Maderas de Llodioko lan gatazkak aurrera jarraitzen du. Langileek greba mugagabean segitzen dute, eta ELA eta LAB sindikatuek salatu dute enpresaren zuzendaritza berriro «blokeatzen» ari dela gatazka amaituko lukeen akordioa. Orain arte baino «irmoago» esku hartzeko eskatu diete instituzioei.
Ia zortzi hilabete daramatzate greban Laudioko (Araba) egurgintza enpresako langileek, iazko irailetik. Orduan aurkeztu zuen Garnica multinazionalak —Maderas de Llodioren jabeak— enplegua erregulatzeko espediente bat. 151 langiletik 39 kaleratuko zituela iragarri zuen, produktibitate eta antolaketa arrazoiak argudiatuta. Urrian egin zituen kaleratzeak, eta 35 langile bota zituen azkenean, kalte ordainak ordainduta.
Baina gatazka ez zen hor amaitu. Langileek grebari eutsi zioten, eta sindikatuek EAEko Justizia Auzitegi Nagusira jo zuten, argudiatuz zuzendaritzak kaleratze espediente bat aplikatzeko eman zituen arrazoiak ez zeudela behar beste egiaztatuta. Otsailean, auzitegiak partzialki onartu zituen sindikatuen eskaerak, eta kaleratzeak bidegabeak zirela ebatzi zuen.
Epai horren aurka helegitea jarri zuten bi aldeek Espainiako Auzitegi Gorenean: zuzendaritzak espedientea zilegia dela berresteko; eta sindikatuek, kaleratzeak bidegabetzat soilik ez baizik eta baliogabetzat jotzeko —horrela, espresak berriro onartu beharko lituzke kaleratutako langileak—.
Auzitegiko bideaz gain, sindikatuek eta zuzendaritzak negoziazioei berrekin zieten, Arabako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza bitartekari. Baina ELAk eta LABek gaur igorritako ohar batean adierazi dute negoziazio horiek «blokeatuta» daudela berriro: «Bi hilabetez baino gehiagoz bilerak egiten jardun ondoren, negoziazioa berriz ere blokeatuta dago».
Instituzioen jarrera salatu dute sindikatuek, eta esan ez direla izan «tresna eraginkor eta azkarra langileei zuzenean eragiten dieten funtsezko gaiak desblokeatzeko»: «Salatu nahi dugu bitartekaritza prozesua ez dela espero ziren emaitzak ematen ari. Berehala, irmo eta anbiguotasunik gabe esku hartzeko eskatzen diegu erakundeei. Jarrera argi bat hartzeko garaia da».
Bestalde, adierazi dute akordioa posible dela, baina enpresak ez duela hura lortzeko borondaterik. «Enpresaren jarrera mendekuzkoa eta seriotasunik gabekoa da, eta ez du borondaterik benetako akordioak lortzeko», salatu dute ELAk eta LABek.
Egurrezko xafla kontratxapatuak ekoizten ditu Maderas de Llodiok, eta Errioxako (Espainia) Garnica taldearen barruan dago 2018tik. AEBetako Carlyle funtsak du Garnicaren kapitalaren %70 inguru.