A63 autobidea desblokeatu berritan, ELBko laborariek Baionako portua blokeatu dute

'A63ko ultrak' gauean joan dira lekutik. Goizean goizetik, haatik, ELBko, Confederation Paysanneko eta Modefeko laborariek Baionako portua blokeatu dute; Europako Parlamentuko diputatuei dei egin diete EB-Mercosurreko akordioa oztopatzeko.

Goizeko blokeoan laborari sindikatuek ekarrekin eman duten prentsaurrekoa, Baionako portuan. NAHIA GARAT
Goizeko blokeoan laborarien sindikatuek elkarrekin eman duten prentsaurrekoa, Baionako portuan. NAHIA GARAT
Leire Casamajou Elkegarai
Baiona
2026ko urtarrilaren 12a
13:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

A63 autobidea ostiraletik blokeatzen ari ziren A63ko ultrak delakoek alde egin bezain laster, Baionako portua blokeatu dute ELB, Confederation Paysanne eta Modef sindikatuetako laborariek. Abenduan, dermatosi nodular kutsakorraren kontrako protokoloarengatik egin zituzten blokeoak; azken egun hauetan, berriz, Europako Batasunaren eta Mercosurren arteko merkataritza librerako itunagatik. Laborariak kexu dira beren lanbidea lanjerean jartzen duten legeengatik, baina, azkenean, egoera ez da aldatu: dermatosi kasu bat agertuz gero etxaldean behi saldo osoa hiltzeko agindua dute beti, eta Mercosurreko akordioa larunbatean izenpetzekoa dute Paraguain. Hala ere, laborariek ez dute indarrik galdu, blokeo bat desegin berritan beste bat plantatu baitute.

Ipar Euskal Herriarendako ELB sindikatua, Biarnorako Confederation Paysanne, eta Landetako Confederation Paysanne eta Modef aritu dira. Intersindikalaren indarraz harro agertu dira bozeramaileak. EB-Mercosur akordioa da asteko aktualitatea, baina azpimarratu nahi izan dute anitzez ere orokorragoa dela haien kexa. Hala zioen intersindikalak prestatutako deialdi bateratuak: «Merkataritza libretik ateratzeko, EB-Mercosurri ez! Jendetasunik gabeko politika sanitario baten kontra, mobiliza zaitezte!».

Eta, batez ere, dermatosiaren kontrako protokoloaren «zentzugabekeria» oroitarazi dute. Erraterako, behien delako eritasunaren kontrako protokoloak agintzen duena da etxaldean kasu bat agertuz gero saldo osoa hiltzea. Hatsarretik desados agertu dira laborariak, txertaketa hasi denaz geroztik gehiago, txertaketaren zabalpenak ez baitu ekarri hilketa masiboen neurria kentzea.

laborariak
Laborariak gaur, Baionako portuko protestan. NAHIA GARAT 

ELBk bestelako protokolo bat eskatu du, eritasuna duten behiak hiltzea baizik ekarriko lukeena eta eritasunik gabekoak babestuko lituzkeena. Gogorarazi dute behien tuberkulosiaren kasuan ber manuak jaso zituztela joan den urtean, kasu bat agertuz gero tropa osoa hiltzekoak. 2025 hondarrean, alta, protokoloaren aldaketa jakinarazi zitzaien: hilketa prebentiboak eta partzialak baizik ez dituzte eginen.

Laborariek bestelako protokolo batean sinesten dute. Pirinio Atlantikoetako departamenduko eremuko %95ean behien %75 txertatua izanen delarik, orduan immunitate kolektiboa lortua izan behar litzateke; laster iristekoak dira hein horretara. ELBkoek adierazi dutenaz, Frantziako Gobernuak orduan irekiko lioke atea protokolo berri baten negoziazioari, zeinentzat jadanik emendakinak aurkeztu dituen ELBk. Hala ere, immunitate naturalaren garrantzia azpimarratu dute, «txertaketa beharrezkoa izanik ere eritasunaren tsunami bat saihesteko, beste manerarik ere badelako kontra egiteko». 

«Nazioarteko komertzioaren» kontra

Hasieran Baiona hegoaldeko McDonald's ostatuaren biribilgunean ezarria zuten bilgunea, baina azken momentuko deialdia egitean goizean goiz, lekua aldatu dute. Taktikak funtzionatu du, polizia guziak hara joan direlako goizean, eta Baionako porturako bidea libre baitzuten laborariek. Zehazki, Maisica zereal biltegiaren aitzinean plantatu dira, Bokaleko lurretan. Biderik ez dute blokeatu honakoan, baina ekintza sinboliko bezala definitu dute goizekoa, «nazioarteko komertzioa» irudikatzen duelakoan guneak.

