«Erronka demografikoa» deitzen duten hori ez da langileak topatzeko zailtasunak dituzten zenbait enpresaren kontua; «egiturazko arazoa» da, ondorio ekonomiko nabariak ditu, eta arlo askotan eta modu koordinatuan erantzutea eskatzen du. Hori da Confebask patronalak agindu eta Ieteam aholkularitza agentziak egindako ikerketaren ondorio nagusia. Erronka demografikoa eta lehiakortasuna: diagnostikoa eta ekintzara pasatzeko proposamenak da txostenaren izenburua, eta gaur aurkeztu dute, Bilboko Euskalduna jauregian, Confebaskek antolatutako jardunaldi batzuetan.
Ieteam taldeko Maialen Cajaravillek eta Iñigo Ugartek azaldu dutenez, duela hamar urte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresen %41ek zioten arazoak zituztela profil egokiko profesionalak kontratatzeko. Gaur egun, ordea, enpresen %91k adierazten dute zailtasun hori. Eta arazoa areagotuko da datozen urteetan: biztanleria zahartzen ari da, langile askok erretiroa hartuko dute, eta ondorioa izango da 2045ean gaur egun baino 90.000 langile gutxiago egongo direla, eta hiru biztanletik batek 65 urte baino gehiago izango dituela.
Biztanleen zahartzea ez da arazo bakarra: esan dutenez, «desoreka» dago enpresek bilatzen dituzten profilen eta langileek jasotzen duten prestakuntzaren artean. Unibertsitatean, esaterako, enpresek bilatzen dituzten soslaien %82 sei ikasketa multzotan daude, baina ikasketak amaitzen dituztenen %38 baino ez dira multzo horietakoak.
«Euskadi ez da lehiatzen ari soilik merkatuak eta inbertsioak eskuratzeko; pertsonak eta talentua ere lehiarako esparru dira»
IÑIGO UGARTE Ieteam aholkularitza taldea
Ondorioa argia da: langileak falta dira, batez ere zenbait esparrutan, eta hutsune hori areagotuko da denboraren poderioz. Kalkulatu dute 2035ean 344.735 langile beharko direla, eta, aldaketarik ezean, 103.828 baino ez direla egongo. Hots, 240.907 langile gehiago beharko dira. Horrek esan nahi du lanpostuen %22 hutsik gera daitezkeela. Ondorio ekonomikoak ere larriak izango dira: aberastasun txikiagoa sortuko da –22.606 milioi euro gutxiago BPG barne produktu gordinean–, eta Gizarte Segurantzak gutxiago bilduko du –2.734 milioi euro–.
Lau arlo
Ikerketaren egileen arabera, beharrezkoa da arazoaren neurriaz jabetzea, eta horri «erantzun bateratu eta koordinatua» ematea: «Euskadi ez da lehiatzen ari soilik merkatuak eta inbertsioak eskuratzeko; pertsonak eta talentua ere lehiarako esparru dira», esan du Ugartek. Lau arlotan eragitea proposatu dute, «aldaketarako palankak» direlakoan: gobernantzan, immigrazioan, prestakuntzan eta talentua erakartzeko lanean.
Gobernantzari dagokionez, Cajaravillek eta Ugartek deitoratu dute ez dagoela «koordinazio organo bat» erronka demografikoaren atal guztiei heltzeko, eta erantzun partzialak ematetik «sistema integratu batera» pasatzea proposatu dute. Haien ustez, beharrezkoa da «talentuaren inguruko estrategia integral bat» osatzea, kanpoko talentua erakartzeko guneak sortzea, eta horretan guztian etxebizitza politikak ere txertatzea.
%73Migratutako langileetatik zenbat aritzen diren zerbitzuetan. Ikerketaren arabera, migratutako langileen %73,6 zaintzan, ostalaritzan eta zerbitzuen arloko beste zenbait lanbidetan aritzen dira. Egileen ustez, beharrezkoa da langile horiek industriara, eraikuntzara eta beste esparru batzuetara ere bideratzea.
Immigrazioa «ezinbesteko tresna» da enpresen eskaerari erantzuteko, baina, txostenaren arabera, gaur egungo migrazio fluxuak eta pertsona migratuen laneratzea ez dira «nahikoak»: esan dutenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herritarren %15 dira migratuak, Europako inguruko herrialdeetan baino gutxiago, eta biztanleria aktiboaren %10 baino ez dira. Eskaerarik handiena duten lanpostuak zerrendatzea, migratzaileen jatorrizko herrialdeetan prestakuntza eta kontratazioa sustatzeko programak sortzea, tituluak homologatzeko protokoloak ezartzea eta beste zenbait neurri proposatu dituzte alor honetan.
Talentua sortu eta atxiki
Talentua sortzea ere ezinbestekotzat jotzen du patronalak, eta txostenean hainbat neurri proposatu dituzte horretarako, hala nola «enpresa kultura berri bat» sortzea emakumeen, gazteen eta langile migratuen kontratazioa errazteko, sektore bakoitzak izango dituen beharrak aldez aurretik detektatzea, eta emakumeak industria esparrura erakartzeko programa bereziak abian jartzea.
Baina talentua sortzea bezain garrantzitsua da talentu hori errotu eta ongi prestaturiko langileak atxikitzea. Cajaravillek eta Ugartek esan dutenez, alor honetan gauzak ez daude hain gaizki: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Lanbide Heziketa ikasten dutenen %95 eta unibertsitatean ikasten dutenen %78 sorterrian geratzen dira ikasketak amaitutakoan, eta kanpora doazenen %46k adierazten dute itzultzeko prest egongo liratekeela.
Talentuari eutsi eta kanpora joan direnak itzul daitezela lortzeko, beharrezkoa da «lan eskaintzak hobetzea», ikerketaren egileen iritziz. Talentua errotzeko neurri batzuk proposatu dituzte: langabezian daudenak eta kualifikazio apaleko lanbideetan aritzen direnak trebatzeko programak sortzea, jakintza eta eskarmentua belaunaldien artean transmititzeko moduak bilatzea, lan ibilbidearen lehenengo urteetan langileak fidelizatzeko bideak prestatzea eta abar. Bestalde, uste dute hainbat behargin lanik gabe geratuko direla adimen artifizialaren eta digitalizazioaren hedapenaren ondorioz, eta horiei lana topatzearen garrantzia nabarmendu dute.