Zuhur jokatzearen eta zuhurregi jokatzearen arteko aldea oso lausoa da banku zentralentzat. Europako Banku Zentralak uste du agian zuhurregi jokatu zuela inflazioaren azken sukarraldian (2022), eta horregatik gero kostatu egin zela prezioen igoerari muga jartzea. Orain zalantza berarekin ari da, zuhurra zer den erabaki nahian: inflazioa handitu delako interes tasak igoko al ditu, ala itxaron egingo du, igoera oso epe laburreko gertakari bat delakoan? Azken horren alde egin du, eta, horrenbestez, interes tasa ofizialak %2an jarraituko du gutxienez ekainaren 11ko hurrengo bilera arte. Orduan bai, igotzea espero da, batez ere Ormuzko itsasarteak itxita jarraitzen badu.
EBZk bere bileraren ostean kaleratu duen agiriak mugimendu hori gertatuko dela iradoki du, inflazioak gora egiteko arriskua «handitu» egin dela esaten baitu. «Ekialde Hurbileko gerrak igoera zorrotza eragin du energiaren prezioan, inflazioa handitu du, eta giro ekonomikoa okertu. Epe ertainera, inflazioaren eta jarduera ekonomikoaren bilakaera energiaren prezioaren shock-aren luzeraren eta intentsitatearen araberakoa izango da, eta albo ondorioen norainokoaren araberakoa. Gerrak eta energiaren prezio handiek gehiago iraun ahala, ziur aski eragina handiagoa izango da inflazioan eta ekonomian».
Azkenaldian, EBZk ez du aurreratzen hurrengo bileretan zer egingo duen, baina igotzeko probabilitatea oso handia dela uler daiteke Christine Lagarde EBZko presidentearen hitzetan. Aitortu du «luze eta zabal» hitz egin dutela interes tasak handitzeari buruz, baina, hala ere, «aho batez» erabaki dutela gaurko bileran mugimendurik ez egitea. Sei aste falta dira hurrengo bilera arte, eta hori «denbora egokia» iruditzen zaio ikusteko gerrarekin zer gertatzen den eta haren eragina zein den. Edonola ere, «ondorio handiak» izango dituela aitortu du, eta gerra aurreko bere iragarpenek ez dutela balioko.
Inflazioa, %3raino
Bileraren aurretik iritsitako datuek itxaroteko aukera eman diote Lagarderen taldeari, ez direlako onak, baina ezta kalamitate hutsa ere.

Gaur jakin denez, eurogunean inflazioa %3ra iritsi da apirilean. Martxoan baino lau hamarren gehiago da, eta, batez ere, otsailean baino 1,1 puntu gehiago. Baina egoera aldatu egin da otsailetik; orduan, EBZk uste zuen azkenean lortu zuela inflazioa kontrolatzea eta bere gogoko lekuan jartzea —%2tik hurbil—, baina AEBek eta Israelek haren usteak zapuztu zituzten, Iran bonbardatzen hasi eta petrolioaren, gasaren eta argindarraren prezioak puztu zituenean.
Oraingoz, energian ikusten da argien Ormuzko gerraren eragina: %10,9 garestitu dira azken urtean, martxoan halako bi. Gainontzeko ataletan, prezioen igoera apalagoa da, eta, are gehiago, zerbitzuena bi hamarren jaitsi da martxotik apirilera, %3raino. Jakiak, alkohola eta tabakoa duela urtebete baino %2,5 garestiago daude, eta energiarekin zerikusia ez duten industria produktuak, berriz, %0,8 garestiago.Â
%2,747Â
Â
Euriborra apirilean. Interes tasa ofizialak handitzeko espektatibak Euriborra puztu du azken bi hilabeteetan. Otsaileko %2,221etik martxoko %2,565era egin zuen jauzi, eta apirilean beste koska bat egin du gora, %2,747ra. Ondorioz, datu horrekin hipoteken kuota berrikusi behar dutenek gehiago ordaindu beharko dute hilero, iazko apirilean Euriborra %2,143an baitzegoen.Â
Baina gerra bera eta inflazio handiago hori jarduera ekonomikoari kalte egiten ari zaiola erakusten du Eurostatek gaur kaleratu duen beste datu batek: barne produktu gordina %0,1 baizik ez da hazi 2025eko laugarren hiruhilekotik 2026ko lehenengora. Moteltze bat da —aurreko bi hiruhilekoetan hazkundea %0,3 eta %0,2 izan zen—, eta interes tasak igoz gero atzeraldian sartzeko arrisku handia dagoela erakusten du. Baina Lagardek nabarmendu du ez dagoela estanflaziorik —BPGa uzkurtzea eta aldi berean inflazio handia izatea—, eta oraingoz ez dela atzeraldirik ikusten.Â
Are gehiago ikusten da erorikoa urte arteko tasan, %1,3tik %0,8ra moteldu baita BPGaren hazkundea. Bere datuak Eurostati bidali dizkioten hamabost estatu kideetatik hamalauk dute hazkunde positiboa, eta soilik Irlandak negatiboa (-%6,3), baina kontuan hartu behar da herrialde haren BPGaren datuak oso gorabeheratsuak direla, AEBetako multinazionalen emaitzekin eta diru mugimenduekin lotuta daudelako.
EBZ ez da gerraren eragina zertan geratzen den itxarotea erabaki duen banku zentral bakarra. AEBetako Erreserba Federalak asteazkenean amaitu zuen bere bilera, eta interes tasak %3,75ean uztea erabaki zuen. Ingalaterrako Bankuak ere gauza bera egin du gaur.Â
Â