CAFek eutsi egin dio bere historiako kontraturik mardulenari

SNCB-NMBS Belgikako trenbide konpainia publikoaren administrazio kontseiluak ebatzi du Beasaingo enpresak egingo dizkiola trenak. 3.400 milioi euroren lanak izango dira gehienez. CAFek hornitzaileak izan beharko ditu Belgikan.

CAFen tranbia bat Flandriako kostaldean. CAF
CAFen tranbia bat Flandriako kostaldean. CAF
Iker Aranburu.
2025eko uztailaren 23a
15:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Egun garrantzitsua zen gaur CAFentzat, xanpaina irekita edo malkotan buka zitezkeen horietako bat. Azkenean, Beasaingo enpresako arduradunek kopak armairutik atera ahal izango dituzte, eta zintzurra busti, CAF bide onean baitago bere historiako kontraturik mardulena lortzeko. Belgikako trenbide konpainia publikoak, SNCB-NMBSk, berretsi egin du CAF hautatu duela gutxienez 180 tren eraikitzeko eta mantentze lanak egiteko. 1.700 milioi euroren lanak izango dira hasieran, baina baliteke halako bi ere izatea baldin eta SNCB-NMBSk aurrerago erabakitzen badu seiehun tren behar dituela bere flota zaharra eraberritzeko. 

Baliteke SNCB-NMBSren administrazio kontseiluaren gaurko erabakia adjudikazio prozesu luze eta korapilotsu baten azken-aurreko urratsa izatea. Azkena, berriz, kontratua sinatzea izango litzateke. Hori egin ahal izateko, ordea, CAFek bi baldintza bete beharko ditu, Belgikako trenbideen kudeatzaileak agiri batean azaldu duenez.

Batetik, CAFek zehaztu beharko du Belgikako zer enpresaren ekarpena izango duen kontratua bete ahal izateko. SNCB-NMBSk nabarmendu du kontratua eskuratzeko lehian zeuden hiru enpresek —CAFek, Alstomek eta Siemensek— aipatu zutela bertako hornitzaileengana joko zutela, eta gai horrek garrantzia hartu du azken hilabeteetan, Alstomek balantzan jarri baitu Belgikan dituen bi lantegien eta 1.500 langileen etorkizuna CAFi kontratua kendu ahal izateko. CAFek ez du fabrikarik Belgikan, baina, presio politiko eta sindikalei aurre egiteko, enpleguaren kontu horretan «zerbait egiteko» prest agertu izan da CAFeko kontseilari ordezkari Javier Martinez Ojinaga, Belgikako hedabideei emandako elkarrizketan.

Bigarren baldintza hau da: CAFek «baieztatu» beharko du bere jarduerak nazioarteko zuzenbidea eta giza eskubideak errespetatzen dituela. Uler daitekeenez, SNCB-NMBSko administrazio kontseiluak azken puntu horren bidez erantzun nahi die Belgikan piztu diren zenbait kritikari, batzuek txartzat jo baitute CAFek trenbide bat egitea Israelek Palestinan okupatutako lurraldeetan, Ekialdeko Jerusalemen. Lan horrek eztabaida handia sortu du Euskal Herrian ere, eta CAF taldeko langile batzorde batzuek ere eskatu diote zuzendaritzari kontratua hausteko.

Alstomen helegitea

Gaurko erabakiaren bitartez, berretsi egin dute SNCB-NMBSko administrazio kontseiluak otsailean aho batez onartutako erabaki bat. Ordu hartan, Belgikako trenbide konpainiak CAF hautatu zuen adjudikaziodun lehenetsia izateko. Kontratu bat egiteko azken urratsa da hori, baina gauzak okertu egin ziren berehala. Kontua da CAFen lehiakide nagusia Frantziako Alstom konpainia dela, eta hark helegitea aurkeztu zuela. Alstomek ziurtatu zuen eskaintza merkeagoa egina zuela, eta gogorarazi Belgikan bi lantegi dituela eta arriskuan leudekeela SNCB-NMBSren kontratu erraldoia eskuratu ezean. Alstomek mila lagun enplegatzen ditu Charleroi hirian, eta beste 500 inguru Brujasen.

DATUAk

300

Zenbat milioi euro jasoko dituen azken kontratuari esker. Uztailean, oraingoz, bi kontratu lortu ditu CAFek, biak Frantzian, eta 300 milioi euro jasoko ditu lanak bukatutakoan. Batetik, Urbos modeloko 38 tranbia egingo ditu Grenoble hirirako, eta beste bederatzi egiteko aukera du. Bestetik, Borgoina-Franche Comte eskualdeak Beasaingo konpainia hautatu du hamalau tren egiteko. Azken kontratu horretan, Alstomek ere parte hartuko du, horixe baitzen baldintzetako bat enpresa horrek CAFi Reichsoffen (Alsazia) herriko lantegia saltzeko akordioan. Alsaziakoa CAFek Frantzian duen bi lantegietako bat da, eta han tren luzeak egiten dituzte; Bagneres de Bigorren (Okzitania), berriz, tranbiak eta tren laburrak.

 

15.603

CAFen eskari zorroa zenbatekoa den, milioi eurotan. Lanik ez zaio falta CAFi. 2025eko lehen hiruhilekoaren amaieran 15.603 milioi euroren lanak zituen entregatzeko, urtebete lehenago baino %6 gehiago. Horren %85 dagozkio trenaren atalari, eta %15, berriz, Solarisen autobus elektrikoei. 

Datorren astelehenean kaleratuko ditu 2025eko lehen erdiari dagozkion emaitzak, eta orduan eguneratuko du bere eskaera zorroaren zenbatekoa.

Frantziako konpainiaren helegiteari jaramon egitea erabaki zuen apirilean Belgikako Estatu Kontseiluak, operazioa geratu baitzuen, argudiatuz SNCB-NMBSk ez zuela ongi azaldu zer irizpide tekniko erabili zituen eskaintzaren kalitate teknikoa zenbatekoa zen zehazteko. Eskaintzak berriro aztertu ondoren, SNCB-NMBSko zuzendaritzak ekainean berretsi zuen CAFena zela aukerarik onena. Are gehiago, CAFek lehen azterketan baino alde handiagoa atera zion Alstomi, L'Echo egunkari ekonomikoak argitaratu zuenez.

Konpainiaren administrazio publikoari zegokion erabakiari azken oniritzia ematea, eta horretarako bildu zen ekainaren amaieran. Baina presio politikoak eta sindikalak oso handiak izan dira —«izugarriak», administrazio kontseiluko kide baten esanetan—, eta kontseiluak erabakia aste batzuk atzeratzea erabaki zuen.

Irizpide geografikorik ez

CAFek bazeukan karta garrantzitsu bat bere alde: prozedura berriro zabaltzeak hainbat urte atzeratuko du trenen berritzea, eta horien beharra du konpainia publikoak, gero eta bidaiari gehiago garraiatzen baititu, eta orain erabiltzen dituen tren batzuek jada 50 urte baitituzte. 

CAFek ez dauka lantegirik Belgikan, baina azken urteetan hainbat kontratu lortu ditu herrialde hartan. Orain, tranbiak egiten ari da Liejarako eta Flandriarako, eta metro unitateak Bruselarako. Baina, presio politikoei aurre eginez, SNCB-NMBSk gogorarazi du Europako Batasuneko legediak debekatu egiten duela fabriken kokapena eta horrek enpleguan izan dezakeen eragina irizpide gisa hartzea lehiaketa batean. Badago arau horri nolabait izkin egiteko modu bat: ingurumenari egindako kaltea aintzat hartzea, horrek bertatik bertara dauden plantei puntu gehiago ematen dizkie eta. Baina halako irizpiderik ez zegoen Belgikako kontratuan.

BILTEGI BAT ERAIKITZEN ARI DA ALEMANIAN

Trenak egitea da CAFen negozio nagusia, baina mantentze lanek ere pisu handia dute enpresaren jardunean. Uztailean, lan horiei lotutako eraikuntza bati ekin zion, Gelsenkirchenen (Alemania). Trenen biltegi bat egingo dute hor, 2027tik aurrera Rhein-Ruhr eta Munsterland eskualdeetan zirkulatzen hasiko diren 76 tren elektrikoen mantentzea eta konponketa egiteko.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.