Inflazioa oso handia izaten ari da aurten Hego Euskal Herrian, eta ikusi beharko da egoera horrek zer-nolako eragina izango duen datorren urtetik aurrera sinatu beharreko lan hitzarmenetan. Hala ere, orain ere ez da erraza ados jartzea, eta lan hitzarmena berrituta daukaten langileen kopuruan sumatu daiteke hori.
Lan Harremanen Kontseiluak hiru hilabetean behingo txostena plazaratu du, eta irailean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langileen %53,4k zuten lan hitzarmena indarrean —361.000 langilek—. Datu hori iazko irailekoa baino sei puntu txikiagoa da (%60) —389.000 langile— eta 2024ko irailekoa baino hamar puntu txikiagoa (%63,6).
Urteko bilakaera positiboa izan da, hala ere: urtarrilean %43,7 ziren hitzarmena berrituta zeukaten langileak, eta, hilabeteek aurrera egin ahala, lan hitzarmenak sinatuz joan dira. Urte arteko alderaketak, dena den, erakusten du erritmoa ez dela beste urte batzuetakoaren parekoa.
Langile askori eragiten dieten hainbat lan hitzarmen luzatuta daude; besteak beste, Bizkaiko eta Arabako metalgintzakoak eta Gipuzkoako jaki saltzaileena
Iraungi diren hitzarmenetan ez da alde handirik egon: %4,5 ziren iaz, eta %4,4 aurten. Orduan, non da aldea? Luzaturiko hitzarmenetan: %35 ziren iaz, eta %42 aurten. Hitzarmen horiek indarrean daude oraindik, baina baldintzak berritu gabe dituzte. Gaur egun zaku horretan daude langile askori eragiten dieten hainbat hitzarmen, besteak beste, Bizkaiko eta Arabako metalgintzakoak, Bizkaiko bulegoetako garbiketari dakiona eta Gipuzkoako jaki saltzaileena.
2026ko soldata igoera %3,09koa izan da batez beste, baina alde handia dago eragin eremua EAEn duten lan hitzarmenen —izan lurralde jakin batekoak eta hiruei eragiten dietenak— eta Espainian negoziatu eta EAE eragin eremuan sartzen duten itunen artean. EAEn negoziaturiko hitzarmenetan, soldata eguneraketa %3,20koa izan da batez beste, Espainiakoetan, berriz, %2,86koa. Lanaldian ere aldea dago, EAEn sinaturikoetan urteko batez besteko lanaldia 1.658 ordukoa baita, eta Espainiakoetan, berriz, 1.723koa —bederatzi lan egunen aldea da—.
Lan erregulazio gutxiago
Beste datu deigarri batzuk ere bildu dituzte txostenean. Esaterako, aurten lan erregulazioko espediente gutxiago izan dira iaz baino. Maiatzera arteko datua ematen du LHKk, eta tarte horretan 119 espediente aurkeztu dira, iazko tarte berean baino %21 gutxiago, eta 2.814 langileri eragin diete, %15,29 gutxiagori.
Azkenik, irailera arte 591.424 kontratu sinatu dira, iaz baino %5,6 gehiago. Horietatik %75,1 aldi baterakoak izan dira, eta %24,9 finkoak. Iazko datuak antzekoak izan ziren: kontratuen %76,4 izan ziren aldi baterakoak, eta %23,6 finkoak. Urtebeteko epean, handitu egin da hala gizarte segurantzan izena emanda daudenen kopurua —1.041.617, %2,3 gehiago—, nola langabezian daudenena —109.237, %2,12 gehiago—. Denera 23.347 pertsona gehiago daude gizarte segurantzan izena emanda, eta langabeak 2.268 gehiago dira.