Gaitz erdi. Laborariak beti zerura begira egon ohi dira, eta Nafarroako aurtengo kanpaina ez da salbuespena izan. Jesus Goñi Intiako teknikariaren arabera, aurtengo eguraldia «ezohikoa» izan da, «ia dena» garagarrak eta gariak eskatzen duten egoeraren aurkakoa izan baita. «Ez da uzta ona izan, baina nahiko ezkor geunden, eta espero baino hobeto joan da». Hala, 765.000 tona bildu dituzte, iaz baino %13 gutxiago.
Ekoizpen bolumen horrek bere hartan ez du gauza handirik esaten. Izan ere, aurreko bi zereal kanpainak oso onak izan dira Nafarroan: 2024an inoizko urterik emankorrena izan zuten, eta iazkoa ere uzta ona izan zen. Azken bost urteetako batezbestekoa aintzat harturik, %3 gutxiago bildu da, eta, azken hamar urteetako datuei begira, urterik txarrenetan hirugarrena izan da. «Triste samar gaude horregatik, bi kanpaina bikain izan genituelako eta orain beheraxeago ibili garelako», azpimarratu du Julio Alvarez teknikariak.
Ikusi gehiago
Garagarra eta garia Iruñerrian hasi eta haren hegoaldera ereiten da, eta 150.000 hektarea inguruko eremua hartu du aurtengo kanpainan. Zonaka, eguraldiak antzera jokatu du zereala ekoizten den eskualdeetan —Iruñerria, Estellerria, erdialdea, Zangozerria eta Erribera—.
Hau da, lurra prestatzeko eta ereiteko garaia, iraila eta urria, oso lehorrak izan ziren. Azarotik aurrera, euria egin zuen, eta oro har negua hezea izan zen, baina gauean izotz gutxi bota zuen. Martxoan euria egin zuen, baina apirila ohi baino beroagoa izan zen. Azkenik, maiatzeko lehen hamabostaldian euria egin bazuen ere, hortik aurrera bero handia egin du: gutxieneko tenperaturak 15 gradutik gora, eta gehienezkoak 30 gradutik gora. «Martxoko euriek eta batik bat maiatzekoek salbatu gaituzte. Bestela, hondamendia handiagoa izango zen», aitortu du Goñik.
Diferentziak eskualdeka
Baldintza horietan, diferentziak egon dira ez soilik eskualdeen artean, bai eta lursailen artean ere. Hala, garagarraren kasuan, eremu hezeetan azken hogei urteetako batezbestekotik behera ibili dira, eta Zangozerrian, zuzenean, «uztarik txarrena» izan dute.
Gariari dagokionez, berriz, emaitza hobea izan da. Azken hogei urteetako batezbestekotik gora ibili dira, Zangozerrian eta erdialdean izan ezik.
Nafarroan, gariak eta garagarrak hartzen dute landatutako azaleraren %78, baina apurka beste labore batzuk ere indarra hartzen ari dira: hala nola, oloa, koltza, ekilorea, ilarra, baba eta zekalea.
Bakoitzak bere xehetasunak ditu, baina normalean lursailari atseden emateko eta errotazio gisa erabili ohi dituzte nekazariak. Azken urteetan, ilarraren azalera nabarmen handitu da, eta ia 11.000 hektarea hartzen ditu orain. Aurtengo eguraldiak, ordea, ez du lagundu, eta Julio Alvarezek uste du datorren kanpainan ilar gutxiago ereingo dela.
193.000
Zenbat tona zereal erein diren.
193.000 tona zereal erein dira 2025-2026ko kanpainan. Garia ereiten da gehien (80.000 hektarea inguru), eta ondoren, garagarra (ia 70.000). Errendimenduari dagokionez, hektarea bakoitzeko batez beste 4,5 tona gari, lau tona olo, 3,9 tona garagar, 2,2 tona koltza eta 2,1 tona ilar biltzen dira.
Kanpaina amaitu eta berehala kooperatibek emandako datuekin, uztaren azterketa aurkeztu dute gaur goizean Intiak eta Nafarroako Gobernuak, Erriberrin. Nahiz eta behin-behineko datuak izan, lehen ondorioak ateratzeko eta hurrengo kanpainari begirako erabakiak hartzeko balio diezaiekete laborariei. «Auzia ez da soilik datuak aztertzea, baizik eta zuzentzeko neurriak analizatzea, eta ikustea zer gertatu den ustiategietan eta eremuetan», azaldu du Jose Maria Aierdi Landa Garapenerako kontseilariak.
Ariketa horrek informazioa ematen die ziurgabetasunari aurre egiteko, eta ikusteko zergatik lursail batzuek emaitza hobeak izan dituzten, edo zonaka nola egokitu diren labore bakoitzaren aldaerak eguraldira. Aurtengo baldintzak arraroak izan badira ere, aldi berean, «gero eta ohikoagoa» da eguraldian aldaketa handiak izatea, eta, hala eta guztiz ere, uztaren datuak ez dira txarrak izan. Jesus Goñik ondorio orokor bat atera du: «Genetikan izandako hobekuntzen ondorioz, zereala gero eta hobeto egokitzen da halako estres egoeretara».
«Zerealak etorkizuna izan dezan, lehiakorrak izaten segitu behar dugu, eta eraginkorragoak izan. Erabilitako ur litro bakoitza probestu behar dugu»
JOSE MARI AIERDINafarroako Gobernuko Landa Garapen kontseilaria
Aierdiren esanetan, Intia sozietate publikoak erreminta egokia eskaintzen du lehen sektoreari laguntzeko. «Zerealak etorkizuna izan dezan, lehiakorrak izaten segitu behar dugu, eta eraginkorragoak izan. Erabilitako ur litro bakoitza probestu behar dugu, eta horretarako ezagutza teknologia bezain garrantzitsua da».
Gaineratu duenez, egoera «konplexua» da, ez soilik klimagatik baizik eta prezioengatik eta kostuengatik. Zereala biltegietan gorde daitekeenez, unean uneko prezioekin joka dezakete kooperatibek, baina oraintxe salneurriak goranzko joera batean daude. Gainera, erregaia ere garestitzen ari da, eta Aierdik uste du horrelako foroak «inoiz baino beharrezkoagoak» direla.
intiak esperimentazioaren emaitzak aurkeztu ditu
Intiak etxaldeak ditu Nafarroako hainbat eskualdetan, eta, horietan, zereal mota bakoitzeko aldaerekin esperimentatzen dute. «Agronomiaz gain, kostuen azterketa egiten dugu. Ez dugu soilik errendimendua aztertzen, baizik eta baita nola ekoizten dugun eta zenbat kostatzen den ere», azaldu du Natalia Bellostas Intiako zuzendariak.
Cristina Virto teknikariaren hitzetan, esperimentazioa baliagarria zaie ikusteko «zer aldaerak ematen duten etekin hobea eta nola egokitzen diren eremu horretako baldintzetara». Urtetik urtera baldintzak alda daitekeenez, laborariei gomendioak eman aurretik hiru urteko epea hartzen dute aintzat, «kanpaina bakoitza diferentea baita». Hiru urte horietan, ikus dezakete nola erantzuten dion hezetasunari, idorteari, beroari... «Kooperatibei eta laborariei emaitzak lehenbailehen pasatzen dizkiegu hurrengo kanpaina landu dezaten, informazio hori erabili nahi badute».