Ekialde Hurbileko gatazkaren ondorioz eurogunea motelago haztea espero du Bruselak

Udazkenean egindako aurreikuspenekin alderatuta, okertu egin dira udaberrikoak: ekonomia %0,9 handitzea eta inflazioa %3ra heltzea espero du Europako Batzordeak. 2027an EBko herrialdeen erdiek BPGaren %3tik gorako defizita izango dute.

Valdis Dombrovskis Europako Batzordeko presidenteordea, gaur, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
Valdis Dombrovskis Europako Batzordeko presidenteordea, gaur, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
joxerra senar
2026ko maiatzaren 21a
14:46
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ormuzko itsasartearen itxiera luzatu ahala, kezka zabaltzen ari da. «Merkatu energetikoa normalizatzeko aukerak gero eta txikiagoak dira», esan du Valdis Dombrovskis Europako Batzordeko Ekonomia komisarioak, eta ohartarazpena egin du: zenbat eta gehiago iraun Irango gerrak, orduan eta handiagoak izango dira ekonomiaren gaineko arriskuak. Bere oinarrizko hipotesian ere aurreikuspenak okertu egin ditu Bruselak, eta udazkenean egindakoak baino ezkorragoak dira oraingoak. Otsailera arte egoera «egonkorra» bazen ere, AEBek eta Israelek Iranen aurka egindako erasoaren ondorioz euroguneko ekonomia motelago haziko da: %0,9 aurten, eta %1,2 2027an.

Udaberriko aurreikuspenak aurkeztu ditu gaur Bruselan Dombrovskisek. Argi utzi du energia merkatuko prezioen igoerak inflazioaren gainean presio egiten duela, eta horrek bete-betean eragiten diela herritarren kontsumoari eta enpresen inbertsioei. Oinarrizko hipotesi horretan, Brent upela batez beste 100 dolarrean salerosiko da ekainean, eta gero 80 dolarrera jaitsiko.

Dena den, baliteke egoera are gehiago okertzea petrolio eta gas merkatuak onbideratzen ez badira, Bruselaren hipotesien arabera. Upela 180 dolarrean egongo balitz, eta megawatt-orduaren pareko gasa 80 euroan, hazkunde ekonomikoa erdira murriztuko litzateke, Dombrovskisen esanetan. «Oraindik ere hazten jarraituko genuke», zehaztu du, baina argi utzi du oinarrizko agertokia dutela uneotan erreferentzia nagusi.

Alemaniari eragin dio

Euroguneko ekonomia indartsuenen artean, egoerak bete-betean eragin dio Alemaniari. Udazkenean urte honetarako %1,2ko hazkundea iragarri zuen Bruselak, eta orain erdira beheratu dio (%0,6). Frantziari eta Espainiari hamarren bat okertu die hazkundearen aurreikuspena, %0,8raino eta %1,9raino, hurrenez hurren.

findegia
Petrolio findegi bat Schwedten, Alemanian. FILIP SINGER / EFE

Italiaren hazkundea, berriz, hiru hamarren jaitsi da udazkeneko kalkuluekin alderatuta, %0,5era. Egoerak kalte ekonomiko are handiagoa egingo die Europa ekialdeko eta erdialdeko herrialdeei, erregai fosilekiko menpekotasun handiagoa dutelako eta soldata igoera «dinamikoagoak» dituztelako. 

Dagoeneko, Ekialde Hurbileko gatazkak ondorio zuzena izan du energiaren merkatuetan. Otsailaren 28arekin alderatuta, petrolioa %65 garestitu da, eta gasa, berriz, %50, baina garestitze horrek ez du iraganean inflazioan izan zezakeen eragin bera. Dombrovskisen arabera, «fruitua eman dutelako» Ukrainako inbasioa hasi geroztik energia hornidura dibertsifikatzeko eta berriztagarriak bultzatzeko neurriek.

Hala eta guztiz ere, datozen hilabeteetan inflazioa «modu nabarmenean» igoko da. Udazkenean egindako kalkuluekin alderatuta, inflazioaren aurreikuspenak puntu bat igo dituzte, eta aurten eurogunean %3ra heltzea espero dute; datorren urtean, berriz, baliteke %2,3ra heltzea. 

Horren ondorioz, herritarren konfiantza indizea azken 40 hilabeteetako mailarik apalenean dago. Martxoko azken datuen arabera, kontsumitzaileak erosahalmena galduko duten beldur dira, eta kostu handiko salgaien erosketak atzeratzen ari dira. Kontsumo Prezioaren Indizearen bilakaera aintzat hartuz gero, soldata errealak «oso apal» igoko dira, Dombrovskisen ustez, eta, ondorioz, langileen errentaren hazkundea oso txikia izango da. Hala, kontsumo pribatua %1,1 haziko da, udazkenean aurreikusitakoa baino puntu erdi gutxiago.

Esportazioak, behera

Egoerak enpresei ere eragiten die, batik bat zerbitzuei, inflazioaren gorabeherek gehiago eragiten diotelako sektore horri. Europako Batzordeko presidenteordearen arabera, ziurgabetasun egoera horri «finantzaketa kostu handiagoekin eta diru sarrera apalagoekin» aurre egin beharko diete. Ondorioz, Bruselak espero du inbertsioak apaldu egingo direla, batik bat industrian. Nazioarteko merkataritzaren egoeraren ondorioz, esportazioak aurten gutxi igoko dira, eta 2027an behera egitea espero du. 

Energiaren kostu igoerari aurre egiteko gobernuek hartutako neurriak «adi» zaindu ditu Europako Batzordeak. «Orain arte nahiko neurtuak izan dira, behin-behinekoak eta zehatzak. Hori gomendatu diegu estatu kideei, eta hala egin dute», azaldu du.

Dena den, Dombrovskisen arabera, defizit publikoa handitu egingo da aurten: udazkenean BPGaren %3,1ekoa izatea espero zuten, eta %3,5era helduko dela diote orain. Hau da, Europako Batasunak ezarritako %3ko mugatik gora egongo da, eta 2027an hamahiru herrialdek gaindituko dute langa hori.  

%6

Zenbatekoa izango den langabezia tasa, ehunekoan. Bruselaren hipotesian arabera, Europako Batasunak %6ko langabezia tasari eutsiko dio. Enplegu sorrera motelduko dela ere aurreikusi du: %0,3 aurten, eta %0,4 datorren urtean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE