Gipuzkoako Batzar Nagusietan ezohiko irudia ikusi da gaur: Pasaiako portuaren transferentzia dela medio, elkarren aurka aritu dira foru aldundia gidatzen duten bi alderdiak, EAJ eta PSE-EE. Izan ere, EAJren, EH Bilduren eta Elkarrekin Ahal Dugu-ren babesarekin, zuzenketa bat onartu dute, eta aldundiari eskatu diote ahalegina egiteko portuaren titulartasuna Eusko Jaurlaritzak eskuratu dezan. PSE-EE, berriz, horren aurka agertu da erabat. Zuzenketak aldeko berrogei boto izan ditu, eta aurkako hamar —PSE-EErekin bat egin du PPk—.
Eusko Jaurlaritzak urriaren hasieran proposatu zion Espainiako Gobernuari portuen eskuduntza zabaltzea. Horren bidez, Gasteizek bere gain hartu nahi du Bilboko eta Pasaiako portuen kudeaketa, baita azken horren titulartasuna ere.Â
Gernikako Estatutuaren arabera, Jaurlaritzak bere gain har ditzake portuen eta aireportuen gaineko eskumenak, baldin eta ez badira Espainiaren interesekoak. Horregatik, gaur egun, Bizkaiko eta Gipuzkoako portu guztien gaineko eskumena du Jaurlaritzak, Bilbokoarena eta Pasaiakoarena izan ezik.
Pasaiakoari dagokionez, Jaurlaritzak parte hartzen du kudeaketan —portuko agintaritza izendatzeko eskumena du, besteak beste—, baina ezin du haren gaineko erabakirik zuzenean hartu, eta Madrilen baimena behar du bertan egin nahi dituen lanak egiteko.
Gipuzkoako PSE-EEk hasieratik utzi zuen argi proposamen horren aurka zegoela, eta gaur azaldu dute euren jarrera alde batek zein besteak. Xabier Otxoak, EAJk Batzar Nagusietan duen bozeramaileak, adierazi du zuzenketa «pauso logiko bat» dela, eta «anomalia demokratiko bat» zuzentzeko balioko duela. Jeltzaleen iritziz, bertatik bertara kudeatzen denak hobeto funtzionatzen du, eta Jaurlaritzak konpetentzia hori jasotzeak balioko luke portua «modu koherenteagoan» kudeatzeko, tokiko industriarekin eta udalekin elkarlanean.Â
Lanpostuak kolokan
PSE-EEko Alberto Albistegik, ordea, adierazi du Pasaiako portuak betetzen dituela interes orokorreko izateko beharrezko diren bost irizpideak, Espainiako Estatuaren abokatutzaren txosten batek dioen moduan. Horretaz gain, esan du sailkapen hori galduz gero erakargarritasuna galduko lukeela nazioarteko operadoreei begira, Pasaiak aduanarik ez izatea eragingo lukeelako, eta nazioarteko trafikoa beste portu batzuetara bideratuko litzatekeelako.
Horren ondorioz, Albistegik uste du transferentzia eginez gero milaka lanpostu kolokan jarriko direla: «6.000 familia baino gehiagoren bizitzak daude portuaren eskuetan».
EH Bilduk, berriz, esan du transferentzia beharrezkoa dela «atzean geratu den eredu bat gainditzeko». Portuak «gertuagokoa, modernoagoa eta planifikatuagoa» izango den kudeaketa eredu bat izatea nahi du koalizio subiranistak, «hainbat hamarkadatan eragindako lorratza» ezabatzen hasteko.
Elkarrekin Ahal Dugu-k, berriz, gogorarazi du portuena Gernikako Estatutuan jasotako eskuduntza bat dela, eta PSE-EEri egotzi dio estatutua osorik betetzea eragotzi nahi izatea. Azkenik, PPk zuzenketa babestu duten alderdiei egotzi die arrazoi ideologikoak lehenestea, eta ez teknikoak.
«Oso-oso garrantzitsua»
Duela bi hilabete, Jaurlaritzak titulartasuna eskatu zuenean, Maria Ubarretxena Autogobernu sailburuak adierazi zuen interes orokorreko izateari uzteko baldintzak betetzen dituela Pasaiako portuak, ez delako funtsezkoa Espainiarentzat, segurtasunari edo nazioarteko garraioari dagokionez. Jaurlaritzaren arabera, gaur egun Espainiaren jabetzakoak diren 28 portuen artean 23. postuan dago. «Eta guk lehen hamar postuetan egotea nahi dugu».
Sailburuak adierazi zuen Pasaiako portua «estrategikoa» dela «Euskadirentzat eta Gipuzkoarentzat»; horregatik, Madrili eskatu zion legea egokitu dezala titulartasuna ere bere gain hartzeko. «Aukera ezin hobea da portua indartu ahal izateko. Oso-oso garrantzitsua da guretzat. Hura sustatu nahi dugu, haren lehiakortasuna hobetu, eta, horretarako, inbertsio handiak egin behar dira. Jaurlaritza prest dago halakoak egiteko, baita Gipuzkoako Aldundia ere». Andaluziakoak aipatu zituen Ubarretxenak adibide moduan, trafikoa asko handitu baitzaie katalogazio hori izan gabe ere.