Argindarraren, erregaiaren eta gasaren BEZa %21etik %10era jaitsi du Espainiako Gobernuak

Argindar sorkuntzaren gaineko zerga ere murriztuko du, bonu sozialaren laguntzak handituko ditu, eta erregai profesionalak deskontua izango du. Alokairuei buruzko neurriak beste dekretu batean jasoko ditu.

Gasolindegi bat, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Gasolindegi bat, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Jokin Sagarzazu - Iker Aranburu
2026ko martxoaren 20a
10:29
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kolpea leundu nahi du Espainiako Gobernuak. Irango gerrak energiaren prezioa asko igo du, Ormuzko itsasartearen ia erabateko itxieragatik eta energia instalazioen aurkako erasoengatik. Horri aurre egiteko, erregaien, argindarraren eta gasaren balio erantsiaren gaineko zerga apaltzea erabaki du Pedro Sanchezen gobernuak: %21ekoa ordaintzen dute herritarrek, eta %10ekoa ordainduko dute igandetik aurrera. Maiatzaren amaiera arte egongo dira indarrean.

Zergak jaisteaz gain, Espainiako Gobernuak argindarraren merkatuari buruzko egiturazko beste neurri batzuk hartu ditu. Horien artean daude industria elektrointentsiboaren argindar kostuak apaltzeko modu batzuk, Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari eskatu izan dion moduan.

Koalizio gobernuko kideen arteko negoziazioak ez dira errazak izan. Partaide txikiak, Sumarrek, etxebizitzari buruzko neurriak eskatu zituen, baina PSOEk argudiatu zuen halakoren bat indarrean jarri nahi izanez gero zaila izango dela Espainiako Kongresuak energien prezioak apaltzeko neurriak berrestea. Sumarrek, ordea, ez du etsi, eta haren bost ministroek gaurko ezohiko Ministroen Kontseiluaren bilerara ez sartzeko mehatxua egin dute. Erabaki horrekin presio egin nahi izan dute beren gogoko neurri batzuk dekretuan sar daitezen.

Azkenean, neurri sorta bi dekretutan banatzea adostu dute. Batean energiari lotutakoak jasoko dituzte, eta bestean, berriz, etxebizitzen alokairuarekin zerikusia dutenak —aurten iraungitzen diren kontratuak bi urtez luzatzeko derrigortasuna, alokairu prezioen izoztea eta pertsona zaurgarrienak etxegabetzeko moratoria—. Haatik, Sanchezek berak aitortu duenez, bigarren dekretuak zailtasun handiak izango ditu Espainiako Kongresuan aurrera egiteko, Juntsek jada iragarri baitu ez duela babestuko.

Era berean, eta aurreikusita zegoen bezala, gobernuak ez du elikagaien garestitzeari aurre egiteko zuzeneko neurririk hartu, 2023an Ukrainako gerrak eragindako inflazio handiari eusteko egin zuen bezala. Orduan oinarrizko elikagaien BEZa %4tik %0ra jaitsi zuen (ogiarena, esnearena eta arrautzena, besteak beste), eta olioari eta pastari ere BEZ murriztua aplikatu zien. Oraingoan ez du halakorik egingo, uste baitu energien prezioen igoerari erantzuteko egoera hobean dagoela eta hori eginda elikagaietan ez dela nabarituko.

Energiari buruzko dekretuak laurogei neurri ditu guztira, eta, Sanchezek azaldu duenez, 5.000 milioi euro «mobilizatuko» dituzte. Neurriak bihar argitaratuko dira BOE Espainiako Aldizkari Ofizialean, eta hurrengo egunean sartuko dira indarrean, behin-behinean Espainiako Kongresuak berretsi arte.

1

Erregaiak

Erregaien garestitzeari eusteko, BEZa jaisteaz gain —%21etik %10era—, hidrokarburoen zerga bereziaren tasa ere murriztuko du Espainiako Gobernuak, «Europako Batasunean onartutako gutxienekora arte». Gaur egun, litroko 0,379 eurokoa da gasolioan, eta 0,47269 eurokoa gasolinan.

Sanchezek esan duenez, batez besteko «beherapen efektiboa» 30 zentimokoa izango da litroko, erregai motaren arabera. 

Baina, aurreikusita zegoen bezala, gobernuak behin betiko uko egingo dio Ukrainako gerrak eragindako inflazio krisiaren testuinguruan ezarri zuen 20 zentimoko hobariari, uste baitu horren zati handi bat ez zela azkenean kontsumitzaileengana iritsi.

Hala ere, erabilera profesionaleko erregaiak lagunduko ditu gobernuak: garraiolariek litroko 20 zentimoko deskontua izango dute hidrokarburoen zerga berezian. Itzulketa eskubiderik ez duten garraiolariek ibilgailu bakoitzeko aparteko eta aldi baterako laguntza bat jasoko dute. Nekazaritza erabilerarako gasolioak ere litroko 20 zentimoko laguntza izango du, eta laguntza baliokide bat ongarriak erosteko. Arrantzaleek ere izango dute 20 zentimoko deskontua gasolio litroko.

Horrez gain, Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeari (CNMC) ahalmen handiagoa emango dio prezioak kontrolatzeko eta zigorrak jartzeko.

Otsailaren 28an AEBek eta Israelek Iranen aurkako bonbardaketak hasi zituztenetik, batez beste 45 zentimo edo %31 garestitu da gasolioa Euskal Herrian, litroa 1,47tik 1,93ra igaro baita. Gasolinaren prezioa pixka bat gutxiago igo da: %19 edo 28 zentimo, eta orain gasolioa baino merkeago dago, 1,79 euroan batez beste.

2

Argindarra eta gasa

Argindarraren kasuan ere BEZa %21etik %10era murriztuko du Espainiako Gobernuak. Horrez gain, elektrizitatearen sorkuntzari ezarritako zerga kenduko du —enpresek ordaintzen dutena, %7koa—, eta elektrizitatearen zerga berezia murriztuko du —kontsumitzaileek ordaintzen dutena, %5,11koa—. Elektrizitatearen gaineko zerga berezia ere murriztuko du, % 5,11tik % 0,5era.

Industria elektrointentsiboek sare elektrikoa erabiltzeagatik ordaintzen duten zatian %80ra arteko hobaria izango dute. Argindarragatik ez, baizik eta sare elektrikoa erabiltzeagatik ordaintzen duten zatia da hori, eta enpresa horien fakturaren %10-30 inguru izan ohi da.

Gasaren BEZa ere %21etik %10era jaitsiko da, eta berdin egurrarena eta pelletena. Butanoaren eta propanoaren prezioa izoztuko da. 

3

Bonu soziala

Herritar zaurgarrienek etxeko argindarraren faktura ordaintzeko jasotzen duten bonu sozialaren hobekuntzak 2026ra arte luzatuko ditu gobernuak: %42,5ekoa izango da kontsumitzaile zaurgarrientzat, eta %57,5ekoa oso zaurgarrientzat —ohiko kasuetan %35 eta %50 dira, hurrenez hurren—. Eta «indartu» egingo du bonu termikoa: gutxieneko laguntzak 50 euro gehiago izango ditu. Neurri horiek urtea amaitu arte egongo dira indarrean Halaber, uraren eta energiaren hornidura mozketak debekatuko ditu. 

4

Auto elektrikoak

Halaber, ibilgailu elektrikoen erosketagatik %15eko kenkaria aplikatuko da errenta zergan. Neurri hori ez da Hego Euskal Herrian aplikatuko, zerga horren gaineko eskumena bertako ogasunei dagokielako.

Nolanahi ere, Nafarroan dagoeneko badago PFEZaren kenkari bat ibilgailu elektrikoen erosketarako: %30 elektrikoentzat, %5 hibridoentzat, eta %15 kargalekuak instalatzeko. EAEri dagokionez, kenkaria %15ekoa da ibilgailu elektriko eta hibrido entxufagarrietarako —54.450 eurotik beherako ibilgailuen kasuan soilik—, eta %15ekoa kargalekuak jartzeko.

5

Berriztagarriak

Sanchezek azaldu duenez, energia berriztagarriak instalatzeko —eguzki plakak, bero ponpak...— kenkariak ere sartuko dira errenta zergan —Hego Euskal Herrian ere badaude halakoak— . Horrez gain, beste neurri batzuk ere jasoko ditu dekretuak: besteak beste, administrazio prozedurak sinplifikatzeko, biltegiratze sistemen hedapena errazteko, eta auzo, udalerri eta industria poligonoetan autokontsumo partekatua bultzatzeko.

6

Lan arloa

Lan arloan, pandemia garaiko neurri bat berreskuratu du Espainiako Gobernuak. Ekialde Hurbileko gerraren ondorio ekonomikoekin zerikusia duten laguntza publikoak jasotzen dituzten enpresek ezingo dute kaleratze kolektiborik egin. Horrekin batera,  mugikortasun jasangarriko planak bultzatu beharko dituzte 200 langiletik gorako enpresa guztiek edo txanda bakoitzeko 100 langile dituztenek, lantaldearen joan etorriak errazteko.

7

Etxebizitza

Beste dekretu batean joango dira etxebizitzarekin loturiko neurriak. Azkenean hala egitea adostu dute PSOEk eta Sumarrek. Horen arabera, martxoaren 21etik abenduaren 31ra bitartean amaitzen diren alokairu kontratuek bi urteko luzapena izango dute, alokairu prezioak «denbora batez» izoztuko dira eta pertsona zaurgarrienak etxegabetzeko moratori bat ere ezarriko da. Dekretu horrek zailtasun handiak izango ditu Espainiako Kongresuan aurrera egiteko, Pedro Sanchezek berak aitortu duenez. Juntsek esana du ez duela halako neurririk babesteko.

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA