EAEko Auzitegi Nagusiak kolpea eman dio gutxieneko soldata propioa lortzearen aldeko borrokari. Epaitegien bidez, Confebask gutxieneko soldata propio bat negoziatzera behartzen ahalegindu dira ELA eta LAB sindikatuak, baina ezezkoa jaso dute, epaileen arabera EAErako gutxieneko soldata negoziatzea ez baitagokie sindikatuei eta patronalari.
Urtarrilaren 20an egin zuten epaiketa EAEko Auzitegi Nagusian, Garbiñe Biurrun magistratua buru zuen epaimahaiaren aurrean. Sindikatuek demanda bat jarri zioten Confebaski, argudiatuta patronalak negoziatzeko legezko obligazioa duela. Gaur emandako epaiak dioenez, ordea, Confebasken ezezkoa justifikatuta dago, gutxieneko soldataren gaia ezin baita negoziazio kolektiboaren bidez eztabaidatu. Epaia ez da irmoa, Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea jar dezakete sindikatuek, eta jakinarazi dute hala egingo dutela.
Epaimahaiaren arabera, sindikatuek aldarrikatzen duten gutxieneko soldatak EAEn lanean diharduten guztiei eragingo lieke, eta, beraz, ez da itunetan adosten den soldata bat, gutxieneko soldata bat baizik, langile guztiei aplikatuko litzaiekeena.
«EAErako gutxieneko soldata negoziazio kolektiboaren bidez adostu ezin daitekeenez, ezin daiteke esan Confebaskek negoziatzeko betebeharrari uko egin dionik»
EAEko Auzitegi Nagusia
Gogorarazi dutenez, gutxieneko soldata propioa ezartzeko ardura Espainiako Gobernuarena da, baina aurrez sindikatu eta patronal esanguratsuenekin eztabaidatu behar du. Epaiak dio «Espainiako Konstituzioan onetsitako negoziazio kolektiboa» dela soldatak ezartzeko biderik egokiena, baina prozedura hori ezin daitekeela erabili gutxieneko soldata ezartzeko, hori Madrilen eskumena delako eta negoziazio kolektiboan biltzen ez diren gaiei eragiten dielako.
«Ondorioz, EAErako gutxieneko soldata negoziazio kolektiboaren bidez adostu ezin daitekeenez, ezin daiteke esan demanda jaso duen enpresa antolakundeak negoziatzeko betebeharrari uko egin dionik», amaitu dute epaileek.
Confebaskek ontzat jo du erabakia. Gogorarazi du, negoziatzeari uko egiterakoan, zenbait alditan erabili duela epaileek aintzat hartu duten argudio bera, eta sindikatuekin eseri ez bada negoziazio horrek legezko baliorik ez lukeelako izan dela.
Ez dute amore emango
ELAk eta LABek irakurketa gazi-gozoa egin dute. Lehenik eta behin, adierazi dute patronalari ez diotela sekula eskatu «prestazio sozialen zenbatekoan eragina izango duen gutxieneko soldata negoziatzea», eta, sindikatuen arabera, hori izan da auzitegiak demanda atzera botatzeko erabili duen argudio nagusia. Horregatik jarriko dute helegitea. «Patronalari ez diogu sekula eskatu hori, baina auzitegiak sakoneko asmoa hori zela adierazi du eta horregatik Confebaskek ez duela negoziatzeko obligaziorik», azaldu dute.
Helarazi duten oharrean diotenez, hasieratik izan dute argi patronalarekin soilik soldaten negoziaketa bat egin daitekeela, eta horregatik jorratu dituzte, modu paraleloan, gutxieneko soldata propioa eskuratzeko beste bide batzuk ere —herri ekinaldi legegilea eta eskuduntzaren aldeko kanpaina Eusko Legebiltzarrean—.
«Epaiak argi adierazten du gutxieneko soldata Euskal Herrian adostu daitekeela eta horretarako borondate patronala eta politikoa behar dela soilik»
ELA ETA LAB SINDIKATUAK
Dena den, begi onez ikusi dute epaileek «soilik soldatei begirako akordio bat» posible dela argitu izana. «Auzitegi Nagusiaren epaiak argi adierazten du gutxieneko soldata Euskal Herrian adostu daitekeela eta horretarako borondate patronala eta politikoa behar dela soilik», iritzi dute sindikatuek, eta, horregatik, esan dute «Eusko Legebiltzarraren eta patronalaren aurkako betoari greba orokorraren bidez erantzutea ezinbestekoa» izango dela. Greba orokorrera dute deitua martxoaren 17rako.
Epaiaren berri izandakoan, EH Bilduk babesa eman die sindikatuei. Nerea Kortajarena legebiltzarkideak adierazi du EAEk badituela «gutxieneko soldata propio bat ezartzeko adina tresna», eta hori bermatzea «justizia eta demokrazia ekintza bat» dela: «Bizitzaren kostua soldatak baina askoz azkarrago handitzen ari da, eta hori ez da bidezkoa». Gehitu du ez dagoela Madrilen erabakitzen denaren zain egon beharrik, badaudela SMI propioa izateko nahikoa eskumen, eta jakinarazi du ostiralean gaiaz galdetuko diotela Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuari.
Lau saiakera
Urtarrileko epaiketan, sindikatuek kontatu zuten lau aldiz saiatu direla Confebaskekin EAErako gutxieneko soldata ezartzeko akordio bat egiten, baina, haien arabera, patronalak uko egin dio bai negoziazioa abiatzeari eta bai horretarako mahai bat eratzeari. Sindikatuek gogoratu zuten azkenengo lan erreformatik Langileen Estatutuaren 84. artikuluan berariaz jasotzen dela erkidego mailako lanbide arteko hitzarmenek lehentasuna dutela eta, ondorioz, aldeek negoziatzeko obligazioa dutela halako akordio bat proposatzen denean. Epaileek, ordea, ez diete arrazoia eman.
Herri ekinaldi legegile baten bidez ere saiatu ziren gutxieneko soldata propioa lortzen. Eusko Legebiltzarrean gobernuko kide direnek, baina, EAJk eta PSE-EEk, atzera bota zuten 138.495 herritarrek sinatutako egitasmoa. Haren helburua zen gutxieneko soldata ezartzeko eskumena Madrildik Hego Euskal Herriko erakundeetara ekartzeko eskaera egitea, baina, gobernuko bi alderdien ustez, ez dute hori eskatzeko lege babesik —gauza bera argudiatu zuten Nafarroako Parlamentuan—.

Dena den, gutxieneko soldataren ingurukoak bertan erabaki ahal izatea defendatu zuten, baina horretarako bidea lanbide arteko akordioak direla adierazi zuten, sindikatuen eta patronalaren artekoak alegia, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Enplegu Sailak berak azterketa bat egin zuen hori defendatzeko. Ez du iritzi bera EAEko Auzitegi Nagusiak.
Nafarroako Parlamentuan, EH Bilduk eta Geroa Baik gaiari buruzko lege proposamena aurkeztu zuten ostegunean, eta herenegun Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzordeak tramiterako onartu zuten eskaera. Horrela, datozen asteetan eztabaidatuko da langileen estatutua aldatzeko eta erkidegoek soldata propioa izateko proposamena.