Etxebizitzarako eskubidearen aldeko greba orokorrerako bi aste falta diren honetan, txosten bat aurkeztu du ELAk, arlo horren egoera aztertu eta mobilizatzeko zer arrazoi dauden azaltzeko. Etxebizitza gatazka sozial eta politikoaren erdigunean du izenburu, eta, diagnostikoa egin eta zenbait neurri proposatzeaz gain, erantzuleak ere seinalatu dituzte ikerketan: ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak esan duenez, Hego Euskal Herriko erakundeek «kale» egin dute afera honetan, eta egungo egoera «porrot instituzionalaren ondorio» da.
Ikerketatik ateratako zenbait datu eman ditu Lakuntzak baieztapen hori arrazoitzeko. Esan duenez, alokairu babestuak oso toki txikia du Hego Euskal Herriko etxebizitza parkean, batez ere Europarekin alderatuta; EAEn, etxebizitza guztien %2,6 baino ez dira alokairu babestukoak, eta Nafarroan, berriz, %2 —Europan, %6,5—. Hutsik dauden etxebizitzak ere aipatu ditu: Araba, Bizkai eta Gipuzkoan oro har, 34.000 etxebizitza daude hutsik eta bestelako konponketarik egin beharrik gabe merkatura ateratzeko moduan.
Bestalde, hizpidera ekarri ditu Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aurrekontuak; esan duenez, Jaurlaritzak aurrekontuetako diruaren %2,7 baino ez du erabiltzen etxebizitza politiketan, eta Nafarroako Gobernuak, berriz, %1,16. «Aurrekoan, [Imanol] Pradales lehendakariak adierazi zuen ez zuela ulertzen zeintzuk diren greba egiteko arrazoiak; bada, horixe da alor honetan Pradalesen eta [Nafarroako presidente Maria] Txibiteren gobernuek egiten duten ahalegina».
«Gure instituzioek ez dituzte erabili espekulazioa amaitzeko eta etxebizitzarako eskubidea bermatzeko eskura izan dituzten tresnak»
MITXEL LAKUNTZA ELAko idazkari nagusia
Hego Euskal Herriko instituzioen erantzukizuna nabarmendu du Lakuntzak; esan duenez, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak —eta «neurri txikiagoan» aldundiek eta udalek— badituzte eskumenak etxebizitzaren merkatuan eragiteko. «Gure instituzioek ez dituzte erabili espekulazioa amaitzeko eta etxebizitzarako eskubidea bermatzeko eskura izan dituzten tresnak», baieztatu du.
Eta hori gertatu da, Lakuntzaren aburuz, etxebizitzaren arloko politika publikoak «eraikuntza enpresen, bankuen eta errentadunen mesedetan» egin dituztelako: «Negozioa egiteko egin da politika». Haren esanetan, «interes talde horien pribilegioak ezbaian» jarri behar dira. «Hori egin ezean, nekez konponduko da etxebizitzaren arazoa».
Alokairuak eta hipotekak
Txostenean bildutako hainbat datu aletu ditu ELAren Azterketa Bulegoko arduradun Aitor Murgiak. Esan duenez, gaur egungo etxebizitza ereduak «pobrezia eta desberdintasuna» sortzen du, eta aberastasuna «gutxien dutenen eskuetatik gehien dutenen poltsikoetara» eramateko tresna bilakatu da etxebizitza. Alokairuen arloan gertatzen dena jarri du adibidetzat: esan duenez, Hego Euskal Herrian urtean 1.338 milioi euro ordaintzen dira alokairuetan, baina biztanleen %40k —hain zuzen ere, diru sarrera txikienak dituztenek—, dirutza horren %62 ordaintzen dute. Arreta aberatsenen multzoan jarriz gero, emaitza da biztanleen %20k alokairuaren diruaren %55 jasotzen dutela.
Etxebizitzaren prezioen bilakaera soldatek izandakoarekin alderatu du Murgiak, eta ondorioztatu hori ere badela «pobrezia areagotzeko» mekanismoa. Esan duenez, soldatek halako bi egin du gora etxebizitzaren prezioak 2015etik: erosteko prezioa %66 handitu da EAEn eta %63 Nafarroan; soldatak, berriz, %35 baino ez dira handitu EAEn tarte horretan, eta %32 Nafarroan.
%20,5Hego Euskal Herrian zenbat familia ez diren etxebizitza baten jabe. Bizikidetza unitateen %67,6 etxebizitza baten jabe dira, %11,9k etxebizitza bat baino gehiago dituzte, eta %0,8k hiru etxebizitza edo gehiago.
Alokairua ez ezik, hipotekak ere badira pobrezia areagotzeko erreminta, Leire Gallego ELAren Ekintza Sozialeko arduradunak esan duenez: «Bankuentzat negozio biribila da hipotekena, eta herritarren diru sarreren parte gero eta handiagoa hartzen du hipoteka ordaindu behar izateak». Hark emandako datuen arabera, ohiko hipoteka bat duenak 67.000 euro ingururen interesak ordaintzen dizkie bankuei, batez beste.
Gallegok nabarmendu du jabe handiak ugaritu egin direla, eta Euskal Herrian arazo hori beste leku batzuetan bezain gordina ez bada ere, gero eta gehiago direla hamar etxebizitza baino gehiago dituzten jabeak, edo tentsio handiko guneetako bost etxebizitza baino gehiago dituztenak.
ELAk uste du «aktibazioa eta mobilizazioa» direla «etxebizitza politika iraultzeko» giltzak, eta azaroaren 11ko greba orokorrean parte hartzeko deia egin die herritarrei. «Azken asteotan, mobilizazioek ekarri dute etxebizitzaren arazoa politikaren lehen lerrora», gogorarazi du Lakuntzak. «Azaroaren 11n greba egingo dugu, Euskal Herriko erakundeek orain arte egin ez dutena egin dezatela lortzeko. Aldaketa mobilizazioaren eta presio sozialaren bidez etorriko da».
ELA-REN PROPOSAMENAK
Alternatibarik gabeko etxegabetzeak debekatzea.
Espekulazioa debekatzea.
Banku publiko bat sortzea.
Alokairuen prezioak mugatzeko neurriak hartzea.
Alokairuko parke publikoa handitzea.
Etxebizitzaren arloko zergak aldatzea.
Etxebizitza esparru propiorantz jotzea, eskumen osoak lortuta.