EBk arindua hartu du Trumpen azken muga zergekin

Europako produktu gehienek %10eko muga zerga ordainduko dute AEBetan, Turnberryko akordioko gehienezko mugatik behera. Lan behartuen aurkako neurri gisa justifikatu ditu Trumpek muga zerga berriak.

Donald Trump Amerikako Estatu Batuetako presidentea gaur goizaldean Washingtonen. SAMUEL CORUM / POOL / EFE
Donald Trump Amerikako Estatu Batuetako presidentea gaur goizaldean Washingtonen. SAMUEL CORUM / POOL / EFE
Iker Aranburu.
2026ko uztailaren 24a
18:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donald Trumpek ez du amore eman nahi muga zergekin. Auzitegiek trabak jarri dizkiete, AEBetako herritar gehienek diote kaltegarriak direla, eta mundu osoko gobernuak kexuka ari dira, baina AEBetako presidenteak eutsi egiten dio bere herrialdea inportazio muga-zergen bitartez hesitzeko asmoari. Ostiral goizaldean jarri dira indarrean azkenak, eta, horien bitartez, Europako Batasuneko eta beste 60 bat herrialdetako produktuek %10 eta %12,5 arteko muga zergak ordainduko dituzte AEBetan sartu ahal izateko. Kopuru horiek ikusita, lasaitua hartu du Europako Batzordeak, funtsean bete egingo baita AEBetako Gobernuarekin izenpetutako Turnberryko ituna.

Muga zerga berriak ezartzeko AEBetako lege komertzialaren 301. atala erabili du Trumpen gobernuak. Atal horrek aukera ematen dio AEBetako presidenteari «bidegabeko merkataritza praktikak, justifikatu ezin direnak edo diskriminatzaileak» egiten dituzten herrialdeei muga zergak ezartzeko.

Zehazki, lan behartuak baimentzea edo horiei nahikoa ez jazartzea leporatu die muga zergak jaso dituzten herrialdeei. «Salaketa hain da komenigarria, ezen ezin baita serioski hartu», ziurtatu du Richard Nealek, AEBetako Ordezkarien Ganberako merkataritza batzordeko demokraten buruak.

Hirugarren saioa

Etxe Zuriak espero du lan behartuen aitzakiak balio izango diola oraingo honetan auzitegien galbahea gainditzeko. Izan ere, Trumpek epaileekin egin du topo muga zergak modu masiboan ezartzeko lehen bi saioetan.

Lehenik iritsi ziren berak askatasunaren eguna deitutakoan ezarritakoak, 2025eko apirilean, merkataritza gerra kartel handi eta baldar batekin abiatu zuenean. Baina muga zerga horiek baliogabetu egin zituen Auzitegi Gorenak aurtengo otsailean, ebatzi zuelako presidenteak ezin zuela nazioarteko larrialdietarako botere ekonomikoaren legea erabili muga zerga horiek ezartzeko.

Trumpek berehala erantzun zuen, eta mundu osorako %10eko muga zerga orokor bat iragarri zuen otsailean bertan, merkatu legearen 122. atalean oinarrituta. Muga zerga horiek ere ez zirela legezkoak esan zuten epaileek, baina ez zituzten bertan behera utzi, behin-behinekoak zirelako eta gaur iraungitzen zirelako. 

Auzitegiek hurrengo hilabeteetan kontrakorik esaten ez badute, aurrerantzean %10 eta %12,5 arteko muga zergak pagatuko dituzte bazkide komertzial nagusien produktuek, hala nola EBkoek, Suitzakoek eta Erresuma Batukoek.

Baina arau orokor hori salbuespenez beteta dago, produktuaren arabera. Horrela, AEBek derrigorrez inportatu behar dituzten gai batzuek ez dute aduana zergarik ordaindu beharko —erregaiek, ongarriek—, baina tasa handiagoak izango dituzte ustez muga zergen bitartez babestu nahi dituzten sektore batzuetako inportazioek —aluminioak, erdieroaleek...—. Washingtonek sinaturiko merkataritza librerako akordioek ere baldintzatuko dituzte azkenean produktu jakin batzuek ordaindu beharrekoak. 

Turnberry, indarrean

Akordio horietako bat EBrekin izenpetu zuen duela urtebete Trumpek, bere jabetzako Turnberryko golf zelaian. Oso itun desorekatua da, AEBetako inportazioei muga zergak kentzen dizkielako EBn, baina Atlantikoaren alde honetatik bestera doazen produktuei gehienez %15eko muga zerga jartzen dielako. Kritika gogorrak jaso izanagatik, Europako Batzordeak akordioa defendatu du, itunik ezean merkataritza gerra egongo zelako AEBekin eta EBko enpresek asko galduko luketelako.

Ondorioz, Bruselak ontzat hartu ditu Trumpek iragarritako azken muga zergak. «Balorazio ona egiten dugu, EBk eta AEBek muga zergen inguruan adostutakoarekin bat datozelako», azaldu du Batzordeko Merkataritza gaietarako bozeramaileak, Olof Gillek. Hori bai, beste bozeramaile batek, Paula Pinhok, zehaztu nahi izan du ez daudela ados muga zergak ezartzeko erabilitako lan behartuaren argudioarekin: «EBk arau sendoak ditu atal horretan».

EBren zenbait produktuk ez dute muga zergarik gaur egun AEBetan —sendagai generikoak, hegazkinak eta haren osagaiak— eta beste produktu batzuk gehitu dituzte zerrenda horietara, hala nola kortxoa eta diamante landuak. Bruselaren asmoa da negoziatzen jarraitzea, muga zergak kentzeko beste produktu batzuei eta, batez ere, AEBek %15eraino jaits dezan EBren altzairuaren gaineko tasa. 

AEB-etako industria ez da suspertu

Bere bazkide komertzial nagusiei muga zergak handituta inportazioak gutxitu eta AEBetako industria suspertu nahi duela argudiatu izan du Donald Trumpek. Zenbakiek, baina, esaten dute oraingoz ez dela lortzen ari, industrian egindako inbertsioak ez direlako hazi. AEBen merkataritza defizita —esportatzen eta inportatzen duenaren arteko aldea— bai apaldu da aurten, baina hori da, hein batean, iaz inportazioak asko handitu zirelako muga zerga handiagoei aurrea hartzeko. Txinaren inportazioen pisua nabarmen jaitsi da —2024an, inportazio guztien %13 ziren, eta %8 dira aurten—, baina susmoa da Txinako enpresek beste herrialde batzuetatik egindakoek ordezkatu dituztela.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA