Egurraren industriaz hausnartzera deitu du Baskegurrek

Sektore horri buruz «uste oker» ugari zabaldu direla salatu du, bereziki ingurumenekoak. Enpresak «modernizatzeko» inbertsio handiak egiten ari direla nabarmendu du.

Oskar Azkarate Baskegurreko zuzendari nagusia, lehenengoa ezkerretik, Donostiako Tabakalerako altzari berrien aurkezpenean, gaur. JON URBE / FOKU
Oskar Azkarate Baskegurreko zuzendari nagusia, lehenengoa ezkerretik, Donostiako Tabakalerako altzari berrien aurkezpenean, gaur. JON URBE / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko urriaren 27a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urte zailak pasatu ditu egurraren industriak Euskal Herrian. Izan ere, sektore horrentzat funtsezkoa izan da insignis pinua, eta espezie horrek jasan duen xingola marroiaren gaitzak egur biltegiak hustu ditu. Horrek eragina izan du enpresen produkzioan eta fakturazioan. Sektoreko arduradunek kezkatuta jarraitzen dute, baina uste dute egoera onbideratzen hasia dela, batez ere espezie berrien landaketengatik eta enpresek euren produktuak dibertsifikatzeko egin duten ahaleginengatik, eta paketatze eta eraikuntzaren azpisektoreek «produktu iraunkorragoen alde egin dute apustuagatik», Oskar Azkaratek, Baskegur Euskadiko Egurraren Elkarteko zuzendari nagusiak nabarmendu duenez.

Horiek hala, adierazi du EAEko basogintza industria «Europa hegoaldeko sendoenetako bat» dela, baina arduratuta azaldu da hemen «egur kontsumoaren ratioak» oraindik ere «oso eskasak» direlako, Europa iparraldeko herrialdeetan daudenekin konparatuz gero behintzat. Uste du ezinbestekoa dela horri buruz hausnartzea.

Ikusi gehiago

Eta gogoeta hori egitera deitu du gaur, Donostiako Tabakaleran abiatu duten Euskadiko Egurraren Asteko feria eta kultur zentro horretako altzari berriak aurkezteko eginiko agerraldi batean. Han izango diren erakusketek eta hitzaldiek «sektorea gizarteratzea» izango dute helburu; Azkaratek aitortu duenez, «oso industria endogamikoa» izan baita egurrarena, eta «uste oker» ugari ere zabaldu baitira haren inguruan; nagusiki, ingurumenarekin loturikoak.

Elkarbizitza «orekatua»

Horren harira, Baskegurreko buruak nabarmendu du bertako espezieen eta sektoreak erabiltzen dituenen arteko elkarbizitza gero eta hobea dela. «Gure basoetan gero eta espezie gehiago daude». Eta datu bat azpimarratu du: %50 baino gehiago hostozabal autoktonoak dira. «Administrazio orekatu horri esker, kontserbazioa eta aprobetxamendu arduratsua konbinatu daitezke, eta, horrela, zerbitzu ekosistemikoak eta tokiko lehengaien hornidura bermatu».

Gaixotutako insignis pinua nagusiki Cryptomeria japonica edo zedro japoniarrarekin eta sekuoiekin ordezkatzen ari dira, batez ere bertako erakundeak eukaliptoen landaketa mugatzen hasi zirenetik. «Orain beste erronka bat dugu: espezie horiek osasun eta konpatibilitate arazoak ez izatea, eta egur hori bertako industriak aprobetxatzea». Azkaratek gogoratu duenez, bertako industriak erabiltzen duen egurraren %70 bertako basoetatik eskuratzen du.

Ikusi gehiago

Paketatze industrietan erabiltzen da nagusiki, eta tamaina handiko edo garraio industrialeko produktuak egiteko. «Europa hegoaldeko enpresa handienak hemen daude», nabarmendu du. Ondoren, papergintzako multinazionalak daude, eraikuntza sektoreko enpresak —«Europa hegoaldeko bi handienetakoak»— eta, azkenik, altzariak egiten dituztenak.

Baskegurreko zuzendariak azaldu duenez, azken horiek kolpe gogorra jaso zuten 2008ko krisiarekin, eta enpresa «ikoniko» batzuek itxi behar izan zuten. Gaur egun azpisektore hori indarra hartzen ari dela adierazi du. Guztira ia 20.000 langile aritzen dira sektorean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Bertako kapitala

Fakturazioari dagokionez, Baskegurreko buruak esan du azken urtea «positiboa» izan dela sektorearentzat —ez du datu zehatzik eman—, eta epe luzera «hazten jarraitzea» espero duela. Enpresetan inbertsio handiak egiten ari direla nabarmendu du. «Egungo merkatuetan lehiatu nahi baduzu, gero eta handiagoa izan behar duzu».

Azkaratek azaldu duenez, «askotarikoa» da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egur industria osatzen duten enpresen ekosistema: enpresa txikiak daude, handiak, sozietate mugatuak, kooperatibak... Baina papergintzan salbu, nagusiki bertakoak dira jabeak. «Kanpoko kapitala ez da sartzen ari, kasu bakanetan izan ezik. Bertako kapitala duten enpresa oso potenteak ditugu hemen».

Hala ere, adierazi du «arrisku» horri ezin zaiola ez ikusiarena egin. Maderas de Llodio enpresarekin gertatzen ari denari buruz galdetuta, Baskegurreko buruak erantzun du sektorean «arduratuta» daudela, baina ez dutela espero bertako enpresen deslokalizazio kasu gehiagorik.

44

Zenbat tona egur eraman ahal izango den kamioietan. Aurreko astean indarrean sartu zen Hego Euskal Herrian basoetako egurra garraiatzen duten kamioien kargak zehazten dituen Espainiako araudi berria: oro har 44 tona eraman ahal izango dute orain —57 tonara arte kamioiaren arabera—, Europako Batasunean bezala. Lehen 40 tona eraman zezaketen gehienez. Baskegurrentzat, «aurrerapen handia» da, lehengo araudiak «lehiakortasun galtzea» zekarrelako, bertako enpresek ezin baitzuten Europako beste herrialde batzuetakoek bezainbesteko zama eraman. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.