Ehun mila sinadura baino gehiago, gutxieneko soldata propioa eskatzeko

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek abuztuaren 21ean aurkeztuko dute herri ekinaldi legegilea Eusko Legebiltzarrean. Nafarroan, lege proposamena erregistratzeko eskatu diete alderdi politikoei.

Sindikatu abertzaleek gaur egindako agerraldia, LABen Bilboko egoitzan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Sindikatu abertzaleek gaur egindako agerraldia, LABen Bilboko egoitzan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
14789412 kepa
Bilbo
2025eko uztailaren 30a
13:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Legez sinadurak batzeko sei hilabete izan arren, helburuak beteta iritsi dira udara sindikatu abertzaleak: hiru hilabete eskasean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 100.000 lagunen baino gehiagoren babesa jaso du gutxieneko soldata propioaren aldeko herri ekinaldi legegileak, eta, horrenbestez, amaitutzat eman dute izenpeen bilketa ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek. Sinadura horiek guztiak abuztuaren 21ean aurkeztuko dituzte Eusko Legebiltzarrean, eta alderdi politikoei dei egin diete hura babesteko.

Nafarroako Parlamentuak uko egin zion herri ekinaldi legegilea izapidetzeari, eta lurralde hartan ere milaka sinadura jaso dira gutxieneko soldataren eskumena autonomia erkidegoek izan dezaten. Ondorioz, sindikatu abertzaleek Nafarroako alderdi politikoei eskatu diete lege proposamena erregistratzeko.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek uko egin diote sinadurak biltzeko zituzten beste hiru hilabeteei, «Eusko Legebiltzarrak gutxieneko soldataren eskumena ahal bezain pronto eska dezan», Leire Gallego ELAko ekintza sozialeko arduradunak azaldu duenez. Bilbon egin dute agerraldia gaur langile erakunde haietako ordezkariek, ekinaldiaren emaitzen berri emateko.

«Langile klasearen konpromisoa eta gehiengo sindikalaren ekimena uztartuta, bete dugu geure buruari jarritako erronka»

LEIRE GALLEGOELAko ekintza sozialeko arduraduna

Urte hasieran abian jarritako gutxieneko soldata propioaren aldeko dinamika «arrakastatsutzat» jo du Gallegok. Hark aitortu duenez, «kontu teknikoak tarteko, nahi baino gehiago luzatu zitzaigun sinadura bilketari hasiera emateko epea, maiatz hasieran hasi baikinen izenpeak batzen». Baina hiru hilabete eskasen buruan 100.000 sinadura baino gehiago lortu dituzte, azkenean.

«Langileriak iniziatiba honi modu masiboan eman dio babesa. Herriz herri, lantokiz lantoki, auzoz auzo, ehunka lagunek hartu dute parte sinadurak biltzen eta dinamika zabaltzen. Langile klasearen konpromisoa eta gehiengo sindikalaren ekimena uztartuta, bete dugu geure buruari jarritako erronka», azpimarratu du ELAko kideak.

Bi bide

Bi bide lantzeko konpromisoa hartu zuten sindikatu abertzaleek urte hasieran: lehena, egungo eskumenen barruan, lan harreman guztiak arautuko lituzkeen lanbide arteko akordio baterako negoziazio mahaira deitu zuten Confebask EAEko enpresaburuen elkartea.

Oihana Lopetegi LABeko ekintza sindikaleko arduradunak azaldu duenez, «lehen deialdian, uko egin zion mahaia eratzeari. Beste deialdi bat ere egin genuen, eta proposamen bat aurkeztu, erabat gauzagarria: 1.500 euroko gutxieneko soldata. Orduan, mahaira joateari ere ezetza eman zion».

Beste alde batetik, eskumen berriak eskuratzeko iniziatiba bat abiatu zuten langileen erakundeek: «Herri ekinaldi legegile bat jarri genuen martxan, langile estatutua aldatu eta Hego Euskal Herrian lanbide arteko gutxieneko soldata propioa ezartzeko eskumena helburu zuena».

Abuztuaren 21ean, sinadurak Gasteizko legebiltzarrean erregistratu eta herri ekinaldi legegilearen ibilbideak aurrera jarraituko du: «Bertan, alderdi politikoek aukera izango dute hitzak alde batera utzi eta ekintzei heltzeko: benetan badute gutxieneko soldata duinago baten aldeko borondatea, eman diezaiotela babesa ekinaldiari», adierazi du Lopetegik. Legebiltzarrak babesa emanez gero, Espainiako Kongresura iritsiko da legea aldatzeko proposamena. Horiek horrela, bide horretan «urrats sendoak» egiteko eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta alderdi politikoei.

«Alderdi politikoek aukera izango dute hitzak alde batera utzi eta ekintzei heltzeko: benetan badute gutxieneko soldata duinago baten aldeko borondatea, eman diezaiotela babesa ekinaldiari»

OIHANA LOPETEGILABeko ekintza sindikaleko arduraduna

Ildo berean, Gasteizko gobernuak argitaratutako gutxieneko soldataren inguruko txostena txarretsi dute ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek: «Agerian uzten du gutxieneko soldata propio baten beharra, baina ikuspegi murriztaile batetik egina da: bai eragin eremuari dagokionez —hitzarmeneko gutxienekoa proposatzen du—, baita zenbatekoari dagokionez ere». Lopetegiren arabera, «horrek ez lieke eragingo baldintza okerrenak dituzten langileei, ezta Espainiako lan hitzarmena daukaten EAEko beharginei ere. Are gutxiago itunik ez daukatenei».

Nafarroari dagokionez, hango parlamentuak ekinaldi legegilea izapidetzeari uko egin zion arren, lege proposamena aurkeztu dezaten eskatu diete lurraldeko alderdi politikoei.

Mezua patronalari

Lopetegik ohartarazi duenez, Confebaskek «elkarrizketa sozialeko mahaira» eraman nahi du gutxieneko soldata propioaren inguruko afera, eta «absentismoa eta antzeko gaiekin nahastu eztabaida»: «Elkarrizketa sozialeko mahaia ez da negoziazio kolektiboko markoa, eta ez da gutxieneko soldata negoziatzeko gunea».

Hori dela eta, EAEko enpresaburuen elkarteari dei egin diote «aitzakiak albo batera utzi eta herri honetako errealitate sindikala onartzeko»: «Egin dezala urratsa eta eseri dadila benetako negoziazio mahai batean». Eskaera bera egin diote Nafarroako CEN patronalari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.