Confebasken ustez, greba «ez da konponbidea» gutxieneko soldata propioa lortzeko

Enpresari elkarteak berretsi du auziaz hitz egiteko prest dagoela, betiere Elkarrizketa Sozialeko Mahaian bada eta absentismoa eta beste gai batzuk ere lantzen badira.

Tamara Yague Confebaskeko presidentea, agerraldi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Tamara Yague Confebaskeko presidentea, agerraldi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko abenduaren 18a
13:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sindikatu abertzaleek martxoaren 17rako deitu duten greba orokorrak ez du aldarazi Confebask enpresari elkarteak gutxieneko soldata propioaren aldarriaren inguruan duen iritzia. Tamara Yague patronaleko presidenteak esan du lanuztea ez dela eskaera lortzeko «konponbidea», eta ELA eta LAB Elkarrizketa Sozialeko Mahaira gonbidatu ditu gaiaz hitz egiteko, «enpresen produktibitateari eragiten dioten beste gai batzuekin batera».

Confebaskek esana zuen gaur emango zuela deialdiaren inguruko iritzia, urteko balantzea egiteko prentsaurrekoan. Yaguek azken agerraldietako tonu oldartsua baztertu du sindikatuen erabakia errespetatzen duela esateko, eta nabarmendu du erakunde bakoitza dela «bere estrategiaren arduradun». Gai berean, beste behin errepikatu du ELAk eta LABek gutxieneko soldataz hitz egin nahi badute Elkarrizketa Sozialaren Mahaia dela gaia eztabaidatzeko lekua —sindikatu abertzaleek uko egiten diote mahai horri—, eta betiere beste gai batzuekin batera.

«Sindikatuak funtsezkoak dira gizarte guztietan, baina nire ustez ELA bide okerretik doa»

TAMARA YAGUE Confebaskeko presidentea

Presidenteak zabalago hitz egin du ELAren inguruan, kazetariek espresuki galdetuta. Argitu du sindikatuak «funtsezkoak» direla gizarte guztietan, baina Mitxel Lakuntzak zuzentzen duena «bide okerretik» doala. Halaber, gehitu du ez dituztela txarrera hartzen beren erabakien aurka doazen iritziak, «datozen tokitik datozela».

Enpresari elkarteen eta sindikatuen arteko talkarako beste gai bat absentismoa da. LAB sindikatuak iragan astean salatu zuen lan hitzarmenen negoziazioetan pisu handia hartzen ari den salaketa bat dela. Agerraldian Yaguek azaldu du enpresarien artean gehien handitu den ardura dela eta ohiko gaixotasunengatik medikuek ematen dituzten bajek ez dutela zerikusirik lan baldintzekin.

Presidenteak esan du Imanol Pradales lehendakariak berak aipatu zuela absentismoak arazo bezala duen pisua, eta haren hitzak eskertu zituela: «Guk gure iritzia plazaratzen ditugu, argi eta leial. Batzuetan ez gatoz bat Jaurlaritzarekin, baino askoz gehiago dira ados gauden aldiak bat ez gatozenak baino».

%6ko langabezia tasa

Esan bezala, urteko balantzearen eta 2026rako aurreikuspenen berri emateko eginiko agerraldian eman ditu iritzi horiek. Txostenari dagokionez, berriz, iragarri du Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako ekonomia %2,1 handituko dela 2026an, eta 10.000 lanpostu sortuko direla. «Aurreikuspenak betetzen badira, langabezia tasa %6ra jaitsiko da, eta azkenean Europako langabezia tasa bat izango dugu», zehaztu du.

Atzera begira jarrita, berriz, ekonomiak aurten %2,2ko hazkundea izango du, iaz iragarri baino handiagoa —%1,8 esan zuen—. Industriak ageriko etenaldia izan duela aitortu du, baina zerbitzuak eta kontsumoak espero baino hobeto ibili direla. Enpleguari dagokionez, duela urtebete baino 13.000 pertsona gehiago daude izena emanda Gizarte Segurantzan, eta 1.500 gutxiago Lanbiden.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.