Hala, bereziki EB-Mercosur akordioari egin diote erreferentzia. Berez, gaur izenpetzekoa zuten akordioa Paraguain, ostiralean Europar Kontseiluak akordioari oniritzia eman ondotik, eta sindikatuek «ekonomia ultra-liberal globalizatu eta suntsitzaile» baten parte dela uste dute. Hala ere, izenpetzea larunbatera gibelatua izan da, eta bozeramaileek prozedura eteteko deia egin diete Europako diputatuei. Akordioa sinatuko balute, Mercosurreko lau herrialdeetako produktuak errazago sartuko lirateke Europara, merkeago, eta ingurumen neurri gutiago beterik. «Konkurrentzia desleiala» ekarriko lieke laborariei, behin eta berriz errepikatu duten bezala.

laborariak
Laborariak Maisica zereal biltegiaren aurrean, gaur goizean. NAHIA GARAT

Orenak aitzina, jende saldoa iritsi da: azkenean, sindikatu bakoitzeko bozeramaileek berrehun bat pertsonaren aitzinean egin dute prentsaurrekoa, 10:00etan. Biarnoko konfederazioko Julien Iladoyk bezperan kazetari batek egin zion galdera bati erantzun nahian hartu du hitza: «Galdegin zidan: ez zarete asetzen jendea blokeatzeaz? Ez zarete asetzen jendearen mugikortasuna kaltetzeaz? Hona nire lehen erantzuna: ez dugu guk horren ardurarik. Demokraziari bizkar ematen diotenek dute horren ardura».

Prefetura ere kexu

Frantziako Estatuak hainbat blokeori aurre egin behar izan dio abendutik geroz. Ipar Euskal Herrian, laborariek A64 autobidea blokeatu zuten 12tik 26ra; joan den ostiraletik, A63an ezarri ziren beste batzuk, atzo gauera arte; gaur goizean, berriz, Baionako portuan aritu dira. Eta sumatu da Pirinio Atlantikoetako prefetaren tonuaren aldaketa laborarien mobilizazioak iraun duen bost aste hauetan aitzina. Atzo gauean, hain zuzen, argiki erran zuen agiri batean: «Poliziak osorik mobilizatuko ditugu erabakitakoak errespetarazteko eta herritarren segurtasuna segurtatzeko».

Araban ere protestak

Durruma inguruan A-1 errepidea itxi nahi zuen Ataca Trebiñu eta Araba Landaren Alde Elkarteak, baina Ertzaintzak eragotzi egin die, argudiatuta ez dutela horretarako baimenik. Talde horrek ez du etsi, eta asteazkenera arte autobiako bi errei itxi ahal izateko baimena eskatu du. Helburua trafikoa «kolapsatzea» dela onartu du haren bozeramaile Raul Beitiak.

Bestalde, A63 autobidearen itxierak eragindako kamioi pilaketek arazoak eragiten ari dira, eta 13:00etan hamar kilometro arteko auto ilarak zeuden mugan; AP-8, AP-1 eta AP-636 errepideetan izan dira trabarik handienak. 

mugan bilduko dira EHNE, ENBA eta uagn ostegunean

Ipar Euskal Herriko laborariak ez ezik, Hegoaldekoak ere mobilizatzen ari dira. Aurreko astean traktoreak atera zituzten Gasteizen eta Iruñean, eta gaur ere Mercosurrekin sinatutako merkataritza itunari arbuioa erakusten ari dira Araban.

 Baina haien protesta ekintza nagusia ostegunekoa da, eta ezohiko irudi bat emango du: hiru sindikatu nagusiek —EHNEk, ENBAk eta UAGNk— Irungo mugan biltzera deitu dute.

 Kontzentrazio horrek, berez, bi helburu ditu. Batetik, merkataritza ituna salatzea, eta bestetik, dermatosi nodularra dela-eta laborariek «sentitzen duten babesgabetasuna» azaltzea. Izan ere, nekazariak eta abeltzainak kexu dira, ez baitituzte behi guztiak txertatuko —Gipuzkoakoak eta Nafarroa iparraldekoak soilik txertatutako dituzte—. Haien ustez, txertatutako azienda eta ez txertatutakoa herri mendietan nahastuko da. Salatu dute, halaber, abere bat gaixotuz gero ustiategi osokoak akabatu behar dituztela.

 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.