Egoera ziurgabeaz gaindi, EAEko ogasunek aurten baino mila milioi gehiago bilduko dute 2026an

Zerga bilketak aurreikuspenak gainditu ditu, eta lehen aldiz 20.000 milioi euroren langaren gainetik geratuko da aurten. Zerga berrikuspenaren ondorioz, hiru foru ogasunek 335 milioi gutxiago jasoko dute datorren urtean.

Hiru foru aldundietako, Eusko Jaurlaritzako eta Eudeleko ordezkariak, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Hiru foru aldundietako, Eusko Jaurlaritzako eta Eudeleko ordezkariak, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
aitor biain
2025eko urriaren 13a
20:46
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nazioartean urak nahasi badira ere, ontzia norabideari eusteko gai da. Beste hitz batzuekin, baina mezu hori igorri nahi izan dute gaur Eusko Jaurlaritzako eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietako ordezkariek. Zerga bilketaren datuak oinarri hartuta egin dute zehaztapen hori; izan ere, okerrik ezean, foru ogasunek iaz kalkulatu baino 373 milioi gehiago bilduko dute aurten zergen bidez (+%1,9). Eta aurreikusi dute datorren urtean beste marka bat ezarriko dutela: 21.130 milioi euro biltzea espero dute, aurten baino mila milioi euro gehiago (+%5,2).

Finantzen Euskal Kontseiluak bilera egin du gaur, Gasteizen, zerga bilketaren itxiera eta datorren urtekoaren aurreikuspenak hitzartzeko. Kalkulatu dute aurten zerga bilketa nabarmen handituko dela iazkoaren aldean, eta lehen aldiz gaindituko duela 20.000 milioi euroren langa. Aurreko urteko datuekin alderatuta, %9,7 egingo du gora bilketak.

Ekonomiaren bolada onarekin lotu du igoera hori Noel D’Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak, eta mutualistei egin beharreko itzulketen motxila gainetik kendu izanari. Izan ere, aitortu duenez, aparteko ordainketa horrek «nabarmen» eragin zuen iazko bilketan: 800 milioi inguru izan ziren. Zama hori gabe, eta lan merkatuaren bilakaera onak eta kontsumo pribatuak lagunduta, zerga bilketa aurreikusi baino gehiago handitzea ekarriko duela adierazi du sailburuak. 

Hain zuzen, errenta kanpaina onak izan du eraginik handiena bilketan, aurreikusitakoa gainditu baitu hiru lurraldeetan: %13,4 egingo du gora guztira. Hau da, 941 milioi gehiago jasoko dira orotara. Gora egingo du BEZak ere: %10,2 gehiago jasoko da, 700 milioi inguru. Behera egingo du, ordea, sozietate zergak: %14,3 gutxiago biltzea espero da, 250 milioi gutxiago denera. COVID-19aren krisian amildu zen baino bi puntu gehiago da hori, %12ko jaitsiera izan baitzuen orduan, 150 milioi inguru.

Agintariek ez dute kezka ezkutatu, eta adierazi dute mundu osoko egoera nahasiaren isla dela datu hori, industriaren motelaldiak edo esportazioen jaitsierek erakusten dutenez. Hori dela eta, enpresei laguntzeko garaia dela aldarrikatu du Ramiro Gonzalezek: «Ziurgabetasunari aurre egiteko gai baldin bagara, indartuta aterako gara». Bide beretik, Elixabete Etxanobek ere zerga berrikuspenean jaso ziren enpresentzako kenkari berrien garrantzia azpimarratu du. Mezu horiekin bat egin du Eider Mendozak ere, Gipuzkoan egoera zertxobait hobea bada ere. Han, BGAEei lotutako itzulketek eragin dute jaitsiera.

Edonola ere, nabarmendu dute datorren urteko aurreikuspenek baikorrago izateko aukera ematen dutela, bilketak gora egingo duela espero baita. Zehazki, sozietate zergaren bitartez aurten baino 58 milioi euro gehiago biltzea espero da. Errenta zergaren bidez, berriz, 134 milioi euro gehiago, eta BEZ zergaren bidez, 642 milioi gehiago. 

Dirua, herritarren patrikan

Haizea aldeko izatea espero da, eta horri esker 2026an zerga bilketa ere are gehiago handitzea. Foru ogasunek kalkulatu dute 21.130 milioi euro bilduko dituztela, aurten baino mila milioi euro gehiago (%5,2). Gehiago lirateke zerga berrikuspena onartu izan ez balitz, aldundiek kalkulatu baitute 335 milioi euro gutxiago bilduko dutela horren ondorioz. Ez diote garrantzirik eman, halere, nabarmendu baitute diru hori ogasunen kutxan egon ordez herritarren patrikan egongo dela.

Jaurlaritzarentzat izango dira bildutako hamar eurotik zazpi: 14.143 milioi euro guztira. Bizkaiak jarriko du erdia baino zertxobait gehiago: 7.122 milioi (%50,36); Gipuzkoak, 4.740 milioi (%33,52), eta Arabak, 2.279 milioi (%16,04). Kutxa partekatu horretan jarri beharreko kopurua baino gutxiago bilduko dutenez, Egokitzapeneko Funtsetik 127 milioi jasoko ditu Arabak, eta 41 milioi Gipuzkoak.

Horiek horrela, erakunde guztiek baliabide nahikoa izango dute 2026ko aurrekontuak ontzeko, Eudelek udalei «zuhurtzia» eskatu badie ere. Jaurlaritzak hilaren 28an onartuko du berea, eta D’Anjouk berretsi duenez inoizko handiena izango da, besteak beste, mila milioi euroko zorpetze ahalmen gehigarria izango baitu horretarako. 

Bereziki industria indartzeko erabiliko da diru hori, eta azpiegitura teknologikoa, energetikoak eta zientifikoak bultzatzeko. Sailburuak nabarmendu du, ordea, ezohiko gastu bat izango dela, eta heldu den urteko aurrekontuetan helburu nagusia «inbertsio produktiboak handitzea» izango dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.