Ekialde Hurbilean 40 bat energia azpiegiturak dituzte kalte larriak edo oso larriak

IEAren arabera, energia segurtasunaren historiako krisirik handiena da egungoa. Denbora beharko da dagoeneko kaltetutako azpiegiturak berriz lanean hasteko.

Petroliontzi bat Graysko petrolio eta gas biltegian, Ingalaterran. NEIL HALL / EFE
Petroliontzia Graysko petrolio eta gas biltegian, Ingalaterran. NEIL HALL / EFE
Irune Lasa.
2026ko martxoaren 23a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Txango laburra» izan behar zuena luzatzen ari zaio Trumpi. Israelek eta AEBek otsailaren 28an hasi zuten Iranen kontrako erasoaldia, eta oraindik ere ez da baretzerik antzematen gatazkan. Hurrengo egunak erabakigarriak izango dira ikusteko ea erasoek larriagotzen segitzen duten.

Bitartean, Donald Trumpen ultimatumek eta Iranen mehatxuek egiatik zer duten argitu zain, esan daiteke merkatuak itxaron eta ikusi moduan daudela, erabaki drastikorik hartu gabe, gatazkak dagoeneko ekarri dituen ondorioak eta ezkortasun orokorra islatzen.

Txango laburreko 24. egunean, gauzek okerrera egingo duten kezka ezin gainetik kenduta, kalteen kontaketa ere ezin baztertu. IEA Nazioarteko Energia Agentziako buru Fatih Birolek esan du Ekialde Hurbileko 40 bat energia azpiegitura «oso kaltetuak» daudela dagoeneko, eta horrek etenaldi handiak ekarriko dituela hornikuntza kate globaletan, gatazka baretu eta gero ere.

«Ez dira  petrolioa eta gasa soilik; ekonomia globalaren funtsezko zain batzuk ere badira: gai petrokimikoak, hala nola ongarriak, sufrea eta helioa. Haien merkataritza erabat eten da»

FATIH BIROL IEAren zuzendari nagusia

Petrolio putzuek, findegiek, petroliobideek... «denbora beharko dute lehengo jardunean hasteko». Birolek alderaketa egin du gertatzen ari denaren neurria azaldu nahian. Haren ustez, egungo egoeraren baliokidea topatzeko, batu egin behar lirateke 70eko urteetako bi petrolio krisi handiak eta 2022an Ukrainako inbasioak gasarekin sortutako krisia. Segurtasun energetikoak inoiz izan duen krisirik handiena da, IEAko buruaren ustez. 

«Ez dira petrolioa eta gasa soilik; ekonomia globalaren funtsezko zain batzuk ere badira: gai petrokimikoak, hala nola ongarriak, sufrea edo helioa. Haien merkataritza erabat eten da, eta horrek ondorio serioak dakartza ekonomia globalera», azaldu du Birolek.

Kolpea leuntzeko neurriak

Eta bitartean, gero eta herrialde gehiago neurriak hartzen ari dira gai horien faltak eta garestitzeak kontsumitzaileen poltsikoetan eragingo duten kolpea samurtzeko. Espainiako Gobernuak, esaterako, argindarraren, erregaiaren eta gasaren BEZak murriztu zituen ostiralean.

Ez da bakarra izan Europan. Italiak ere apaldu ditu zerga batzuk, eta energia konpainien aparteko irabazien gaineko zergak ezarri. Portugalek argindarraren prezioari sabaia ezartzeko araua prestatu du. Greziak, berriz, irabazi marjinak mugatuko dizkie erregaiei, eta kontsumitzaileentzako laguntzak iragarri ditu. Austriak ere jaitsi ditu erregaien gaineko zergak, eta mugatu merkaturatzaileen irabaziak.

gasolindegian

Espainiako Gobernuak BEZa murriztu zien ostiralean erregaiei, %10era, eta hori antzeman da gaur gasolindegietan. Hego Euskal Herrian, gasolioa  1,967 eurotik 1,811ra jaitsi da litroa (-15 zentimo); gasolina, 1,813tik 1,626ra (-19 zentimo). Ipar Euskal Herrian, ezantza 1,888 euroan dago litroa, eta gasolioa, 2,108an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!