Eraikin eta lokalen garbitzaileek "desberdintasunak erretzeko sua" piztu dute gaur, Donostiako Konstituzio plazan. Sektoreko beharginek —%80 emakumeak— gizon garbitzaileekiko %28ko soldata arrakala amaitzeko eskatu dute. Kale garbitzaileen artean gizonak dira %80 inguru, eta lan baldintza "askoz hobeak dituzte". Esparru pribatuan eta publikoan izan du eragina garbitzaileen lanuzteak, ELAko ordezkari Ana Alberdik esan duenez. Ohartarazi du mobilizatzen jarraituko dutela "patronalak negoziazioa blokeatzen jarraitzen duen bitartean". ELAk %54ko ordezkaritza dauka sektorean, eta gaurko greba deialdiak 5.000 behargini eragin die.
Grebalariak manifestazioan joan dira Donostiako Parte Zaharrean barna, eta, Konstituzio plazara iristean, su bat piztu dute gizon garbitzaileen aldean pairatzen duten tratu desberdintasuna "erretzeko". Alberdik azaldu du "oso atomizatua" dagoela sektorea, eta ez dela batere erraza bakartasunean jarduten duten langileak elkartu eta mobilizatzea. Hala ere, lanuzteak eragina izan du, esaterako, Ulman, Fagor Automationen, BMn, Zara Homen, Oyshon, La Caixan eta Laboral Kutxan. Esparru publikoan ere, beste hainbat aipatu ditu ELAko ordezkariak: Zumarraga, Eibar eta Soraluzeko udalak eta Oñatiko Unibertsitatea.
"Atariak garbitzen dituzten langile askok ere greba egin dute, eta halako beharginak mobilizatzea oso zaila da", esan du Alberdik. Sektore feminizatua da erabat garbiketa lanena, eta oso ohikoa da langileek kontratu bi eta hiru edukitzea lanaldi oso bat lortzeko. Kale garbitzaileen artean, aldiz, lanaldi osoko kontratuak dira gehienak, %80 hain zuzen. Eraikin eta lokalen lan hitzarmenaren negoziazioa geldirik dago Gipuzkoan, "hasteko, patronalak ez duelako soldata arrakala bera aitortu nahi ere". ELAko kideak azaldu du enpresek ez dietela jaramonik egin sindikatuen mahairatutako proposamenei.
Zer proposatzen ari den Espainiako Aspel patronala Gipuzkoako hitzarmena berritzeko martxan dagoen mahaian? «%7ko soldata igoera proposatu du lau urtean: 2019rako, %1,1; 2020rako, %1,5; 2021erako, %2; eta 2022rako, %2,5. Kontuan hartu behar da erosteko ahalmena nabarmen galdu dela sektorean azken urteetan: %10 inguru». Alberdiren kalkuluen arabera, KPIaren igoera ere ez da segurua aurten patronalak eskaini duenarekin, eta proposamen horrek hogei euroko isla baizik ez luke izango langileentzat.
Balizko hogei euroko igoera hori, ordea, lanaldi osoan aritzen direnentzat litzateke soilik, sektore feminizatu horrek beste zama garrantzitsu bat baitu: partzialtasuna. Alegia, eraikinetako garbitzaileen %80 kontratu partzial batez aritzen dira, eta Espainiako patronalak ezarri nahiko lukeen soldataren igoera hamar euro ingurukoa litzateke haientzat.
LABek ere protesta egin du
LAB sindikatuak ez du bat egin greba deialdiarekin, baina protesta bat egin du Bretxako merkatuaren alboan, Parte Zaharrean, eta, ekintza horretan, kale garbitzaile gizonezkoak ere egon dira. Haizea Solagurenbeaskoa sindikatu abertzalearen ordezkariak esan du 5.100 eurokoa dela gizon garbitzaileen eta emakume garbitzaileen arteko aldea urtero; "prekaritatea izugarria da, enplegu gehiena partziala delako". Solagurenbeaskoaren arabera, "luzea eta zaila" izango da sektoreak arrakalari aurre egiteko egin beharko duen borroka, eta "batasun sindikala" eskatu du egoerari aurre egiteko.
6.700 behargin aritzen dira Gipuzkoako sektorean, baina horietatik 1.500ek baino gehiagok enpresa itun bat dute, eta ELAk egindako greba deialdiak 5.000ri baino gehiagori eragin die. LAB, CCOO, UGT, ESK eta ELA bidaide izan dira lan hitzarmena berritzeko erreibindikazioan, baina greba deialdiaren urratsa ELAk baino ez du egin.