Euskal Herriko hiri eta udalerri handienetako erdiguneetan buelta bat ematea aski da jabetzeko sektorea inoiz baino indartsuago dagoela. Astean zehar bereziki, bazkalordua gerturatuz doanean, asko bulegotik atera eta plater prestatu bat erostera joaten dira, lantokian jan eta segituan beharrera itzultzeko. Gora egin du, adibidez, bertan jateko mahairik ez duten jatetxeen kopuruak, eta gero eta gehiago dira sarreran plater prestatuak dituzten supermerkatuak ere. Are gehiago, supermerkatuen barruan bazkaldu ahal izateko mahaiak dituztenak ere agertzen hasiak dira, erabiltzeko eskura dauden mikrouhin labeak eta guzti.
Horiek guztiek zerbait dute komun: behin bakarrik erabiltzeko edukiontziak behar dituztela. Izan ere, otordua leku batetik bestera mugitu beharra da premisa, eta horretarako edukiontziak behar dira. Baina ez edukiontziak bakarrik, askotan hor sartzen baitira paperezko eskuzapiak, plastikozko edo egurrezko mahai tresnak eta plastikozko edo paperezko poltsak. Eta, noski, horien erabilerak, etxetik tuper berrerabiliak eramatearen aldean, lehengaien kontsumo handiagoa eskatzen du.
%31Paketatzearen sektoreak zenbateko merkatu kuota duen plastikoen ekoizpenean. Behin bakarrik erabiltzeko plastikoak gero eta gehiago baliatzen dira, eta paketatzearen sektorea da jada munduan plastiko gehien darabilen sektorea: ekoizpen guztiaren %31 sektore horri dagokio.
Ohitura aldaketa hori, beraz, mundu mailan plastiko ekoizpena handitu izanaren arrazoietako bat da. 1950. hamarkadan plastikoen erabilera hedatzen hasi zenetik, etengabeko hazkundea izan du lehengai horren ekoizpenak, eta ikerketa guztiek diote hala jarraituko duela datozen hamarkadetan ere. OCDE Ekonomia Lankidetzarako eta Garapenerako Erakundearen arabera, 2022an 482 milioi tona plastiko ekoitzi zen munduan; 2000. urtean ekoitzitakoa halako bi. Eta paketatzearen sektoreak du, alde handiz, merkatu kuotarik handiena, sortzen diren plastikoen %31 sortzen baititu.
Zirkulartasunetik harago
Urtez urte gero eta handiagoa da ekoitzi, erabili eta bota egiten diren plastikoen ehunekoa, eta OCDEk uste du erabili eta botatzeko plastikoen zabalpenaren seinale dela hori. 2000. urtean, ekoizten zen plastikoaren %66,7 botatzen zen zakarretara, eta 2019. urtean, berriz, ekoiztutako plastikoen hiru laurden baino gehiago —%76,7— bota ziren zaborretara.
Plastikoen ekoizpenaren hazkundea hainbat arazo sortzen ari da ingurumenari dagokionez. Lehenik eta behin, karbono emisio asko isurtzen dituen industria bat da. Baina plastiko hondakinen kudeaketa txarrak sortzen du arazo gehien. Izan ere, plastikoaren ezaugarri onak direla eta —merkea, iraunkorra, moldagarria...—, haren erabilera asko zabaldu da industria gehienetan, elikadurarenean bereziki; baina sektore horretan kontsumitzen den ia plastiko guztia hondakin bihurtzen da. Bada, OCDEren datuen arabera, erabili eta botatako plastikoen %9 soilik bihurtzen da berriro erabiltzeko moduko plastiko. Hondakin gehienak —%46— zabortegietara bidaltzen dira, %17,7 erraustu egiten dira, eta %22,2 arautu gabeko kudeaketa zirkuitu irregularretara doaz.
%9Plastiko hondakinen zenbat bihurtzen den berriro plastiko erabilgarri. Urtez urte handitzen ari da plastikoen kontsumoa eta ekoizpena, baina hondakin horien kudeaketa oraindik zirkularitatetik urrun dago: zaborretara botatzen den plastikoaren %9 soilik bihurtzen da berriro erabiltzeko moduko plastiko.
Hori dela eta, Nazio Batuen Erakundeak bultzatuta, plastikoen kutsadura murrizteko nazioarteko itun lotesle bat adosten saiatzen ari dira herrialdeak, baina, blokeen arteko desadostasunak direla eta, ezerezean geratu dira negoziazioak. Petrolio eta plastiko ekoizle handienek birziklapenean ari dira jartzen arreta, eta beste herrialde batzuek uste dute ezinbestekoa dela ekoizpena eta kontsumoa murriztea.
Otordu prestatuen garraioari dagokionez, hiri eta udalerri handienetan kontzentratzen da askotan kontsumoa, langile asko joaten baita egunero toki horietara lanera. Eta, datuek erakusten dutenez, hirigune handienak dira udal hondakinak gutxien bereizten direnak. Eguzki talde ekologistak, udan, Gipuzkoako iazko datuak nabarmendu zituen: Donostia, Errenteria, Irun eta Eibarko hondakinak kudeatzen dituzten zabortegiak dira gaikako bilketa gutxien egiten dutenak, legeak eskatzen duen %55etik behera. 2024an, Arabako hamahiru udalerritan soilik gainditu zuen gaikako bilketak %50en langa, baina guztiak batera ez dira iristen 14.000 biztanlera.