«Lan Harremanen Kontseiluko presidenteak hizkuntz eskubideen bermea negoziatzaileen esku uztea ez da bidezkoa», salatu du gaur ELA sindikatuak, atzo LHKko presidente Emilia Malagak esandakoen ostean.
Bezperan, ELAk jakinarazi zuen sektore mailako lan hitzarmena negoziatzen ari diren 27 mahaitan euskara hutsean jarduteko asmoa zuela. Eta Malagak atzo gai horri buruz esan zuen euskarak ez lukeela oztopo izan behar ados jartzeko; zehaztu zuen, hori bai, LHKk gaur egun ez duela itzulpen zerbitzurik, eta ez dagokiola berari erabakitzea bileretan halakorik erabiliko den ala ez.
Gaur plazaratutako oharrean, ELAk iritzi dio «onartezina» dela LHKk itzulpen zerbitzua jartzeari uko egitea. Sindikatuaren ustez, «LHK erakunde publikoa da, eta haren betebeharra da bertaratzen diren herritarren hizkuntz eskubideak bermatzea». Gogoratu du, halaber, sindikatuek eta patronalek «eginkizun publiko araugilea» dutela negoziazio kolektiboaren bidez, «kasu honetan lan araudia sortzekoa».
ELAk dio LHKk ez duela egiturarik eskaintzen negoziazioak euskaraz ere egin ahal izateko, eta «baliabiderik jartzen ez badu beste behin euskaraz aritu nahi duten negoziatzaileek jasan beharko» dutela «presio nagusia». Sindikatuaren ustez, hori «onartezina da».
Bilera
Horregatik, ELAk Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sindikatu eta patronal nagusien arteko bilera eskatu du, «iraileko negoziazioen aurretik solaskideen arteko hizkuntz irizpideak eta baliabideak adosteko, argi esanik ELAk 27 negoziaziotan ez diola uko egingo euskaraz aritzeko bere eskubideari».
Izan ere, ELAren aburuz, «hau ezin da norbanako langileen arazo bilakatu, ez langile euskaldunena, ezta langile erdaldun elebakarrena ere», eta administrazioak eta enpresek baliabideak eta neurriak ezarri behar dituzte hizkuntz eskubideak bermatzeko; «baliabide ezak ezin du eragin langile euskaldunek beren eskubideei uko egin behar izatea», ELAren iritziz «euskaraz lan egin ahal izatea lan eskubidea baita».