Euro digitala, iristekotan, ez da 2029ra arte helduko

Banku komertzialekin batera, Europako Banku Zentrala ere ari da ordainketak egiteko tresna subirano bat prestatzen. Europako Parlamentuan dago orain gaia, eta espero da uda aurretik euro digitalaren legegaia ontzat hartzea.

Euroaren irudi bat, Frankfurten. ROLAND WITTEK / EFE
Euroaren irudi bat, Frankfurten. ROLAND WITTEK / EFE
Iker Aranburu.
2026ko maiatzaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizum dendetan erabiltzeko aukerarekin, euro digitalak izango zukeen ezaugarrietako bat izango dute eskura Hego Euskal Herriko herritarrek. Euro digitala erabili ahal izango duten, hori oraindik ikusteko dago, Europako Banku Zentralaren proiektu kuttuna oraindik amaitu gabe baitago. 

2019an ekin zion proiektuari EBZk, baina, Europako Batasunean ohikoa denez, luzea doa. Euro digitala sortzeko aukera subiranotasunaren aldeko urrats gisa saldu du Frankfurtek, eta gogorarazi du gaur egun ordainketa digitalak AEBetako enpresen bitartekaritza eskatzen duela, hala nola Visa, Mastercard, Google Pay eta enparauena. 

Sistema horrek funtzionatu egiten duen arren, EBZk gogoan dauka zer gertatu zen Errusiarekin Ukraina inbaditu zutenean: Swift nazioarteko ordainketa sistematik kanpo geratu zen Errusia, eta arazoak izan zituen bere sistema propioa ezarri arte. Onartuta ere euroguneari halakorik gertatzea oso zaila dela, euro digitala subiranotasun ariketa gisa ikusten du EBZk.

Gaur egungo sistemekiko abantaila nagusia zera da: euroguneko herrialde guztietan erabili ahal izango dela, baita mugaz gaindiko erosketetan ere, eta, banku zentralaren diruarekin egingo denez, erabiltzaileak segurtasun are handiagoa izango duela ez dagoela inolako iruzurrik.

Berez, mugaz gaindiko ordainketak egiteko moduak badaude gaur egun, Alemaniako, Frantziako eta Belgikako banku nagusiek sortutako Wero sistemarekin. Aurki erosketak ere egiteko erabili ahal izango dela iragarri du Werok. Aplikazio hori Bizum, Bancomat (Italia) eta Vipss Mobile Pay (Eskandinavia) bateragarri izango da aurten, eta, hala, euroguneko herritar gehienek erabili ahal izango dute.

Haiek ere beren ordainketa digitalerako sistema propioak garatzen ari direnez, banku komertzialek ez dute, noski, euro digitala batere maite, haien diru iturrietako bat galduko baitute herritarrek, komertzioek eta enpresek ordainketak zuzenean EBZren bitartez egiten badituzte. Argudiatu izan dutenez, euro digitalak agian kredituak murriztuko ditu, bankuak aurrezkiaren zati txikiago bat bilduko dutelako, eta arriskuan jar daiteke finantza egonkortasuna.

Kritikak kritika, eta bi urteko gogoeta baten ondoren, 2023ko azaroan abiatu zuen ofizialki EBZk euro digitala sortzeko prozesua. Bi urtez, euro digitalaren onurak eta arriskuak aztertu zituen, eta haren amaieran, erabaki zuen baietz, aurrera egingo zuela.

PPko Navarreteren esku

Baina gogoeta ez da bukatu eta euro digitala sortzeko legediaren eraketa motel doa. Europako Batzordeak egin zuen bere proposamena, eta Europako Parlamentuan dago orain gaia, baina zatiketa da nagusi ganbera horretan. Oro har, sozialdemokratak, berdeak, liberalak eta ezkertiarrak proiektuaren alde daude, baina eskuinean, berriz, gehienak aurka dira. Eta azken horietakoa da Fernando Navarrete espainiarra (PP), euro digitalaren gaineko legedia prestatzearen arduraduna.

Kontua da Navarretek kasu jakin batzuetarako nahi zuela euro digitala —Internetik ez dagoenerako—, banku komertzialen ekinaldiak ez zapuzteko. Baina zentroko eta ezkerreko eurodiputatuek Navarreteren proposamena atzera bota zuten martxoan, eta orain beste testu bat landu beharrean da. Azaldu duenez, euro digitalaren erabilera gutxiago mugatuko du, «baina sektore pribatuarekin elkarlanean» erabili ahal izatea da bere helburua. 

europako parlamentua
Bozketa bat Europako Parlamentuan, artxiboko irudi batean. ROLAND WITTEK / EFE

Navarreteren azken testua udako etenaldiaren aurretik bozkatu ahal izango dela espero da orain, eta, baiezkoa jasoko balu, testu hori eurogunea osatzen duten 21 estatuetako gobernuekin negoziatu beharko du. Horrek esan nahi du 2023an jarritako epeak —2026an edo 2027an iritsiko zela— atzeratu egingo direla halabeharrez.  EBZren asmoa da 2027an proiektu pilotu bat martxan jartzea eta 2029an sortzea ofizialki euro digitala.

Baina bi urte eta erdi edo hiru urte falta dira horretarako, eta tarte hori eternitate bat da finantza munduan. Aditu askok ohartarazi dute gerta litekeela euro digitala zahartuta jaiotzea. Horregatik, euro digitalarekin batera, kriptodiruetan eta kriptodiru egonkorrak deitutakoetan zer egin dezakeen ere aztertzen ari da banku zentrala.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA