EAEko industria jardueren %6,5 baino ez dira teknologia maila handikoak

Eustaten arabera, industriak EAEko balio erantsi gordinaren %23 sortzen du, baina jarduera gehienak teknologia maila txikikoak edo ertain-txikikoak dira.

Industria sektoreko langile bat, Bilboko portuko lantegi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Industria sektoreko langile bat, Bilboko portuko lantegi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko urriaren 21a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Industriak pisu handia du euskal ekonomian, baina teknologia maila handiko jarduerak gutxi dira oraindik. Eustatek gaur argitaratutako txostenaren arabera, 2024an EAEko industria jardueren %6,5 baino ez ziren teknologia maila handikoak. Proportzio hori hiru puntu handitu da 2010etik. Industriaren parterik handiena, %55,2, teknologia maila txikiko edo ertain-txikiko jarduerek osatzen zuten 2024an; %29,9, berriz, ertain-handikoek.

Teknologia maila handiko jarduerak gutxi izan arren, industriak EAEko balio erantsi gordinaren %23 sortu zuen. Industriak ekonomian duen pisua, gainera, inguruko herrialde nagusietan baino handiagoa dela nabarmendu du Eustatek. Europako Batasunean, balio erantsi gordinaren %17,2 sortu zuen industriak; Alemanian, %20,9; Espainian, %14,3, eta Frantzian, %12,1.

Enpleguan ere nabarmena da industriaren pisua. Sektoreak 209.459 laguni ematen zien lana 2024an, EAEko langile guztien %19,8ri. Espainian, berriz, langileen %11,4k egiten zuten lan industrian, eta Europako Batasunean, %15,3k.

Berrikuntza gastuaren %38,3

Baina zer-nolako industria dago datu horien atzean? Eustaten txostenak erakusten duenez, industriako langileen erdiak baino gehiago hiru jarduera adarretan biltzen dira. Nagusia metalurgia eta produktu metalikoen fabrikazioa da: industriako hiru langiletik bat aritzen da horretan (%32,5). Jarduera horrek industriaren balio erantsi gordinaren %27,6 ere sortu zuen 2024an.

Beste bi jarduera adar nagusiak makineria eta ekipoen fabrikazioa eta garraio materialaren fabrikazioa dira. Lehenengoan industriako langileen %11,3 aritzen dira, eta bigarrenean, %9,8.

Teknologia maila handiko jarduerak industriaren parte txiki bat izan arren, industria da berrikuntzan diru gehien gastatzen duen sektorea. 2024an, hari zegokion EAEko enpresek berrikuntzan egindako gastu osoaren %38,3. Industriak ikerketarako eta garapenerako erabili zuen berrikuntzarako jarritako diruaren erdia (%50,2).

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA