Sindikatuak motorrak berotzen ari dira martxoaren 17ko greba orokorrari begira. ELAk, esaterako, delegatuen batzarrak egin ditu Bilbon, Durangon, Basaurin, Getxon (Bizkaia), Donostian, Tolosan, Azpeitian, Bergaran, Irunen (Gipuzkoa), Burlatan (Nafarroa) eta Gasteizen, eta datozen egunetan Zallan (Bizkaia) eta Tuteran (Nafarroa) egingo dituzte. Gutxieneko soldata propioaren aldeko greba orokorra prestatzea da asmoa, eta deialdian plazaratuko den aldarrikapen nagusiari dagokionez, baikor dago sindikatua: haren iritziz, «irekitzen ari da» gutxieneko soldata propioa lortzeko bidea.
Azken egunotako mugimenduak aipatu ditu ELAk, baieztapen hori arrazoitzeko. Sindikatuek bilerak egin dituzte Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten alderdi guztiekin –PPrekin, Voxekin eta UPNrekin izan ezik–, eta, gutxieneko soldata propioaren aldarrikapenari bide emateko, Langileen Estatutua aldatzea proposatu diete. ELAk dioenez, inork ez du aldarrikapen horren kontrako jarrerarik agertu: «Hau da, bidea irekita dago, eta soilik behar da Sanchezen gobernua osatzeko gehiengoaren babesa izatea».
Halaber, gogora ekarri dute EH Bilduk eta Geroa Baik lege proposamen bat erregistratu dutela, Nafarroako Parlamentuak galdegin dezan Langileen Estatutua aldatzea. Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokienez, ELAk EAJri eta EH Bilduri eskatu die gutxieneko soldata propioa ezartzeko eskumena sar dezatela estatus berria hitzartzeko negoziazioetan.
Bilbon, laurehun kide inguruk batzarra egin dute Euskalduna jauregian, eta, amaitutakoan, manifestazioa egin dute handik Indautxu hoteleraino. Greban daude hoteleko logela garbitzaileak, eta 117 egun eman dituzte horretan. Hotusa taldeak zerbitzua kanpoko enpresa bati eman nahi diola salatzeko, eta, mobilizazioaren bidez, langileei elkartasuna adierazi nahi izan diete sindikatuko kideek.
Martxoaren 17ko greba orokorraren aldeko pankarta baten atzetik, Bilboko erdigunea zeharkatu dute ELAko kideek, «hemen lan egin, hemen erabaki», «hemen gaude langileen alde», «gora greba orokorra», «borroka da bide bakarra» eta antzeko oihuak egiten zituzten bitartean. Indautxu hotelera hurbildu ahala, logela garbitzaileen borrokaren aldeko leloak nagusitu zaizkie gainerakoei.
Manifestariek elkarretaratzea egin dute hotelaren aurrean, eta han, ELAren Negoziazio Kolektiboko arduradun Pello Igeregik lotura egin du hoteleko langileen borrokaren eta martxoaren 17ko grebaren artean: «Gela garbitzaileek dituzte lan baldintzarik makurrenak hotelean; martxoaren 17koa ere okerren dauden langileen aldeko greba da. Guztien eskubideak hobetzen ditugunean, baldintzak sortzen ditugu lan egoera guztiak hobetzeko».
Igeregik esan duenez, orotara 4.000 lagun inguru batu dira ELAren batzarretan grebari «bultzada» emateko: «Orain zailena geratzen da, hots, lantokietan batzarrak egitea, baina gure jendea gogotsu dago, eta uste dugu greba orokor handi bat egiteko moduan gaudela».
Aberastasuna banatu
LABek ere hizpide izan ditu greba orokorra eta gutxieneko soldata propioaren aldarrikapena, Martxoaren 3ko sarraskia oroitzeko egindako ekitaldian. 1.300 ordezkari bildu ditu LABek Gasteizko Europa jauregian, eta han, Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak gogora ekarri ditu duela 50 urteko grebaren erreibindikazioak: «Soldatak eta, oro har, lan baldintzak hobetzea zen xedea; denon artean sortutako aberastasuna denon artean banatzea. Eta horixe aldarrikatuko dugu martxoaren 17ko greba orokorrean».

Arroyok ere uste du «gauzak mugitzen» ari direla greba orokorrerako deialdia egin zutenetik: «Harresi bikoitza jarri nahi ziguten, baina pitzadurak eragiten ari gara». Haren iritziz, deialdiak sektore askotako borrokak hauspotu ditu, eta patronala «urduri» jarri du. Europa jauregian bildutakoei eskatu die grebari «azken bultzada» eman eta deialdia «lantokirik lantoki eta herririk herri» zabaltzeko.