Indautxu hoteleko logela garbitzaileen grebak ehun egun bete ditu

Hotusa taldea da hotelaren jabea, eta gelak garbitzeko zerbitzua kanpoko enpresa baten esku utzia du. Langileak greban daude, eta kexu dira zuzendaritzak ez duela negoziatzeko borondaterik; kontrara, aldi baterako erregulazioa ezartzeko asmoa du.

Indautxu hoteleko logela garbitzaileak Donostiako Amara Plaza hotelaren aurrean, gaur. GORKA RUBIO / FOKU
Indautxu hoteleko logela garbitzaileak Donostiako Amara Plaza hotelaren aurrean, gaur. GORKA RUBIO / FOKU
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko otsailaren 18a
16:52
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aste eta erdirako greba zenak hiru hilabete luze egin ditu. Ehun egun bete dituzte greban Bilboko Indautxu hoteleko logela garbitzaileek, baina zuzendaritza oraindik ez da eseri negoziazio mahaian. Hotusa taldeak hartu zuen urrian Indautxu hotela, baita Donostiako Amara Plaza hotela ere. Ordutik, kostuak murrizte aldera, gelak garbitzeko zerbitzua kanpoko enpresa baten esku utzi du, eta haserre dira hoteleko garbitzaileak.

Azaroaren 5ean hasi zuten greba Indautxuko langileek. Espero zuten lehen greba egunetan lortuko zutela zuzendaritzarekin akordio bat egitea. Baina egoera berean jarraitzen dute oraindik ere. Presioa egite aldera, Amara Plaza hotelaren aurrean elkartu dira gaur Indautxu hoteleko garbitzaileak, ELA sindikatuak deituta. Laurogei lagun inguru bildu dira, sindikatuko banderei eta pankartei eusten, eta oihuka: «Konpontzen ez bada, grebara! Negoziazioa da soluzioa!»

Zerbitzuak azpikontratatzearekin batera, hamalau langile kaleratu ditu enpresak, eta hori ere salatu dute. Bederatzi garbitzaile bota dituzte Indautxu hoteletik, eta bost Amara Plaza hoteletik. Horrez gain, atzo iragarri zion zuzendaritzak langile batzordeari Indautxun aldi baterako erregulazioa ezartzeko asmoa duela. 70 langileri eragingo lioke horrek.

«Zuzendaritzak ez du borondaterik negoziatzeko eta langileei baldintza justuak eskaintzeko»

BERTA JIMENEZ ELAko Bizkaiko ostalaritza arduraduna

Elkarretaratzean egon da Berta Jimenez ELAko Bizkaiko ostalaritza arduraduna, eta zuzendaritzaren jarrera salatu du: «Greba bitartean egin dituzte kaleratzeak, baina ez hori bakarrik. Atzo adierazi zigun zuzendaritzak aldi baterako erregulazioa egiteko asmoa duela, eta funtzionalitate arrazoiak argudiatu ditu horretarako. Noski, funtzionalitatean eragina izango du langileak ehun egunez greban egoteak, baina, aldi berean, zuzendaritzak ez du borondaterik negoziatzeko eta langileei baldintza justuak eskaintzeko».

ELAk uste du kateak ez duela negoziazioetan amore ematen badakielako enpresa handia dela —«duela gutxi aitortu zuen hotelen sektoreko enpresarik handiena zela Espainiako Estatuan»—, baina antolaketak ere laguntzen diola: «Inbertsio funtsen antzera funtzionatzen du; posible dute hotelak egin eta desegitea dirua egiten jarraitzeko».

Azpikontratatzea arazo

Garbitzaileak azpikontratatzea ere negozioari etekin handiagoa ateratzeko neurria dela salatu dute langileek. Horrela esplikatu du Jimenezek: «Azpikontratatzeak departamendu osoaren lan baldintzak prekarizatzen ditu. Orokorrean, azpikontratatutako enpresek garbitutako logela bakoitzeko fakturatzen dute, eta hortaz, azkarrago lan egitera behartzen dituzte langileak».

(ID_15809365) (Gorka Rubio/@FOKU) 2026-02-18, Donostia. ELA sindikatuak Hotusa hoteletako langileen egoera jakinarazi du
Emakume bat Indautxu hoteleko logela garbitzaileen egoera salatzen, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU

Greban jarraituko dute Indautxuko logela garbitzaileek. Izan ere, «onartu ezin diren marra gorri batzuk» proposatu ditu zuzendaritzak. Jimenezek azaldu du «laneko ratioen negoziazioetan» dagoela desadostasunik handiena, baita «kaleratzeen erregularizazioan» ere. Iritzi dio aldi baterako erregulazioa «estrategia bat» dela greba amaitzeko akordioaren inguruan hitz egitea saihesteko.

Bestetik, Jimenez salatu du Hotusa taldeak praktika antisindikalei ekin diela etengabe: grebalariei jazartzea eta langile batzordeari enpresaren ikuskaritza ukatzea, besteak beste. Gaineratu du gelak garbitzeko zerbitzua kanpoko enpresa baten esku uztea ere «neurri antisindikala» dela: «Garbitzaileak dira hoteleko departamendu jendetsuena, eta haiek azpikontratatzen badituzu, ez duzu komiterik hotelean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.