuko dute.