Araba, Bizkai eta Gipuzkoako merkataritza ganberek «baikortasunez» hartuko dute 2026. urtea, baina baita «zuhurtziaz» ere: aurreikusi dute EAEko BPG barne produktu gordina %2 haziko dela datorren urtean, aurten baino zertxobait gutxiago (%2,3). Inbertsioei dagokienez, ordea, gehiago izango dira murriztuko dituzten enpresak handituko dituztenak baino, testuinguru geopolitikoak eragindako ezegonkortasunaren ondorioz.
Bilbon egin duten agerraldiak bi xede izan ditu. Batetik, Arabako Merkataritza Ganberak Eusko Ganberak elkarteko aginte makila pasatu dio Bilbokoari —urtarrilaren 1ean ekingo dio hark bi urteko agintaldiari—, eta bestetik, 730 enpresak bidalitako erantzunei esker osatu duten ikerketaren emaitzen berri eman dute.
«Gauzak nahiko ondo doaz, baina badaude hodei beltzak ere», laburbildu du Jose Ignacio Zudairek, Bilboko Merkataritza Ganberako presidenteak, eta esan du ganberen lana garrantzitsua dela enpresak eta erakunde publikoak lotzeko. Hortaz gain, goraipatu egin ditu Eusko Jaurlaritzaren enpresak errotzeko politikak, eta adierazi du gobernua mesede egiten ari zaiela enpresa handiei eta «haien inguruan sortzen diren balio kateei».
Ildo beretik, Gregorio Rojo Arabako Ganberako presidenteak Talgo erosteko Jaurlaritzaren operazioa nabarmendu du. Gehitu du enpresen tamaina handitzea dela lan gatazka gutxiago izateko bidea, enpresa handietan soldatak eta lan harremanak «ezberdinak» baitira.
Esportazioen susperraldia
Eusko Ganberak-ek egindako ikerketari erreparatuta, aurten hazi egin dira EAEko enpresak, baina aurreikusitakoa baino zertxobait gutxiago. Indartzen ari diren sektoreak zerbitzuena eta eraikuntzarena dira, eta «ahultasun sintomak» erakutsi dituena, berriz, industria.
Datorren urteari begira, baikorrak dira enpresak, eta arlo guztietan hazteko asmoa dute, inbertsioetan izan ezik: ezegonkortasun geopolitikoa eta erregulazioak direla medio, galdetegia erantzun dutenen %15ek inbertsioak murriztuko dituztela esan dute. Handituko dituztenak %13 dira, eta mantenduko dituztenak, %72, gehienak.
Aurtengo urtea bereziki eskasa izan da esportazioei dagokienez —%5,1 murriztu dira—, besteak beste AEBetako presidente Donald Trumpek abiatutako merkataritza gerrarengatik. Baina 2026an nazioarteko merkataritzaren susperraldi bat izango dela uste dute enpresariek: ia heren batek, %31,6k, esportazioak handitzeko asmoa dute. Murriztea aurreikusi dutenak, berriz, %19 dira. Espainiara egiten dituzten salmentak ere handituko dituztelakoan daude %27,2; murriztu egingo dituztelakoan, %17,4.
%31,6EAEko zenbat enpresak duten asmoa esportazioak handitzeko, ehunekotan. 2025. urtean %5,1 murriztu dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresen esportazioak, baina 2026. urtean suspertze bat izango delakoan daude.
Txostenaren arabera, salmentak handitzea posible izango da herritarrek erosahalmena zertxobait berreskuratuko dutelako, inflazioaren jaitsierari eta soldatak berreskuratzeari esker.
Lan merkatuari dagokionez, egonkortasuna nagusi izango dela uste dute, nahiz eta «egiturazko erronkei» aurre egin beharko dieten: demografikoei eta trantsizio ekologikoak eta digitalak sortutakoei, besteak beste. Langileei dagokienez, %82,4 enpresak dute asmoa langile taldea bere horretan mantentzeko, %9,4k langile taldea handitu nahi dute, eta %8,3k, murriztu. Lanpostuak, industrian eta zerbitzuetan sortuko dira bereziki, eta eraikuntzan eta merkataritzan galdu.
Azkenik, ikerketak argitu du enpresen kezka nagusia lan kostuak direla, langile faltarekin eta nazioarteko legediarekin batera. Gehienek uste dute 2026ko testuinguru ekonomikoa aurtengoaren antzekoa izango dela, eta batzuk ezkorragoak dira: %29k uste dute okerragoa izango dela.