Etxebizitzaren arloko jardun espekulatiboa debekatzeko eskatuko dute sindikatuek greban

Mobilizazioak antolatu dituzte azaroaren 11rako: 12:30ean Bilbon, Iruñean, Donostian eta Tuteran; 12:00etan Gasteizen eta Eibarren. Arratsaldean mobilizazio gehiago egingo dituzte, baina aurrerago emango dute horien berri.

 Gaurko agerraldia Iruñeko Burguen plazan. ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTA
Gaurko agerraldia Iruñeko Burguen plazan. ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTA
Naiara Santano
Iruñea
2026ko urriaren 22a
14:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxebizitza eskubidearen alde azaroaren 11n egingo den greba orokorraren harira batu dira Hego Euskal Herriko sindikatuak gaur Iruñeko Burguen plazan. Irudi ezohikoa eman dute, denak bat eta helburu argiak finkatuta: etxebizitzaren eskubidea bermatu, etxebizitzaren espekulazioaren aurka egin, eta erakundeak interpelatu. Zehazki, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea (EHESS) eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak batu dira plazan. ELAko Sonia Ontoriak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistako Ainhoa Mendiluzek azaldu dute zer aldarrikatzen duten: «Kalera atera eta erroko eraldaketak bultzatzeko garaia iritsi da».

Elkarrekin adostu duten testua eta aldarriak plazaratu dituzte, Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulaziorik ez! lelopean. Etxebizitzaren eskubidearen alde egiteaz gain, Hego Euskal Herriko «errealitatera egokitzen den gutxieneko soldata propioa» ere aldarrikatuko dute sindikatuek greba egunean. Gainera, mobilizazioak antolatu dituzte 12:30ean Bilbon, Iruñean, Donostian eta Tuteran (Nafarroa). Ordu erdi lehenago izango dira mobilizazioak Gasteizen eta Eibarren (Gipuzkoa), 12:00etan.

«Euskal langileriaren kezka nagusia» etxebizitza dela adierazi dute, «langileriaren pobretzearen arrazoi nagusietako bat» baita. Eta gogoratu dute horri gehitu behar zaiola langileek pairatzen duten «arrakala matxista eta arrazista». «Ildo horretan, etxebizitza edukitzeko eskubidea  bermatu beharko litzateke; publikoa izan beharko luke, osasungintza eta hezkuntza diren neurri berean», azaldu du Mendiluzek ahotsa goratuz.

Aldarrikapenekin jarraituz, «langileen pobretzearen aurka eta soldatak igotzearen alde» agertu dira sindikatuak, «denon eskubideak bermatuko dituzten kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalen defentsan». Horiek horrela, nabarmendu dute lan harremanetarako eta babes sozialerako esparruan «sakontzeko» garaia dela.

Kalitatezko etxebizitzaren alde agertu dira, eta, horretarako, hiru erroka nagusi planteatu dituzte: «Espekulatzaileen desjabetzea, jardun espekulatiboaren debekua, eta, azkenik, langileriaren beharren araberako etxebizitzen eta bitartekoen antolaketa». Erronka izateaz gain, baldintzak ere badira, errentismoa eta espekulazioa amaiarazteko «oinarrizko puntutzat» jo baitituzte. 

Kritikak eta itxaropenak

Langileen egunerokoa «arinago» egiteko beste bi neurri planteatu dituzte: «Etxegabetzeak bukatzea eta etxebizitzen prezioak jaistea». Gaur egun ez dago halakoei bide emango dien neurririk, sindikatuen esanetan. Izan ere, irmo azaldu dute Pedro Sanchezen gobernuak Espainian etxebizitzaren krisiaren ondorioak samurtzeko asmoz onartutako dekretua «eraginkortasun eskaseko adabaki bat» besterik ez dela; «alokairuetatik bizi direnak finantzatzen jarraitzen duen adabaki bat».

Sindikatuek adostu dituzten puntu bateratuetan, Confebask eta CEN patronalak interpelatu dituzte. Azpimarratu dute «prekaritatea betikotzen» dutenak direla; besteak beste, Hego Euskal Herriko «errealitatera egokitutako gutxieneko soldata» ezartzeari uko egiteagatik. Hain zuzen ere, sindikatuek adierazi dute 1.500 euroko gutxieneko soldata «langileek pairatzen duten pobretzeari» aurre egiteko «premiazko neurria» dela.

Zuzenean kritikatu dute PSOEk gidatutako gobernua, eta leporatu diote etxebizitzarekin negozioa egitea amaiarazteko «egiturazko neurririk» ez hartu izana legegintzaldian. Kritika, ordea, ez diote PSOEri bakarrik egin, hura babesten duten alderdi politikoekin ere zorrotz aritu baitira sindikatuak. Zehazki, UPN eta EAJ izan dituzte ahotan, eta alokairuko kontratu mugagabeen alde egiten zuen dekretua ez babestu izana deitoratu dute. Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua ere seinalatu dituzte: «Etxebizitzaren esparruan eskumen zabalak izan arren, negozioa indartzen duten politikak babesten jarraitu dute».

Agerraldian marra gorri bat jarri dute: «Alderdiek etxebizitzaren auzia norbere mesederako erabiltzea». Hortaz, etorkizuneko testuingurua edozein dela ere, «euskal langileria bateratu eta antolatua» eskubide eta askatasunak lortzeko giltzarria izango dela azpimarratu dute.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA