ELBko bozeramailea

Julen Perez: «Dena galtzeko dugunez, legez kanpo izatera permititzen diogu geure buruari»

EB-Mercosur akordioaren eta politika sanitario bortitzen testuinguruan, Julen Perez ELB sindikatuko bozeramailea kezkaturik agertu da laborarien etorkizunaz, «desagertzeko arriskua» aipatzeraino.

Julen Perez, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Julen Perez, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai
BOKALE
2026ko urtarrilaren 12a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baionako portuan egin duten blokeoaren harira, Julen Perez mintzatu da tokian bertan egin duten prentsaurrekoan, erremorka zabal baten gainean, ELB sindikatuko bandera eskuan. Garai zailak dira laborarientzat; jende saldoa so zuela, abiatu da: «Lehenik erran ni harro naizela hemen izateaz. Ikusiz zer jende baten eta mobilizazioak nola hartu duen, kontent naiz. Laborari batzuk goizik jaiki dira, usaian baino goizago, eta portua giltzapetu dute bospasei traktoreekilan; beraz, biba zuek! Harro naiz zuen ondoan izateaz eta zuekilan borrokatzea ere ondoko egunetan».

Batez ere Baionako portua blokeaturik, EB-Mercosur akordioa salatu nahi izan duzue. Zergatik da ELB tratu horren kontra?

Sinetsarazi nahi digute harreman ekonomiko horiek abantailak ekarriko dizkiola Frantzia osoari, baina, tokian-tokian, zentzugabea da: konkurrentzian emanen dituzte Latinoamerikatik datorren artoa eta hemen ekoitzitakoa. Ezinezkoa da. Artoa hemen ekoizten duenak ezin du sari duinik jaso parean jartzen bada bi aldiz merkeago ekoitzia izan den bat. Haragiari dagokionez, idatzia da puska nobleak oro igorriak izanen direla Latinoamerikatik; 99.000 tona dira, gutxi gorabehera. Alimalekoa da.

«Artoa hemen ekoizten duenak ezin du sari duinik jaso parean jartzen bada bi aldiz merkeago ekoitzia izan den bat»

Hots, konkurrentziak zaituzte beldurtzen.

Buxet guziak behera doazen garai hauetan, erran nahi du bihar haragi puska horiek erosiko dituztela kolektibitateek, kantinek, ospitaleek, jatetxeek... Beti berdin: lekuan ekoizten ditugun hazkurriek ez dute gehiago biderik ukanen. Ulertzen dut enpresa baten interes ekonomikoa merkeenaren erostera joateko, baina kalitateari gailentzen zaio eta hori dugu salatzen: ez dugu tronpatu behar Latinoamerikatik iritsiko diren hazkurrien kalitatearen inguruan; ez dugu laborantza ekonomiaren ikuspegi bera, eta, gainera, han, ekoizpen neurriak biziki desberdinak dira hemengoen aldean.

Oraino gehiago, bada nehork egin nahi ez duen galdera bat: osagarriarena. Baliteke egun Mercosurreko haragia jaten duen jendea hogei urteren buruan eri izatea pestizidak eta hormonak bazirelako, besteak beste...

Ituna bozkatua dute, alta; izenpetzea baizik ez da falta. Zer geratzen zaizue?

Gure esku deus ez da gehiago, salatzea baizik. Hala ere, EB-Mercosur akordioa Europako Parlamentuan bozkatu behar dute; beraz, orainokoan, ez da egina. Gure lana izanen da —eta jadanik ari gara— Europako parlamentariei erakustea zendako ez garen ados, eta galdegitea bozka horren kontra egin dezaten.

Euskal Herrian egituratu gara gure tresnekin: izan hazkuntzarendako, gizentzeko, hiltegiendako, transformatzeko eta gero saltzeko; hau da, ekoizten dugun hazkurri hartarik bizitzeko. Baina horrek ez du kentzen laborantza saila nekezian dela beti, bai klima aldaketagatik, bai EB-Mercosur eta halako akordio batengatik, baita Frantziak plantan jartzen dituen politika sanitarioengatik ere.

«Bada nehork egin nahi ez duen galdera bat: osagarriarena. Baliteke egun Mercosurreko haragia jaten duen jendea hogei urteren buruan eri izatea pestizidak eta hormonak bazirelako, besteak beste...»

Agian zaila da hain luzaz mobilizatzea, eta Pirinio Atlantikoetako prefetura hasia da bere postura gogortzen, bost astez blokeoak egon ondotik...

Oro har, ohartzen gara azken bulta honetan Frantziako Estatuak hozka batez gogortu dela. Uste dut A64 eta A63 autobideen blokeatzeak zailtasunak ekarri dizkiola Baionako hiriari, eta prefetak, logika osoz, erran du ezin duela onartu tentsio horri beste bat gehitzea. Mehatxu bat bezala igorri digu, baina ELB —beste sindikatu batzuk bezala— ez da mehatxuekin geldituko. Parean, dena galtzeko dugu. Politika sanitarioak hola-hola egoten baldin badira, etxaldeak desagertuko dira, eta laboraririk ez da gehiago izanen, hazkuntzarik ez baita izanen. EB-Mercosur tratua bururaino joaten baldin bada, konkurrentzian izanen gara kanpoko mozkinekilan, Euskal Herriko laborantzaren kaltetan, berriz ere. Dena galtzeko dugunez, legez kanpo izatera permititzen diogu geure buruari.

Kemen horrek eta tirria horrek gaina hartzen du. Akituak izanik ere, kexaturik izanik ere, ez bagara behar orduan behar lekuan gure nahien defenditzen, deus ere ez da gertatuko. Gure barneko indar horrek gaina hartzen du, eta permititzen digu egun bezala 200 pertsona biltzea errateko ez garela ados.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.