Eguzki panelak jartzen dituzten enpresak diruz lagunduko ditu Jaurlaritzak

160 milioi euro jarriko ditu industrian autokontsumoa handitzeko. Industria deskarbonizatzeko planak, orotara, 400 milioi euro izango ditu.

Eusko Jaurlaritzako eta hiru foru aldundietako ordezkariak, gaur, Barakaldon. IREKIA
Eusko Jaurlaritzako eta hiru foru aldundietako ordezkariak, gaur, Barakaldon. IREKIA
aitor biain
2025eko maiatzaren 8a
15:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzak beste bultzada bat eman nahi dio industriaren deskarbonizazioari, eta plan bat aurkeztu du horretarako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiekin elkarlanean. Gobernuak zuzeneko diru laguntzak emango dizkie enpresei energia eraginkortasunaren eta teknologia adimentsuen aldeko apustuak indartu ditzaten; 400 milioi euro denera. Horietatik 160 milioi euro argindar autokontsumoa handitzeko izango dira, eta horren bidez, inbertsioaren bi heren aurreztu ahal izango dituzte eguzki panelak jartzen dituzten enpresa txikiek.

Merkataritza arloan ziurgabetasuna nagusi den garai honetan, industriaren lehiakortasuna eta segurtasuna bermatzea da planaren helburu nagusia. Horretarako, Jaurlaritzak uste du ezinbestekoa dela enpresek energiaren autokontsumoa handitzea eta teknologia garbien aldeko apustua areagotzea. Bada, bide hori azkartu dezaten lagunduko die gobernuak enpresei, Mikel Jauregi Jaurlaritzako Industria sailburuak adierazi duenez: «Gure industriaren produktuak eta zerbitzuak deskarbonizazioaren bidez bereiztearen aldeko apustua da».

«Gure industriaren produktuak eta zerbitzuak deskarbonizazioaren bidez bereiztearen aldeko apustua da» 

MIKEL JAUREGI Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua

Planaren atal nagusia autokontsumoari dagokio, eta 160 milioi euro izango ditu. Beren burua argindarrez hornitzeko inbertsioei laguntza zuzenak emango dizkie Gasteizko gobernuak: batez beste, egindako inbertsioaren %23 finantzatuko die Jaurlaritzak enpresa handiei, %28 ertainei, eta %33, berriz, enpresa txikiei. Gainera, inbertsioak egiten dituzten enpresek %35 arteko zerga kenkariak ere izango dituzte, foru aldundien bidez. Horrek hau esan nahi du: esaterako, tailer batek eguzki panelak jartzen baditu teilatuan, inbertsioaren bi heren jasoko du laguntza zuzenetan eta zerga kenkarietan.

Planaren arabera, «garapen jasangarria, ekonomia zirkularra, ingurumen inpaktuaren murrizketa eta trantsizioa energetikoa erraztuko duten teknologia» sustatuko dute inbertsio horiek, baina pentsatzekoa da industria gehienek energia fotovoltaikora joko dutela argindar faktura txikitzeko, hura baita iturririk eskuragarriena lekuari eta eskatzen duen inbertsioari dagokionez.

«Deskarbonizazio adimendunean sinesten dugu, trantsizio energetikoan aurrera egitea eta lehiakortasuna areagotzea», esan du Jauregik aurkezpen ekitaldian. Izan ere, planak neutraltasun energetikoa eta mix energetikoa uztartzea da asmoa; hau da, elektrifikazioa ez ezik, hidrogeno berdearen pareko teknologia berriak sustatzea. «Neutraltasun teknologikoaren aldeko apustu irmoa da», sailburuak adierazi duenez.

Laguntzak bateragarriak

Industria deskarbonizaziorako, ehun milioi euro erabiliko ditu Jaurlaritzak. Gainerakoa, berriz, honetarako izango da: mugikortasun jasangarria sustatzeko, energia auditoretzak egiteko eta energia zirkularra bultzatzeko; 40 milioi euro inguru guztira. Horrez gain, administrazio publikoentzako maileguetarako izango dira beste ehun milioi euro.

Autokontsumoari dagokionez, EAEn 150 MW-eko potentzia dago instalatuta gaur-gaurkoz, eta lau urteren buruan potentzia hori halako hiru izatea da helburua, herrialde aurreratuenen pare jartzeko. Jauregi: «Euskadi Europako Batasuneko abangoardian kokatzen du asmo handiko plan honek, Europako Batasuneko programarik osatu eta aurreratuenetako bat izango baitu».

BEC erakustazokan jarri dituzten eguzki panelak. IREKIA
BEC erakustazokan jarri dituzten eguzki panelak. IREKIA

Planaren aurkezpena, hain zuzen ere, BECen (Barakaldo, Bizkaia) egin dute, erakustazoka eta Gurutzetako ospitalea eguzki energiaz hornituko duten instalazio fotovoltaiko berrian. Jaurlaritzak 6,4 milioi euroren inbertsioa egin du, eta espero da bi eraikinen energia beharraren laurdena eguzki panel horiei esker sortzea. Energia hori bateria bidez biltegiratuko dute, gainera.

Ekitaldian parte hartu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietako ordezkariek. Izan ere, Jaurlaritzak deskarbonizaziorako emango dituen laguntzak bateragarriak izango dira foru aldundiek ematen dituzten beste laguntza batzuekin. Arabako aldundiak, esaterako, bi milioi eurotik gorako laguntzak iragarri ditu; Bizkaiak, 1,6 milioi eurokotik gorakoak; eta Gipuzkoak, 1,5 milioi eurokoak. Hiru aldundietako ordezkariek nabarmendu dute deskarbonizazioa dela industriaren erronka nagusietako bat, eta ezinbestekoa dela enpresei bide horretan laguntzea. 

SARE ELEKTRIKOA INDARTZEKO PREMIA

Argindar sarea handitzeko eta indartzeko premia berretsi du Jauregik aurkezpenean. Izan ere, gogorarazi du apirilaren 28ko itzalaldiak agerian utzi zuela gizarteak eta industriak energiarekiko daukan menpekotasuna. Hori dela eta, energiaren arloan «independenteagoak eta autonomoagoak» izatea nahi bada, urrats gehiago behar direla azpimarratu du, deskarbonizazioa bultzatzea ez baita nahikoa haren hitzetan. Azpimarratu du Jaurlaritza «buru-belarri» lanean ari dela egin beharreko inbertsioak zehazteko, hala Madrilekin nola Red Electricarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.