Hamar urte bete dira Bizum sortu zenetik. Espainiako sistemako bankuek sortutako plataforma bat da, eta erabiltzaileei aukera ematen die elkarren arteko ordainketak sakelako telefonoaren bidez egiteko, azkar eta erraz. Erabat baldintzatu ditu herritarren ordaintzeko ohiturak, eta oso ohikoa da lagun talde batean zera entzutea: «Ordainduko dut afaria nik, eta egidazue bizum bat». Orain, plataforma horrek beste jauzi bat egingo du, eta datorren astetik aurrera Hego Euskal Herriko saltokietan aukera izango da Bizum bidez ordaintzeko, telefonoa dendariaren ordainketa terminalera hurbilduz, NFC teknologiaren bitartez.
Astelehenetik aurrera hasiko dira aukera hori eskaintzen. Baina progresiboki izango da, saltoki batzuetan eta erabiltzaile batzuetan lehenik, eta hedatuz joango dira ondoren. Espero dute urte amaiera baino lehen prozesua erabat amaituta egotea. Hala ere, banku bakoitzari dagokio Bizumekin saltokietan ordaindu ahal izateko sistema hori garatzea, finantza erakunde bakoitzarena baita saltokietan modu digitalean ordaintzeko terminala. Izan ere, denak dira osagarriak, baina banku bakoitzak du bere Bizum plataforma.
Laboral Kutxako iturrien arabera, sistema «gutxinaka-gutxinaka» ezarriko dute. Azaldu dute gauzak ondo definitu behar direla teknikoki, eta ondo egin behar direla «beharrezko garapen informatikoak». Bizumeko arduradunak finantza erakundeekin harremanetan daude, proiektua gidatzen eta sistema hori ezartzeko modu onena zein den azaltzen. Kutxabankeko iturriek adierazi dute «sektorearekin lerrokatuta» daudela beraiek ere.
Bizumen gaitasunak zabalduta, bankuen sektoreak eskua sartu nahi du duela urte gutxi arte eskueran ez zeukan arlo batean: ordainketa digitaletan. AEBetako enpresa bat da gaur egun arlo horretan liderra: Visa. Baina orain, ordainketa sistema propioa garatzeko eta enpresa horien menpekotasuna murrizteko aukera topatu dute bankuek, eta Visa, Mastercard, Google Pay, Apple Pay eta antzekoen alternatiba sortuko dute: Bizum Pay.
Zer lortu nahi du Bizumek?
Ordainketa digitalak egin ahal izatea beste enpresa baten bitartekaritzarik gabe, eta komisioen dirua ere poltsikoratzea. Izan ere, gaur egun egiten den erosketa digital bakoitzeko dendariek komisio txiki bat ordaindu behar diote Visari. Gaingiroki azalduz, ehun euroko erosketa batean bost-hamar zentimo ordaintzen dizkio dendariak Visari.
Bankuari ere ordaintzen diote dendariek gaur egun. Ehun euroko erosketetan, hogei zentimo inguru izan daitezke, eta, batzuetan, baita gehiago ere, saltokiak eta bankuak terminala erabiltzearen truke (TPV) duten kontratuaren arabera.
Zer aldatuko da Bizumekin erabiltzaileentzat eta dendarientzat?
Oraingoz, ezer gutxi. Erabiltzaileak dohainik izango du aurrerantzean ere modu digitalean ordaintzeko zerbitzua, eta dendariarentzat, momentuz, ez da aurreikusten prezioak nabarmen jaitsiko direnik. Bizum bidez, finantza erakundeek ahalmena izango dute Visak ezartzen duen komisioaren zenbatekoa murrizteko eta dendariek ordaindu beharrekoa zertxobait gutxitzeko —banku bakoitzak izango du komisio hori zenbatekoa izango den ezartzeko ahalmena—. Hala ere, Bizumen aholkuei jarraituz, hasieran gehienek ez dute kopuru hori asko murriztuko, eta Visarenaren antzekoa izango da kasu gehienetan.
Laboral Kutxako iturriek, adibidez, esplikatu dute beraiek «jarrera neutroa» hartuko dutela, eta ez dutela ordainketa digitaleko zerbitzu hori Visak baino merkeago eskainiko: «Tarifak parekatzea da gure asmoa; hau da, saltokiarentzat berdin-berdin izatea bezeroak Visarekin edo Bizum bidez ordaintzea». Beraz, erabiltzaile bakoitzak erabakiko du zer ordainketa metodo erabiliko duen, eta komisio horiek noren poltsikora joango diren.
Dendariek zer egin beharko dute Bizum abiarazteko?
Nahikoa izango dute beren terminaletan (TPV) eguneratze bat egitea, haien bankuak hala egiteko eskatzen dietenean. Finantza erakundeetako iturrien arabera, eguneratze horrek ez luke zailtasun handirik izan beharko.
Hala ere, ezjakintasun handia dago sektorean. Leire Loroño Gu Dendari Bizkaiko merkatarien elkarteko presidentearen arabera, dendari askok ez dute oraindik bankuen informaziorik eta argibiderik jaso. Bilboko Koba dendan egiten du lan Loroñok, eta uste zuen norbanakoen arteko bidalketak egiteko erabiltzen den moduan erabiliko zela Bizum saltokietan ere.

Zer dio Bizumek?
Haien webgunean ez dago oraindik argibiderik. Baina finantza erakunde gehienek esan dute Bizum ari dela arduratzen produktua abiarazteaz, eta hark esaten duenari erreparatzen ari zaizkiola bankuak.
Joan den astelehenean, Bilbon izan zen Angel Nigorra Bizumeko zuzendari orokorra, eta esan zuen Bizumi falta zitzaion «azken urratsa» dela saltoki fisikoena. Kontuan izan behar da 2019an abiarazi zutela Bizum Internet bidezko ordainketak egiteko ere, eta 2025 amaieran 100.000 online dendak eskaintzen zutela aukera hori. «Erabiltzaileen ordainketa metodo gustukoena izateko helburua beteko dugu, eta ziklo osoa itxi: norbanakoen arteko ordainketak, online ordainketak, eta aurrez aurreko ordainketak».
Txartelak desagertu egingo dira?
Ez derrigorrean, baina posible da haien erabilera asko txikitzea. Bizumeko zuzendari orokorrak adierazi du oraingoz ez duela gertu ikusten Bizumek kreditu txartel propioa ateratzeko aukera, baina ez du ideia baztertu.
Zeintzuk dira Bizumen ondorengo urratsak?
Europan du jarria begirada. Nigorrak baieztatu zuen ekainean sortuko zela Europako Batasuneko Bizumen antzeko ordainketa sistemak bateratuko dituen erakundea, eta urte amaierarako edo 2027 hasierarako espero dutela erabiltzaileen arteko ordainketak azkar eta erraz egin ahal izatea. Erakunde horren barruan sartuko dira gutxienez hamar herrialdetako plataformak: Espainia, Italia, Portugal, Frantzia, Alemania, Belgika, Danimarka, Finlandia, Norvegia eta Suedia.
Ikusi gehiago
Â