EAEko ekonomiaren hazkundea pixka bat moteldu da urteko bigarren hiruhilekoan

BPGa %0,5 hazi da, azken bi hiruhilekoetako tasen azpitik. Enpleguaren sorkuntzak sendo jarraitzen du, %1,4ko tasarekin.

Zerbitzuen ekarpena hazi da gehien azken hiruhilekoan. LUIS TEJIDO / EFE
Zerbitzuen ekarpena hazi da gehien azken hiruhilekoan. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2025eko uztailaren 16a
10:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Udaberriko hilabeteetan pixka bat moteldu da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia. Barne produktu gordina %0,7 hazi zen lehenengoan, baina hazkunde hori %0,5ekoa izan da bigarren hiruhilekoan, Eustaten arabera.

Urte arteko tasan, ordea, kontrakoa ikusten da: %2,1etik %2,2ra pasatu da hazkundea. Hori gertatu da, besteak beste, 2024ko bigarren hiruhilekoa aurtengoa baino pattalagoa izan zelako (+%0,4). 

Jaurlaritzaren azken iragarpenen arabera, aurten %2,1 haziko da EAEko barne produktu gordina, iazkoa baino hamarren bat gutxiago. 

Gaur kaleratutakoa kontu ekonomikoen aurrerapena da, eta Eustatek irailaren 19an emango du informazio osoagoa EAEko ekonomiaren bilakaeraren inguruan. Baina aurreratu du zerbitzuak izan direla hazkundearen motorra. Hori ikusi zen lehen hiruhilekoan ere: orduan, zerbitzuek %2,6ko hazkundea izan zuten urte arteko tasan, eta. %0,7koa baizik ez industriak.

Enpleguaren sorkuntzan ere moteltze arin bat izan da. Enplegua, lanaldi osoko lanpostu baliokide gisa neurtuta, %1,4 igo da urtetik urtera, eta %1,5ekoa izan zen hazkunde hori lehen hiruhilekoan. Zenbaki osoetan, horrek esan nahi du azken urtean 13.000 lanpostu baino gehiago sortu direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.