ELA sindikatua ez dator bat Eusko Jaurlaritzak 2026rako aurrekontu proiektuaren inguruan zabalduriko bertsioarekin. Sindikatu abertzalearen ustez, datuek ez dute islatzen «iritzi publikoari helarazi nahi zaion hazkundea». Haien kalkuluen arabera, aurrekontua benetan %2,4 handitu da, Jaurlaritzak emaniko %4,1eko hazkundetik «oso urrun».
Eusko Jaurlaritzak 16.378 milioi euroko aurrekontua aurkeztu zuen asteartean, aurtengoa baino %4,1 gehiago (15.728 milioi euro). Sindikatuak, baina, egindako gastuarekin alderatu du, eta ondorioztatu «irailaren amaieran eguneratutako aurrekontuaren arabera» hazkundea %2,4koa dela bakarrik.
Sindikatuak aurrekontua murriztuko lukeen beste aldagai bat sartu du bere analisian: enpresetan inbertitzeko dirua. Aurrekontuetan 935 milioi euroko diru poltsa bat ageri da Euskadi Eraldatuz 2030 izenburupean. Finantzen Euskal Agentziaren esku jarritako kopurua da, enpresen berrikuntzan inbertitzeko, eta ELAk uste du ez lukeela aurrekontuetan agertu beharreko. Zergatik? «Inbertsio plan bat delako», zor publikoarekin finantzatuko dena.
Ikerketa taldeak bere galbahea pasa dio sail bakoitzean jarri nahi den diru kopuruari, eta, haien kalkuluaren arabera, osasun arloko aurrekontua 182 milioi handituko da bakarrik. Zehaztu du iaz antzeko igoera justifikatu zuela osasunean atzemandako gabeziak estaltzeko, eta, beraz, ondorioztatu du 2026an ez dela «aldaketa estrukturalik» egongo. ELAren iritziz, horrek erakusten du osasun mahaia ez dela «benetako ondoriorik» izaten ari.
ELAk salatu du Jaurlaritzak ez dituela baliatu bere esku dituen tresna guztiak langile publikoen soldata gehiago igotzeko
Etxebizitzan eta hezkuntzan ere jarri du lupa ELAk. Etxebizitzaren arloan hamalau milioi euro gutxiago jarriko direla kalkulatu du —482 milioi euro 496 milioiren ordez—, eta, sindikatuaren ustez, horrek erakusten du Jaurlaritzak «lidergo falta» duela arlo horretan. Hezkuntzak izango duen hazkundea, aldiz, zortzi milioi eurokoa izango da, eta hori «aurrekontua izoztea» dela iritzi dio.
Aurrekontu proiektuaren arabera, Jaurlaritzak %2,5 eguneratuko die soldata langile publikoei 2026an. Igoera hori «oso larria» da, ELAren ustez, ez duelako kontuan hartzen azken urteetan pilaturiko behin-behinekotasuna eta soldaten izozketa. Izan ere, aurten oraindik ez diete soldata handitu, eta, horren ondorioz, 2022az geroztik «%8,6ko galera izan dute erosteko ahalmenean». Gainera, ELAk berriro nabarmendu du Jaurlaritzak ez dituela erabili nahi bere esku dituen eskumenak langile publikoen soldatak are gehiago igotzeko, eta Madrilen esku uzten dituela «funtsezko gai horiek».