EAEk Flandriaren eta Valoniaren tratu bera nahi du NPB berrian

Egitasmoak autogobernua «inbaditzen» duela salatu dute Jaurlaritzak eta aldundiek. Ohartarazi dute diru laguntzak %20 murrizteak «arrisku larrian» jarriko lukeela lehen sektorea.

Nekazarien protesta bat, Araban. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Nekazarien protesta bat, Araban. ENDIKA PORTILLO / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko uztailaren 23a
14:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien arabera, Europako Batzordeak aurkeztu berri duen Nekazaritza Politika Bateraturako (NPB) egitasmoak ez du errespetatzen euskal autogobernua. Kezka agertu dute Europako Batzordearen autonomia erkidego edo estatu federaletako eskualdeen konpetentzia esparrua «inbaditzen» duelako, «aurreko NPBren erreformaren aplikazioan gertatu zen moduan». Hori dela eta, Bruselak Euskal Autonomia Erkidegoarekin salbuespen bat egitea nahi dute, Flandriarekin eta Valoniarekin egiten duen bezala.

Europako Batzordeak aurreko astean aurkeztu zuen 2028-2034 eperako aurrekontu proiektua, eta, horren barruan, NPB berria. Horren arabera, lehen sektorerako laguntzak %20 apalduko lirateke. Horrek, Jaurlaritzaren eta diputazioen ustez, «arrisku larrian» jarriko luke Europako Batasuneko «elikadura segurtasuna» eta bertako ekoizleen esportazio ahalmena.

Komunikatu bateratu batean, adierazi dute NPB berria Europako Batasuneko aurrekontuetatik bereizi beharko litzatekeela, eta gutxienez egungo finantzaketari eutsi beharko litzaiokeela.

Salatu dute aurreko astean aurkeztutako egitasmoan funts bakarrean biltzen direla EBren kohesio funtsak eta lehen sektorekoak: ekoizpenerako laguntzak, landa garapenekoak eta arrantzakoak. Ohartarazi dute horrek asko zailtzen duela diruaren banaketa estatu federaletan eta autonomikoetan.

Hala, gaur egungo politikaren bi oinarriak eta horiei lotutako funtsak mantentzea eskatu dute —Feaga (ekoizpenari zuzendutako laguntza zuzenak) eta Feder (landa garapenerako laguntzak)—. Horrekin batera, proposatu dute estatu edo eskualde bakoitzerako finantza poltsa bereziak sortzea eta sektore bakoitzaren errealitatera egokitutako programak diseinatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.