Gora doa energiaren prezioa, gora doa inflazioa, eta gora doaz interes tasak ere. Noiz arte? Galdera horren erantzuna Ormuzko itsasartea erdi trabatuta daukan gerra piztu dutenek erabakiko dute, baina bitartean, petrolio eta gas eskasiak eragindako olatuari nola edo hala aurre egiten ari dira eragile ekonomikoak. Horietako bat dago Europako Banku Zentrala, eta gaur erabaki du beste puntu laurden igotzea bere interes tasak. Eta, merkatuaren ustea betetzen bada, oso litekeena da abenduan gauza bera egitea.
Urtean behin Frankfurteko bere dorretik ateratzen da EBZko kontseilua, baina aurten ez dira oso urruti joan, Berlinen elkartu baitira, Bundesbanken egoitzan. Leku aproposa bada interes tasak handitzeko, Alemaniako banku zentralaren obsesio historikoa baita inflazioaren igoerari berehala diruaren prezioa igota erantzutekoa. Eta orain inflazioa handitzen ari da, eta ez gutxi. Abuztuan, lau hamarren handitu da, %3,3raino, eta gero eta urrunago dago banku zentralak gogoko duen mailatik, %2tik.Â
Maileguak garestitzea da inflazio handia itotzeko bide ortodoxoa, horrela gutxiago eskatzen direlako, jarduera ekonomikoa moteltzen delako eta eskari apalagoak prezioen igoera eteten duelako. Baina, noski, inflazioa ito nahian jarduera ekonomikoa bera itotzeko arriskua dago, eta horrekin kontuz ibili behar dute banku zentralek.
Horregatik, EBZk tentuz jokatu du, urratsez urrats. Inflazioa martxoan bertan handitzen hasi zen arren, ekainera arte itxaron zuen interes tasak puntu laurden bat igotzeko, eta %2,25ean kokatu zen bere erreferentziazko tasa, gordailuena. Eta gaurko bileran beste 0,25 gehitu dizkio, %2,5eraino.
Igoera esperotakoa zen, eta finantza merkatuek jada islatu dute beren lanetan, maileguen prezioak eta zor bonuen interesak igota. Gauzak horrela, Christine Lagarde EBZko presidenteak zer esango zuen zain zeuden eragile ekonomikoak hurrengo urratsei ekiteko. Lagardek, baina, berehala itxi die atea espekulazioei: esan du iristen zaizkien datuen arabera jokatuko dutela, baina ohartarazi egoera oso aldakorra dela; «gauetik goizera alda daiteke».
Urriaren 29an du hurrengo bilera EBZko kontseiluak, eta orduan ezer ez egitea espero dute merkatuek. Abenduaren 3rako, ordea, interes tasak %0,25 igoko direlakoan daude, betiere ordurako ez bada askatzen Ormuzko korapiloa eta, hortaz, petrolioa eta gasa gerraren aurreko fluxura itzultzen ez badira.
2027a, «urruti»
Abenduko igoera ziurtzat jotzen dutenen artean dago Aitor Aranburu ekonomista ere, baina zalantza gehiago ditu hurrengo urratsei buruz. «Ekaina aldean beste bat izango dela diote merkatuek, eta %3ra iritsiko dela, baina data hori oso urruti dago, eta hemendik ordura bitartean gauza asko gerta daitezke. Epe oso luzea da hori ezer iragartzeko».
«Ekainean interes tasak %3ra iritsiko dela diote merkatuek, baina data hori oso urruti dago, eta hemendik ordura bitartean gauza asko gerta daitezke»
AITOR ARANBURU KEkonomista
Aranburuk espero du horren aurretik nolabaiteko konponbidea lor daitekeela Iranen, azaroaren 3an agintaldi erdiko hauteskundeak direlako AEBetan, eta Donald Trumpi ez zaiolako komeni horietara iristea gasolina eta diesela oso garesti daudela.
Gauzak horrela, Euriborrak ere gorantz egingo duela espero du Aranburuk, baina ez gehiegi: %3,1ean dago orain, eta asko jota %3,3ra igoko delakoan dago.
Hazkunde handiagoa
Berlingo bilera bere aurreikuspen ekonomikoak berritzeko erabili du EBZk. Inflazioari dagokionez, ez dago ustekaberik. Aurten batez beste %3ko inflazioa espero du, eta hurrengo urteetan apaltzen hastea: %2,5eraino 2027an, eta %2,1eraino 2028an. Gerraren aurretik, aurten %2ko helburua beteko zuelakoan zegoen, eta maila horretan jarraituko zuela datozen urteetan.Â
Orain, ordea, ez du espero maila horretara iristea 2027 amaiera arte. Lagardek azaldu du inflazio handiagoa espero zutela egoera ikusita, baina onartu du hasieran uste zuten baino gehiago iraungo duela prezioen igoerak, besteak beste, energiaren garestitzea oraindik ez delako erabat islatu elikagaien prezioan. Hori da, hain zuzen ere, merkatuen arrazoietako bat interes tasek igotzen jarraituko dutela uste izateko.
Edonola ere, ustekaberik handiena jarduera ekonomikoarekin hartu du EBZk. Uste baino hobeto eutsi dio energiaren shockari, eta hazkunde aurreikuspena handitu egin du: lehen %0,8ko hazkundea espero zuen, eta %0,9koa espero du orain. Are gehiago, iritsi diren datuei erreparatuta, hortik gorakoa izango dela uste du.Â
Lagardek bere etorkizunari buruz: «Ez dago ezer esateko»
Christine Lagardek ez du asko itxaron behar izan bere etorkizunari buruzko galdera bat entzuteko, bigarrena izan baita. Eta erantzuna, eztabaida oro mozteko modukoa: «Ez dago ezer esateko». EBZko lehendakariari urtebete geratzen zaio karguan, baina zurrumurruek diote 2027 hasieran utziko duela kargua, Frantziako hauteskundeetan nola edo hala parte hartzeko. Gainera, kargua orain uzteak aukera emango lioke Emmanuel Macroni Lagarderen ordezkoaren hautaketan zeresana izateko. Baina, bere etorkizuna argitu ez duen arren, Frantziako eztabaida politikoan bili-bolo dabilen gai bat hartu du ahotan: zorraren barkamena. Jean Luc Melenchon Frantzia Intsumisoko presidentegaiak proposatu du Frantziak EBZrekin duen zorra, 600.000 milioi eurorena, «izoztea», interesak ordaindu behar ez izateko. Hitzak neurtuta erantzun dio Lagardek: «Neurri popularra izango da agian, baina legalki, teknikoki eta finantzarioki, ez da ideia ona».Â