ELAk eta LABek Confebaskekin bildu nahi dute grebaren ondoren

Sindikatu abertzaleek uste dute EAEko Auzitegi Nagusiak gaizki baloratu zuela patronalari eginiko eskaera. Martxoaren 24rako deitu dute enpresari elkartea, LHKren bulegoetan.

Gutxieneko soldata propioa negoziatzeko bileretako bat, LHK-k Bilbon duen bulegoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Gutxieneko soldata propioa negoziatzeko bileretako bat, LHK-k Bilbon duen bulegoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko otsailaren 24a
13:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hego Euskal Herrirako gutxieneko soldata propioaren eskaera martxoaren 17ko greba orokorraren deialditik harago luzatuko da. Sindikatuek protesta eguna mugarri izatea nahi dute, eta haren ostean Confebaskekin berriz ere negoziatzeko asmoa plazaratu dute. Asmo horri data ere jarri diote: martxoaren 24an bilduko dira, Lan Harremanen Kontseiluaren (LHK) bulegoetako batean. Ikusi beharko da patronalak Elkarrizketa Sozialeko mahaitik kanpo biltzea onartzen duen ala ez.

ELAren eta LABen eta Confebasken arteko harremana ez dago inola ere bere onenean. Are gehiago gaiztotu zen sindikatu abertzaleek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako patronala Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian salatu zutenetik. Epaitegiak, baina, otsailaren 4an ebatzi zuen Confebask ez dagoela negoziatzera behartuta. Patronalak garaipentzat hartu zuen erabakia; sindikatuek, berriz, helegitea jarriko dutela iragarri dute.

ELAk eta LABek irragarri dute helegitea jarriko diotela EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiari: «Erakutsi ez genuen asmo bat izatea egotzi zigun»

Sindikatuek, izan ere, ebazpenaren beste interpretazio bat egin dute, eta, horregatik, berriz ere erregistratu dute bilera eskaera LHKn. Haien iritziz, ebatzi zen ELAk eta LABek Confebaskekin negoziatu dezaketela gutxieneko soldata bat ezartzea, betiere gizarte prestazioei eragiten ez badie, eta, beraz, sindikatuek beste negoziazio bat proposatu dute esparru horren barruan: «Auzitegi Nagusiak erakutsi ez zuten asmo bat izatea egotzi zien sindikatuei, eta hori da helegitearen arrazoia», azaldu dute.

Eskaera zehatzagoa

Bilera eskaera berrian, sindikatuek ñabardura hori argitu dute; «espresuki» jaso dute «soilik» EAEko lan harremanei eragingo dien oinarrizko soldata maila negoziatu nahi dutela patronalarekin. Halaber, argitu dute beste hiru eskariak ez direla Confebaski eginikoak, alderdi politikoei eginak baizik; baga, gutxieneko soldata batek izan beharreko beste eragin guztiak EAEn erabaki daitezela; biga, Langileen Estatutua aldatzea; eta higa, gutxieneko soldata propioa erabakitzeko eskuduntza izatea.

Patronalari eginiko bosgarren bilera eskaera da, eta gutxieneko soldata horren zenbatekoa aspalditik dago zehaztuta: 1.500 euro gordineko hamalau ordainketa. Ikusi behar da zein den Confebasken erantzuna, eta erantzuna aldatzen ote duen. Patronalak esana du gaiaz hitz egiteko prest dagoela, baina bi baldintza ezarri ditu orain arte: ez dadila izan bilerako gai bakarra, alegia, besteak beste absentismoaz eta produktibitateaz ere hitz egin dadila; eta Elkarrizketa Sozialeko Mahaian izan dadila. ELAk eta LABek, baina, ez diote legitimitaterik aitortzen mahai horri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.